Osasun-kudeaketari latinoamerikarrak gaitzeko proiektu europarreko kideen argazkia Iruñeko NUPeko Osasun Zientzien Fakultatean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) Europar Batasunak finantzatzen duen proiektu batean parte hartzen ari da, zeinaren helburua baita Latinoamerikako unibertsitateetan osasun-etxeen kudeaketa profesionalizatuko duen curriculum bat garatzea, gai hau ez dagoelako erakunde hauen prestakuntza programetan. Ekimen honek 997.982 euro jasoko ditu 2018. urtera arte aurrekontu komunitarioetatik, eta proiektuan sei herrialdetako instituzioak (Argentina, El Salvador, Espainia, Frantzia, Italia eta Paraguay) daude sartuta.
Proiektu honen prestakuntza-programa "on-line" modalitatean garatzen da, eta osasun-kudeaketari buruzko erabakiak hartzen laguntzen duen simulatzaile bat dauka, plangintza egin, ebaluatu eta kontuak emateko aukera ematen duena errealitatean ezer egin baino lehenago. Osasun-etxeetako (ospitaleak, lehen arretarako eta arreta anbulatoriorako zentroak eta beste hainbat osasun-zerbitzuak) berrikuntza teknologikoa eskaintzen duen proiektu bat da, gaixoen arretaren kalitatea hobetuko duena.
Proiektuaren izena LASALUS da (Osasun zerbitzuen kudeaketa profesionalizatzea "on-line" prestakuntzaren eta simulazioaren bidez emaitzetara orientatua). Buenos Aireseko ISALUD Unibertsitatea (Argentina) da proiektuaren burua, eta laguntzaile moduan, NUPez gainera, beste zortzi erakunde ari dira: Buenos Aireseko Unibertsitatea (Argentina), El Salvadorreko Unibertsitate Ebanjeliozkoa (El Salvador), Renneseko Osasun Publikoari buruzko Goi Mailako Eskola (Frantzia), Paviako Unibertsitatea, Erromako "La Sapienza" Unibertsitatea, Paviako Bioingeniaritza eta Medikuntza-Informatikako Partzuergoa (Italia), eta Gran Asuncion Unibertsitatea eta Unibertsitatea Iberoamerikarra (Paraguay).
Proiektua 2015etik 2018ra garatuko da, Latinoamerikako eta Europako goi mailako hezkuntza erakundeen lankidetzarako berrikuntzan eta praktika onen trukerako Europar Batasunaren Erasmus+ programaren finantzazioari esker.
Topaketa Iruñean
NUPeko Iruñeko Osasun Zientzien Fakultateak hartuko du aste honetan proiektu honi buruzko bigarren bilera. Lehena Buenos Airesen egin zen, eta bertan proiektuan sartutako guztiek parte hartu zuten. Beren lan saioetan urruneko prestakuntzarako metodologia eta prestakuntza jardueraren diseinua bezalako gaiak jorratu zituzten.
NUPen partetik Osasun Zientzien Saileko irakasle hauek ari dira ekimen honetan: Esther Ezquerro Rodríguez, Blanca Marín Fernández, Leticia San Martín Rodríguez eta Nelia Soto Ruiz (arduraduna). NUPek proiektuan ematen duen laguntza praktika onak eta irakaskuntza eredu berriak trukatzeari buruzkoa} da.