Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) hizkuntza programa berri bat prestatu du, hiru urteko iraupena duena, eta haren bidez Ekonomiako Graduko ikasleek prestakuntza espezifikoa jasoko dute, ingeleseko C1 maila lortzeko. “English Learning Programme” (Ingelesa Ikasteko Programa) hurrengo ikasturtean hasiko da, eta Ekonomiako Graduko ikasketekin koordinatuta emango da.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak “English Learning Programme” izeneko programa hasiko du hurrengo ikasturtean Ekonomiako Graduan, titulazio horretako graduatuen lana, neurri handi batean, nazioarteko esparruan garatzen baita eta enpresek ekonomia, kultura eta hizkuntza mugak gaindituz lan egiten baitute, eta horrek funtsezko tresna bihurtzen du ingelesa.
Aipatu programa prestatuta dago Ekonomiako Graduko ikasleek beren graduko gaitasunak osatu eta haietan ezagupenak sakon ditzaten eta lan merkatuan bereiziko dituen ingeleseko maila bat lor dezaten.
Ingeles eskolak graduko orduetan
NUPeko Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko filologoek emango dituzten eta ikasturteko ordutegi ofizialean sartuta dauden ingeles eskolak emango dira programaren barruan. Amaitzean, C1 mailaren baliokidea den maila izango dute ikasleek. Horretaz gainera, lehen eta hirugarren ikasmailen amaieran, ikasleak prestakuntza espezifiko bat jasoko du, hizkuntzen ezagutza egiaztatzeko azterketa nagusiak gainditzera zuzenduta dagoena.
Zehazki, lehen ikasmailan, ikasleek 120 eskola-ordu izango dituzte, eta horri esker ingeleseko B2 maila lortuko dute, Cambridge-ko Unibertsitateko “First Certificate”-rako (edo baliokiderako) prestakuntza espezifikoa jasotzeaz gainera Bigarren ikasmailan, 120 eskola-orduren bidez, C1.1 maila lortuko dute, eta hirugarren ikasmailan C1.2 maila, beste 120 eskola-orduri eta “Cambridge Advanced” edo baliokidea lortzeko prestakuntza espezifikoari esker.
Programa hau egin nahi duten ikasleak Ekonomiako Graduan onartu behar dituzte eta ingeleseko B1 maila egiaztatu behar dute titulu ofizial baten bidez edo bestela maila-proba egin behar dute Unibertsitatean. Proba uztailaren 22tik aurrera egingo da, 09:00etatik 13:00etara, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian.
“English Learning Programme”ko eta Ekonomiako Graduko matrikula bereiz egingo dira. Aipatu hizkuntza-programaren ikasturtearen prezioa 417 euro da (baimendu gabe dago).
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunea.