Joan eduki nagusira

zoom NUPek prestakuntza-eskaintza elebiduna handiagotu du. Irudian, Arrosadiko campuseko Liburutegiko barne aldea.

NUPek prestakuntza-eskaintza elebiduna handiagotu du. Irudian, Arrosadiko campuseko Liburutegiko barne aldea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) martxan jarriko du hurrengo urtean Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza (EAZ) eta Zuzenbidea gradu bikoitzeko Nazioarteko Programa, ikasleek beren gaitasun linguistikoa garatu eta gai izan daitezen beren bizitza akademikoa eta profesionala atzerriko herrialdeetan gauzatzeko.  Ikasleek gutxienez irakaskuntzako 90 kreditu ingelesez egingo dituzte, eta laugarren ikasturteko seihileko bat atzerriko unibertsitate batean egingo dute, mugikortasun programa batean. Hamabost ikaspostu eskaintzen dira, eta horietako bat lortzeko ezinbestekoa da ingelesez B2 maila, gutxienez, egiaztatzea.

EAZ-Zuzenbidea gradu bikoitzeko Nazioarteko Programaren ikasketa plana EAZ Zuzenbidea graduko bikoitzekoa bezalakoa da. NUPek gaztelaniaz ematen ditu ikasketa hauek 1999-2000 ikasturtetik. Hamaika seihilekotan (bost ikasturte eta erdi) emandako 366 irakaskuntza kredituek Enpresen Zuzendaritzaren eta Zuzenbidearen arloko kualifikazio handiko profesionalak prestatzen dituzte. Gradu bikoitzeko ikasleek bi titulazioak bateratzeko diseinatutako programa berariazko bat egiten dute. EAZ eta Zuzenbidea gradu bikoitzerako aurreikusita dauden 40 ikaspostuetatik, 15 Nazioarteko Programarentzat gordetzen dira.

Ikasketak bukatzen dituztenean, graduatuek bi titulu lortzen dituzte: EAZ, enpresaren zuzendaritza eta kudeaketa lana egitera zuzendua, eta Zuzenbidea, eremu juridikoko jardueretara zuzendua (abokatutza, Justizia Administrazioko profesionalak, aholkularitzak, eta abar). Titulazio bikoitz honetako graduatuak eskatzen dituzte enpresa aholkularitzan, lan eta zerga aholkularitzetan eta Ogasun Publikoan.

Ingelesez eman beharreko 90 kredituen barnean, nazioarteko mugikortasuneko programaren bateko laugarren ikasmailan gainditzen direnez aparte, gradu amaierako lanen defentsakoak ere zenbatzen dira. Defentsa hauek ingelesez egingo dira, bai Zuzenbide graduari dagokiona, baia EAZ graduari dagokiona ere.

NUPeko ingelesezko proba

Nazioarteko programa hau egin nahi dutenek, ezin badute egiaztatu bere ingelesa maila dauden titulu edo ziurtagiri ofizial baten bidez, mailaketa proba bat egiten ahalko dute NUPeko Hizkuntzen Goi-mailako Ikastegian ekainaren 13an, astelehenean.

Nazioarteko Programa honetan onartua izateko beharrezkoa da sarrera berriko ikaslea izatea, eta ez da zilegi ikasketak edo unibertsitatea aldatzeagatik sartzea.

Onartuak izan nahi duten ikasleek gainerako gradu titulazioetan ezarri diren epe beretan egingo dituzte haien eskaerak: ekainaren 17tik 24ra bitartean (biak barne), "online" moduan, Unibertsitatearen web-orrialdearen  bidez.

Gradu eleaniztun gehiago

EAZ eta Zuzenbidea gradu bikoitzeko Nazioarteko Programa honekin, NUPek handiagotu egiten du gradu eleaniztunen eskaintza, EAZ graduko eta EAZ eta Ekonomia gradu bikoitzeko nazioarteko programei batzen zaielako.

Aldi berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu titulazioetako ikasleek aukera daukate hautatzeko zer hizkuntzatan egingo duten beren ikasketen parte bat, eskaintzen zaizkien hainbat irakasgai gaztelaniaz, euskaraz edo ingelesez egiten ahal dituztelako.

Ikasleen hizkuntza gaitasuna hobetzea da Nafarroako Unibertsitate Publikoak datozen urteetan bete nahi dituen helburuetako bat, Europako Unibertsitate Eremuak (EUE) ekarri dituen aldaketa kontzeptual eta metodologikoekin bat.