Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) ikasleen curriculum praktikak egiteko hitzarmenak egin izan ditu hainbat erakunderekin, eta ekitaldi bat egin zuen atzo, ekainaren 21ean, asteartean, haien lana eskertzeko. 800 erakunde baino gehiago dira, eta horien artean daude enpresak, ikastetxeak, sindikatuak, erakunde publikoak eta gobernuz kanpoko erakundeak.
Ekitaldian ehun bat lagun bildu ziren, eta Alfonso Carlosena errektorea izan zen denen buru. Harekin Unibertsitatearen sei fakultate eta eskoletako zuzendaritza taldeetako ordezkariak egon ziren, baita Iosune Pascual Azcárate Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren zuzendari-kudeatzailea eta Iñigo Aguas Ardaiz Ikasleen Kontseiluko kontseiluburua ere.
Kanpoko irakaskuntza praktikak unibertsitateko ikasleek egiten duten prestakuntza jardueretako bat dira. Jarduera hori Unibertsitateak ikuskatzen eta, beharrezkoa bada, ebaluatzen du. Bere helburua da ikasleek aplika eta osa ditzaten prestakuntza akademikoan lortu dituzten ezagutzak, jardun profesionala erraztuko dieten gaitasunak eskuratzeko eta enplegua lortzeko aukera emanez, eta bakoitzaren ekintzailetasuna sustatzeko.
Curriculum praktikak titulazio bakoitzeko ikasketa planeko prestakuntza jarduerak dira, eta jarduera horiek egiteko unibertsitateak hezkuntza-lankidetzako hitzarmenak izenpetu behar ditu erakunde laguntzaileekin. Esaterako, enpresekin, eta erakunde eta entitate publiko eta pribatuekin.
Erakundeen esker ona
Ezkerretik eskuinera: Iosune Pascual, Javier Cortajarena, Alfonso Carlosena, Silvia Arazuri eta Greys Carolina Portillo.
Atzo egin zen ekitaldiaren bidez, enpresa eta erakunde horiek ikasleen prestakuntzan egiten duten lana aitortu nahi izan du unibertsitateak. Praktika horien bidez ikasturte batean beren ezagutzak praktikara eramateko aukera dute ikasleek. Ekitaldian Alfonso Carlosenak hitz egin zuen, erakunde hauen lankidetza eskertzeko.
Gainera, Silvia Arazuri Garínek, Nekazaritzako Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariak (NIGMET) ere hitz egin zuen, Unibertsitateko ikastegien ordezkari; Nafarroako Aurrezki Kutxako eskualde-zuzendari Javier Cortajarena Goñik ere parte hartu zuen, erakundeen ordezkari, eta Greys Carolina Portillo Vélezek, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultateko egresatuak ere bai, ikasleak ordezkatzeko.