Nafar eskola-ikasleen erdiek ikusi dituzte “inoiz” ikaskideen abusuak ikastetxean, eta gertaera horiek berdin zaizkie mutilen % 32ri eta nesken % 15i. “Investigación sobre la delincuencia y el ‘bullying’ escolar en España: teoría, evolución y tendencias” liburuan jasotako datuetako batzuk dira hauek. Liburua batera idatzi dute Teodoro Hernández de Frutos irakasleak (Nafarroako Unibertsitate Publikoa) eta Mary Brigid O’Reilly (Nafarroako Unibertsitatea) irakasleak. Azken honek duela gutxi irakurri du bere doktoretza tesia NUPen Arazo hori eragozteko hainbat metodo ere jasotzen ditu lanak.
Valentziako Tirant Humanidades argitaletxeak argitaratu du liburu hau, eta bertan eskolako “bullying”-ari buruzko hainbat ikerketa jasotzen dira, 2000. urtean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle talde batek gorantz doan fenomeno hori aztertzeko azterketa bat proposatu zutenetik. Ikerketa hauek jada argitaratu eta zabaldu dira liburu, aldizkari eta udako ikastaroetan, eta nazioartean aipatu dituzte. Hainbat aldagaik jazarleetan (banakoak edo taldekoak) eta biktimetan (banakoak edo taldekoak) duten eragina aztertzen da liburuan. Hezkuntza-erakundeek aplika ditzaketen hainbat metodo ere aztertzen dira.
“Bullying”-aren edo eskola-jazarpenaren bereizgarriak dira “eraso edo larderia fisikoak, ahozkoak, edo psikologikoak, biktimari beldurra, mina edo kaltea eragitera zuzenduta daudenak; nagusikeria harreman asimetriko batean, indartsuenetik ahulenera; probokaziorik eza biktimaren aldetik; edo gorabehera bat baino gehiago neska-mutil edo gazteen artean denbora-tarte luze eta jarraitu batean”, Teodoro Hernández de Frutos NUPeko Soziologia Saileko irakasleak deskribatzen duenez. Arartekoaren arabera, jazarpenak zenbait maila ditu: tratu txar fisikoa, ahozko tratu txarra, harremanetakoa (norbaiti jaramonik ez egitea edo jardueretan parte hartzen ez uztea) eta mistoa (fisikoa eta ahozkoa).
Espainian, “bere bertsio arinean, nerabeen % 20ri eragiten dio eta bere bertsio larriagoan , % 3ri”, aipatzen du Hernándezek. Nafarroari dagokionez, liburuak jasotzen duenez, eskola jazarpenari buruzko ikerketek adierazten dute, ikusle gisa, eskola-ikasleen erdiek ikusi dituztela "inoiz" berdinen arteko arbuio eta abusu kasuak. Mutilen % 8,9 eta nesken % 13,8 "gaizki" sentitu dira "zer egin ez dakitela". Beste bati irri egitea, iraintzea, ezizenak jartzea edo fisikoki eraso egitea dira jazartzeko modu nagusiak, eta erasoen erdiak klase bereko ikasleek eta taldean egiten dituzte (batez ere, gizonezko ikasleek osatua).
Aurkako alderdian, Nafarroan, mutilen % 2,2k eta nesken % 1,4k indarkeria ekintzak egin ditu “lau aldiz baino gehiagotan”; eta mutilen % 3,8k eta nesken % 0,3k “ia egunero”. Mutilen % 13k eta nesken % 8,6k jarraitzera animatu dituzte, eta erdiek “ez zuten ezer egiten”. Ikasleak erasotzaile bihurtzeko emandako arrazoiak dira, gutxi-gorabehera % 25entzat, “probokatu egin zituztela” eta, beste hainbesterentzat, “broma bat egitea”.
Ezin da alderatu nagusien delinkuentziarekin
Egileentzat “jokabide oker horrek ez dauka nagusien artean delinkuentzia sortzen duten jokabideen antzeko ezaugarririk”. “Normalean, harreman-arazo bat da, sozializazio-arazo bat, kontrolik gabe agertzen dena”, esan du Hernández de Frutosek. Nerabezaroan gertatzen da, hain zuzen “ikasleek gehien balioesten dutena, beren kideekin daukaten harremana denean”.
Horrez gainera, “berdinekiko harremana eta onartua izatea funtsezko alderdiak dira gizakiaren garapen sozial, kognitibo eta emozionalerako”. “Nerabe bat arbuiatua baldin bada eta bere kideekin interakziorik ez baldin badauka, pertsona arteko harremanik eta berdinen taldeak ematen duen babesik ez du izango, eta etorkizunean gizarte egokitzapeneko arazoak izan ditzake”, Mary Brigid O’Reilly-ren arabera.
Lanak arazo honetan eragina duten hainbat faktore aztertzen ditu, hala nola familia (“seme-alaben bortxazko jokabidean eragina duten aldagaietako bat da estilo autoritarioa, norabiderik gabeko diziplina, afektuzko harremanetan arbuioa eta seme-alabekin inplikazio emozional txikia duten gurasoak”), ikastetxea (“eskola porrota da oldarkortasunaren zioa”) edo generoa eta adina (“mutilen artean indarkeria handiagoa dago nesken artean baino, eta indarkeria gorantz doa eta 14 urteen inguruan iristen da bere maila gorenera, eta adin horretatik aurrera pixkanaka beherantz doa”).
Jazarpenaren aurka borrokatzeko ereduak
Arazo honen aurka borrokatzeko esku-hartze ereduak jasotzen ditu lanak. Hala, Dan Olweus psikologoak Suedian proposatutakoa aipatzen da, zeinak hiru arlotan (eskola, ikasgela eta pertsonak) jarduten baitu eta nagusien parte-hartze handia eskatzen baitu. Bestalde, Sheffieldeko (Erresuma Batua) Unibertsitateak garatutakoak ikastetxean indarkeriaren aurkako politika global bat abian jartzea du oinarri, eta parte hartzera behartzen ditu denak (ikasleak, irakasleak, gurasoak eta erakunde ofizialak). Eredu honetan, berdinen arteko abusuei buruzko jokabide-kode baten sortzen da, gatazkan dauden ikasleekin zuzeneko lana egiten da eta jolas orduko ikuskatze baldintzak hobetzen dira.
Turkuko (Finlandia) Unibertsitateak Kiva (finlandieraz “primeran” esan nahi duen hitz-jokoa) eredua prestatu zuen 2007an. Ereduak arrakasta izan zuen Europako iparraldeko herrialdean, eta ezarri zenetik urtebete igaro eta gero, jazarpen kasuak % 79 gutxitu ziren. Hamar bat herrialdetara (Espainia barne) esportatu da, eta ikasle ikusle eta lekukoekin jarduten du, eta jarduera multzo zabal bat dauka bi esparrutan: prebentzioaren esparruan eta esku-hartzearen esparruan.
Azkenik, disuasio metodoak badaude, ikastetxeei une jakin batzuetan arazoa eragozteko aukera ematen dietenak, eta horien artean daude Anatole Pikas irakasleak 1989an Suedian garatutakoa; ez akusatzearena, West of Englandeko (Bristol, Erresuma Batua) Unibertsitatearena; edo kalitateko zirkuluena, hori ere Sheffieldeko Unibertsitatearena.