Joan eduki nagusira

zoom Ikasleen irudi bat, hautaprobak hasi aurretik Iruñeko Arrosadiko campuseko 09. ikasgelan.

Ikasleen irudi bat, hautaprobak hasi aurretik Iruñeko Arrosadiko campuseko 09. ikasgelan.

Guztira 2.909 ikasle nafarrek ekainaren 8tik, asteazkenetik, eta ekainaren 10era arte, ostirala, egingo dituzte Unibertsitatean Sartzeko Probak, Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Iruñeko (Arrosadia) eta Tuterako campusetan. Iaz baino 29 pertsona gehiago matrikulatu dira, aurreko urtean 2.880 ikasle matrikulatu baitziren. Matrikulatu diren ikasle guztietatik, 1.703 emakumeak dira (% 58,5) eta 1.206 gizonak (% 41,5). Bestalde, hizkuntza ereduari dagokionez, guztira 2.128 ikaslek egingo dute hautaproba gaztelaniaz, eta gainerako 781k euskaraz. Notak ekainaren 15eko 13:00etatik aurrera jakinaraziko dira, Unibertsitatearen web-orrialdearen bidez (www.unavarra.es) eta UPNA PAU telefono mugikorrentzako aplikazioaren bidez.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak egin du Unibertsitatean Sartzeko Probetarako deialdia, Nafarroako unibertsitate barrutiko ikasleen probez arduratzen den erakundea baita. Matrikulatutako ikasleak sei epaimahaitan banatu dira, eta horietatik bost Arrosadiko Campusean egongo dira, eta seigarrena, Tuterako Campusean. Iruñeko epaimahaietako lau Ikasgelategian egongo dira (horietako bat euskaraz), eta bestea Sario eraikinean. Proben orduak, ikastetxeen banaketa epaimahaika eta aurreko urteetako azterketak Unibertsitatearen (web-orrialdea) daude kontsultatzeko. Bigarren deialdia ekainaren 29 eta 30ean eta uztailaren 1ean egingo da.

Fase orokorra eta fase espezifikoa

zoom Ikasleak, hautaprobak egin baino lehen Iruñeko campusean.

Ikasleak, hautaprobak egin baino lehen Iruñeko campusean.

Unibertsitatean Sartzeko Probaren arautegiaren arabera, probek nahitaezko fase orokor bat eta borondatezko fase espezifiko bat dituzte, zeinak probaren lehen fasean lortutako kalifikazioa hobetzeko aukera eskaintzen baitie ikasleei, eta xedetzat baitauka jakintzak balioestea egin nahi den jakintza-adarreko unibertsitate-ikasketekin lotutako diziplina-esparruetan.

Ikasleek fase espezifikoan Batxilergoko bigarren mailako gehienez ere hiru modalitate-irakasgaitako azterketak egiteko aukera dute baina biren nota soilik hartuko da kontuan. Azterketa bakoitzean lortutako emaitza haztatuko da irakasgaiaren eta unibertsitateak eskainitako titulazio bakoitzaren artean dagoen loturaren arabera. Aldi berean, titulazio horiek bost jakintza-arlotan multzokatuta daude: Arteak eta Giza Zientziak, Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak, Osasun Zientziak, Ingeniaritza eta Arkitektura eta Zientziak.

Deialdi honetan, ikasle gehienek, 2.532, zehatz esanda, fase orokorrean eta espezifikoan eman dute izena; 191 ikaslek fase orokorra bakarrik egingo dute, eta beste 186 ikaslek  fase espezifikoa bakarrik.

Hautaproben egutegia

Probak gaur hasi dira, 9:30ean, Gaztelania eta Literaturaren azterketarekin, eta 11:45ean segitu dute, Espainiaren Historia/Filosofiaren Historiarekin. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Atzerriko Hizkuntzako azterketa egingo dute.

Bihar ekainaren 9an, ostegunean, proben gaiak hauek izango dira: Euskal Hizkuntza eta Literatura (8:30ean), Biologia, Greziera eta Musika Analisia II (10:45ean), Fisika eta Gizarte Zientzietan Aplikaturiko Matematika (13:00etan), Lurraren eta Ingurumenaren Zientziak eta Artearen Historia (16:30ean) eta Latina eta Marrazketa Teknikoa (18:45ean).

Probak ostiralean amaituko dira, ekainaren 10ean, azterketa hauekin: Matematika, Geografia eta Adierazpen Teknikak (8.30ean), Diseinua, Kimika eta Musikaren eta Dantzaren Historia (10:45ean), Elektroteknia, Enpresaren Ekonomia eta Ikus-entzunezko Kultura (13:00etan), eta Literatura Unibertsala, Industria Teknologia eta Marrazketa Artistikoa (16:30ean). 

zoom Urduritasun aurpegiak Tuteran azterketa hasi baino lehen.

Urduritasun aurpegiak Tuteran azterketa hasi baino lehen.

zoom Gaur hasi diren proben emaitzak (argazkia, Tuteran), datorren astean ezagutuko dira.

Gaur hasi diren proben emaitzak (argazkia, Tuteran), datorren astean ezagutuko dira.