Joan eduki nagusira

zoom NUPek argitaratzen duen "Huarte de San Juan. Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika" aldizkariaren azken alearen azala.

NUPek argitaratzen duen "Huarte de San Juan. Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika" aldizkariaren azken alearen azala.

Nafarroako hiru institututako DBHko (Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza) 4. mailako ikasleekin egindako azterketa baten ondorioa da motibazioa dela ingelesaren gaitasun-mailan gehien eragiten duen faktorea, norberaren ahaleginaren eta testuinguru sozioekonomikoaren aurretik. Motibazio hori areagotzeko baliabide didaktiko multimedia erabiltzea gomendatzen da. Hori da Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateak argitaratzen duen “Huarte de San Juan. Filologia eta Hizkuntzaren Didaktika” aldizkariaren azken aleko artikulu batek esaten duena. Aldizkaria doan ikus daiteke  Academica-e, Unibertsitatearen erakunde-biltegian. Ale honek hainbat artikulu eskaintzen die atzerriko hizkuntzen irakaskuntzari.

Aipatzen ari garen artikulua NUPeko Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktika Saileko irakasle Mª Camino Bueno Alastueyk eta erakunde honetako Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Prestakuntza Master Amaia Prieto Arratibelek idatzi dute. Bertan 15 eta 17 urte arteko 159 ikasleri egindako galdetegi baten emaitzak biltzen dira. Ikasleen hizkuntza profilak ezberdinak dira (euskara-gaztelania elebidunak eta gaztelaniazko elebakarrak), eta galdetegiaren bidez hiru faktorek (testuinguru sozio-ekonomikoa, norberaren ahalegina eta motibazioa) ingelesaren gaitasun-mailan daukaten eragina aztertu nahi da. Beren erantzunak ingelesean zeukaten notarekin erkatu ziren.

“Gure emaitzak ulertzeko kontuan hartu behar da film eta musika industria anglosaxoia, eta horiekin lotutako kultura oso erakargarria direla nerabeentzat, eta horrek ikaskuntza erakargarriagoa egiten duela —esan du artikuluaren egileetako batek,  Mª. Camino Buenok—. Hizkuntza bat ikastea ez da sinbolo-multzo bat ezagutzea, bakarrik, kulturara hurbiltzea ere bada. Eta gaur egun herrialde ingelesdunena toki guztietan dago, komunikabideetan, musikan, filmetan edo aldizkarietan. Horregatik, hedabide anglosaxioek erakusten duten bizimoduak ikasleak motibatzen ditu ikusten edo entzuten duten kulturaren hizkuntza ikasteko”.

Beren ondorioen arabera, "ingeles hizkuntzako gaitasuna hobetzen ahal da motibazioa handiagotuz, zeina oso lotuta baitago multimedia baliabideekin". "Musika ingelesez entzutea, filmak, telebista emanaldiak edo Youtubeko bideoak ingelesez ikusteak motibazioan eragiten du. Irakasleek, jarduera hauek osatzeko, ahozko eta idatzizko adierazpeneko jarduerak egiten ahal dituzte, ikasleei eskatuz gogoeta egin dezaten ikusi dutenari buruz edo eztabaidak proposatuz", adierazi du Mª. Camino Buenok.

Aldizkariaren edukia

Artikulu honetatik aparte, Filologiako eta Hizkuntzaren Didaktikako Saileko Patricio Hernández Pérez katedradunak zuzentzen duen aldizkariaren 15. aleak gailu mugikorren bidezko hizkuntza-irakaskuntzari buruzko edo aukerako ebaluazio-ereduei buruzko ekarpenak biltzen ditu. Ale honetan ukitzen diren beste gai batzuk hauek dira: ikasleek nola aprobetxatzen duten beren idazketa-ekoizpenen berrazterketa, komiki "on-line" baliabide didaktikoa den aldetik edo Jean Austen idazle britainiarraren obrak sortu duen herri-fenomenoa.

Ale honetan idatzi duten beste egile batzuk hauek dira: María Bobadilla Pérez, Lucía Fraga Viñas eta Noelia Mª. Galán Rodríguez (hirurak A coruñako Unibertsitatekoak), Juan Lucas Onieva López (Malagako Unibertsitatea), Gloria Luque Agulló eta Natividad Martos Vallejo (biak Jaengo Unibertsitatekoak), Elia Saneleuterio (Valentziako Unibertsitatea) eta Paolo Torresan (Veneziako Ca’ Foscari Unibertsitatea, Italia).