Joan eduki nagusira

zoom Atzerriko truke ikasleak NUPen.

Atzerriko truke ikasleak NUPen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP)  finantzazioa lortu du Europar Batasunetik (EB), 498.679 euro zehatz esateko, ikasleen, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen sarrera eta irteerako mugikortasun ekintzetarako, Erasmus+ programa komunitarioaren barruan. 130 laguntza daude, eta horiek erabiliko dira zazpi herrialdetako unibertsitate eta garapen lankidetzako proiektuen trukerako: Amerikako lau (Kanada, Estatu Batuak, Guatemala eta Bolivia), Afrikako bi (Senegal eta Mozanbike) eta Ekialdeko Europako bat (Moldavia).

Deialdi honetan 205 eskaera aurkeztu ziren, Espainia osoko unibertsitate eta goi mailako hezkuntza artistikoaren erakundeenak, NUP lehiatu zen lau kategorien barruan. Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak (SEPIE) 77 laguntza eman ditu. Zerbitzu hau Hezkuntza, Kultura eta Kirolaren Ministerioaren mende dagoen erakunde autonomoa da, eta bera da Espainian  Erasmus+ programa kudeatzen duena. Laguntza horietatik, zazpi (% 9) NUPi egokitu zaizkio.

Gainera, Campus Iberusek, zeinaren kide baita NUP, Errioxa, Lleida eta Zaragozako Unibertsitateekin batera, 19.440 euro lortu ditu zortzi mugikortasun-laguntza emateko Txinarekin.

Erasmus+ programaren xedea da gaitasunak eta enplegagarritasuna areagotzea, hezkuntzari, prestakuntzari, gazteei eta kirol sistemei laguntzeaz gainera, pertsonei lan merkaturako eta gaurko eta biharko gizarterako beharrezkoak diren gaitasunak emango dizkieten irakaskuntza eta ikaskuntza emateko. Tresna horren bidez hogeita zortzi estatu kideek Europako Agenda Politikoaren aplikazioa babestu nahi dute 2020ra arte. Agendaren xedea da enplegu mailak hobetzea, produktibitatea areagotzea eta gizarte kohesio handiagoa bat lortzea. Programak ia 15 bilioi euroko aurrekontua dauka zazpi urteko aldi baterako (2014-2020), eta aukerak ematen ditu atzerrian ikasi, prestatu, lan esperientzia edo boluntariotza-esperientziak edukitzeko.

Komunitarioak ez diren herrialdeekiko mugikortasuna

Erasmus+ programak hainbat eremu hartzen dituen bost ekintza ditu. Orain eman diren laguntzak 1. Ekintza Gako izenekoari dagozkio. Ekintza honen helburua da goi mailako ikaskuntzaren arrazoiengatiko mugikortasuna erraztea. Zehatz esanda, orain ebatzi den deialdiak aintzat hartzen du EBren eta herrialde elkartuen (Ekialdeko Europakoak diren herrialde ez komunitarioak, Afrikakoak, Amerikakoak, Asiakoak eta Ozeaniakoak) arteko mugikortasuna.

Horrela, NUPek, zeinaren Nazioartekotzeko Errektoreordetzak kudeatzen baitu Erasmus+ programa, laguntza ekonomiko hauek lortu ditu, ikasleak eta langileak ondoren aipatzen diren herrialdeekin trukatzeko: Kanada, 50.775 euro eta 14 beka; Estatu Batuak, 50.775 euro eta 14 beka; Senegal, 54.016 euro eta 18 beka; Mozanbike, 54.696 euro eta 18 beka; Bolivia, 60.486 euro eta 18 beka; Guatemala, 60.486 euro eta 18 beka; eta Moldavia, 167.441 euro eta 30 beka.