Joan eduki nagusira

zoom Miguel Rodríguez de Vera Mouliaá, NUPeko doktore berria.

Miguel Rodríguez de Vera Mouliaá, NUPeko doktore berria.

Bidezko Merkataritza 1960ko hamarkadaren amaieran eta 1970eko hamarkadaren hasieran sortutako mugimendu sozial bat da, "gizarte zibilaren bide gisa desoreka ekonomikoei aurre egiteko". “Aitorpen zabala duen merkataritzako eredu bideragarri” gisa egonkortuta dago, baina bere barne zatiketa eragin duen bi ikuspegi ditu: nagusi den erreformazalea, honelako estrategiak defendatzen dituena: produktu-salmenta ohiko bideetatik edo eskala handiko produkzioa; eta hausturaren aldekoa, gutxiengoan dagoena, zeinak baztertu egiten baititu estrategia horiek eta harago baitoa daukagun ekonomia eta merkataritza sistema “kanpotik”  ezeztatzeko eta ordezteko asmoarekin.

Hala jasotzen du Miguel Rodríguez de Vera Mouliaák (Lorca, Murtziako Eskualdea, 1984) Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatutako Soziologiako doktoretza tesiak. Bere ikerketak  bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du, eta Bidezko Merkataritzaren diziplina-anitzeko ikerketa bat da. Hainbat diziplinatako ekarpenak jasotzen ditu, tartean soziologia, historia eta ekonomia.

Doktore berriaren iritzian, oro har, Bidezko Merkataritza, hasierako letrak maiuskulan, "arau eta printzipio multzo bat da, irizpide etikoetan oinarritutako merkataritza-harreman bat garatzeko, hala nola justizia, zuzentasuna, errespetua edo lankidetza".  Horrek esan nahi du kontzeptu honek aipamena egiten diola errealitate espezifiko bati, gizarte eta merkataritza harremanen esparru zehatz bati, eta  "bidezko merkataritzak" (xehez) soilik "salerosian era bidezkoan aritzearen" ideiari egiten dio aipamena bere zentzu erromantikoan.

Egilearen arabera, Bidezko Merkataritza gizarte-mugimendu gisa sortu zen 1960.eko hamarkadaren amaieraren  eta 1970.eko hamarkadaren hasieraren artean, eta "posmodernitate hasi berriko giro soziokulturalaren eragin handia izan zuen".  “Horrek modernitatearen ondorioen berrikuspen kritiko bat eragin zuen hainbat arlotan, hala nola gizarte-desberdintasuna, kontsumismoa edo ingurumena hondatzea”, esan du.

Bidezko Merkataritzako lehen inportatzailearen (S.O.S. Wereldhandel, 1967an) sorrerak, azukre“solidarioaren” salmentaren hasierak Europan Herbeheretako taldeen bidez eta lehen dendaren irekierak 1969an bultzada eman zioten mugimenduari. Bere sorrera ipar-mendebaldeko Europarekin lotuta dago, batez ere, Herbeherekin, Celso Sánchez Capdequí (NUP) eta Óscar Mateos Martín (Ramón Llull Unibertsitatea, Bartzelona) irakasleek zuzendutako tesiak jasotzen duen bezala.

Hedapen handia nazioartean

"Nazioarteko Bidezko Merkataritzako mugimenduak hedapen handia izan du bere hastapenetatik, eta areagotu egin da 1980.eko hamarkadaren amaieratik, nazioarteko sare handiak eratzen hasten direnean —Europako Bidezko Merkataritzako Elkartea, EFTA, 1987an; eta Merkataritza Alternatiborako Nazioarteko Federazioa, IFAT, 1989an—, eta Max Havelaar produktuaren bermearen lehen zigilua agertzen denean 1988an. Bilakaera horri esker mugimendua behin betiko egonkortu da azken hamarkadetan gizarte eta erakunde mailan", esan du Miguel Rodríguez de Verak.

Gaur egun, Bidezko Merkataritzaren  produktuen bidezko fakturazioa milaka milioitakoa da maila globalean, eta bere salmenten urteko batez besteko hazkundea % 10etik gorakoa da azken bosturtekoetan, doktore berriaren arabera. "Mugimendu honek 2,5 milioitik gora langile eta ekoizle, 100.000tik gora boluntario, gutxienez ere 4.000 denda eta 500dik gora inportatzaile espezializatu biltzen ditu", erantsi du.

1990eko hamarkadatik aurrera, nazioarteko, estatuko eta tokiko hainbat organismo eta erakunderen babesa jaso du mugimenduak. "Horren ondorioz Bidezko Merkataritzaren aldeko hainbat lege, adierazpen, proposamen eta ebazpen egin dituzte hainbat erakundek, hala nola Europar Batasunak edo Diputatuen Kongresuak", esan du.

Nolanahi ere, "bi ikuspegi arras desberdin daude, eta Bidezko Merkataritzaren mugimenduaren barruan nortasun bikoitz bat sortzen dute". Alde batean Bidezko Merkataritzaren Estatuko Koordinakundeko erakundeak daude (CECJ), eta hauek "Bidezko Merkataritzako produktuen berme zigiluen erabileraren, ohiko merkataritzako enpresen, ohiko bideetatik egindako salmentaren, mugimenduan sail handiak sartzearen eta soldatapeko lanaren bidez eskala handiko enpresa-ekoizpenaren" aldekoak dira. Beste aldean Bidezko Merkataritzaren aldeko Gunea (EpCJ) osatzen duten taldeak daude, eta proposamen horiek arbuiatzen dituzte.

Lehenengo ikuspegia, erreformaren aldekoa, nagusi da, eta gaur egungo ekonomia eta merkataritza sistema "barnetik" berrikustea eta aldatzea defendatzen du. Aldiz, beste ikuspegia hausturaren aldekoa da, eta sistema "kanpotik" ezeztatu nahi dute. “Bidezko Merkataritza mugimendu bakar bat da, bere baitan bi ikusmolde desberdin biltzen dituena. Ikusmolde horiek erreferentzia diskurtsiboko bi guneren inguruan biltzen dira, eta azpian dagoen nortasun bikoitz bat eratzen dute", ondorioztatu du.

Curriculum laburra

Miguel Rodríguez de Vera Mouliaá Psikologian lizentziatu zen Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Psikologia Klinikoa espezialitatean, eta gero Soziologiako doktoretza egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Bere doktoretza-tesia egin bitartean, ikerketa-egonaldiak egin zituen Britainia Handiko bi zentrotan: Cardiffeko Unibertsitatea Galesen, eta Eskoziako Liburutegi Nazionala Edinburgon.