Joan eduki nagusira

zoom Sagrario Domínguez ingeniaria, NUPeko doktore berria

Sagrario Domínguez ingeniaria, NUPeko doktore berria

Sagrario Domínguez Fernández, Telekomunikazio Ingeniaria da eta lortu du silizioaren argi-xurgapena handiagotzea zelula fotovoltaikoetan grabatutako nanoegituren bidez. Honela, eguzki energia elektrizitate bihurtzen duten silizioz egindako gailu elektroniko hauetan lortzen den eraginkortasuna handiagotzen da, eta horixe da Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurri duen dokoretza tesian ondorioztatu duena. Tesiak bikian "cum laude" kalifikazioa lortu du.

"Siliziozko gainazal batera iristen den eguzki-argiaren % 30 baino gehiago islatu egiten da, eta beraz, ez da aprobetxatzen eraldatze fotoelektrikoan —azaldu du Sagrario Domínguezek—. Material baten gainazaleko nanoegiturek, argiaren uhin-luzerako lerruneko dimentsioak dituztenez gero, argiarekin interferentziak sortzen dituzte bereziki, eta islatzen den argi-kantitatea aldatzeko bidea ematen dute".

Bere doktoretza tesiaren hasieran, Sagrario Domínguezek egitura batzuk diseinatu eta hoberendu zituen eskala nanometrikoan, "silizioaren erreflektantzia (gorputz batek argia islatzeko duen propietatea) minimizatzen zuen bat aurkitzeko, eguzki zelulek funtzionatzen duten uhin-luzeren lerrunean". Fabrikazio prozesuaren barruan, laserren interferentziaren bidezko litografia deitzen dena erabili zuen. Teknika honen funtsa da laser erradiazio bat material fotosentikor baten gainean aplikatzea eskala nanometrikoko egiturak sortzeko. Zehatz esateko, silizio leunduaren obleak erabili zituen, zutabe zilindrikoen formak emanez, eta horrela lortu zuen elementu honen erreflektantzia % 77 jaistea.

Ondoren, Sagrario Domínguezek eguzki zelula komertzialetan erabiltzen diren silizio-substratuen nanoegiturak sortzeko fabrikazio prozesuak aldatu zituen. "Substratu hauek dauzkaten dimentsioak eta zimurtasuna direla-eta, 'a priori' ez dira egokiak laserren interferentziaren bidezko litografia prozesuetan erabiltzeko", esan du Javier Bravo Larrea eta Jesús Pérez Conde ikertzaileek zuzendu duten tesiaren egileak.

Zailtasunak gainditu eta gero, nanoegiturak eguzki zeluletan txertatu zituen, industria fotovoltaikoaren prozesu estandarrei jarraikiz. "Literaturaren arabera, nanoegitura periodikoak fabrikatzea lortzen den lehen aldia da, hau da, material baten gainazalean era konstantean errepikatzen direnak substratu-mota honetan; beraz, nanoegitura periodikoak dituen lehen eguzki-zelula lortu da" -esan du doktore berriak. Lortzen den eraginkortasuna % 15.56 da, eta hori oso balio ona da, literaturan biltzen diren beste batzuekin alderatuz gero".

Ikerketa MIT-en

Ondoren, lana bideratu zuen banda-zabalera handiagoko aplikazioetarako nanoegiturak fabrikatzera, sentsoreetarako, esaterako. Oinarriaren diametroarekin alderaturik, altuera handia zeukaten nanokonoak sortzea lortu zuen. "Egitura hauek, literaturaren arabera, banda-zabalera handiko islatzearen aurkako irtenbide onenak omen dira. Egitura hauek fabrikatzeko prozesua konplexua da, eta garatu ahal izan zen tesiaren lehen partean lortu ziren ezagutzei esker", argitu du Dominguezek. Lanaren parte hau Massachusetts Institute of Technology (MIT) institutuan egin zuen. Estatu Batuetako unibertsitate honetan bederatzi hilabeteko ikerketa-egonaldia egin zuen.

Nanokonoen egitura hauek "silizioaren erreflektantzia % 30etik % 4 edo % 0,2 balioetaraiano murrizten dute, uhin-luzeraren lerrunaren arabera. Hau da literaturan aurkitu den erreflektantziaren balio txikiena, nanoegitura periodikoen kasuan", amaitu du Dominguezek.

Curriculum laburra

Sagrario Domínguez Fernándezek NUPen lortu zuen  Telekomunikazio Ingeniaritza titulua (2009), eta Unibertsitate Masterra Komunikazioetan (2012).

2009an, Dominguez FideNa-n (Nanoteknologia Ikertu eta Garatzeko Fundazioa) sartu zen. Han doktoretza tesia egiten hasi zen, Industriarako Teknologien Zentro Diziplinanitzean (CEMITEC) amaitu zuena, bi erakundeak 2013n batu egin zirelako.

Tesian aurkezten diren emaitzetako asko  Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalarekin (CENER) lankidetzan lortu zituen, Nafarroako Gobernuak finantzatu zituen bi proiekturen barruan. Gainera, bere ikerketak oihartzun handiko lau zientzia aldizkaritan zabaldu dira (“Photonics and Nanoestructures — Fundamentals and Applications”, “Journal of Vacuum Science & Technology” eta “Nanotechnology”).