Joan eduki nagusira

zoom Euken Rodrigo Marín,  José Javier Astráin eta Raquel Bernedorekin.

Euken Rodrigo Marín, José Javier Astráin eta Raquel Bernedorekin.

Euken Rodrigo Marín Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Informatika Ingeniaritzako Graduko ikaslea da. Gradu amaierako lana egiteko aukeratu zuen gaia hau da: "errefuxiatuen krisia" izena eman zaion horretan, Nazioarteko Gurutze Gorria populazio migratzaileari ematen ari zaion osasun-arretari buruzko informazioa aztertu eta prozesatzeko irtenbide informatiko bat diseinatu eta garatzea.

Euken Rodrigok interes handia erakutsi zuen bere gradu amaierako lana benetan erabilgarria izateko, eta hori dela-eta José Javier Astráin Escola irakaslea harremanetan jarri zen Gurutze Gorriarekin, lankidetzan aritzeko eta eskura zegoen informazioa denbora errealean prozesatzeko eta aztertzeko irtenbideak bilatzeko, Business Intelligence-ko tresnak erabiliz. Horrela, Matematika eta Informatika Ingeniaritzako Sailak eta NUPeko Lengoaia eta Sistema Informatikoak arloak Espainiako Gurutze Gorriarekin eduki duten lankidetzak posible egin du aholkularitza teknikoa izatea une honetan Grezian dagoen populazioaren osasun-arreta monitorizatzeko sistema bat garatzea.

Gurutze Gorriak bazeukan sistema bat egindako medikuntza-arretak erregistratzeko eta kontsultatzeko, baina egoera oso aldakorra denez, ikusi zuen beharrezkoa dela on line sistemak izatea osasunari buruzko datu erantsiak monitorizatzeko eta emandako arreta kontrolatzeko, hobetzeko asmoz, eta gaixotasun infekziosoen agerraldia goiz atzemateko, ahalik eta azkarren esku hartzeko eta gaixotasunaren oihartzuna ahultzeko.

Proiektua egin duen bitartean, Greziaren eta Mazedoniaren arteko mugak itxi ziren, eta horrek ekarri zuen errefuxiatuak Grezian geratu behar izatea derrigor; eta horrekin, euren arreta-beharrak era esanguratsuan aldatu ziren. NUPeko taldea egoera berrira egokitu zen, eta zegoen sistemaren gaitasuna hobetu zuen, eskaini zuen diseinuak bidea ematen duelako une honetako egoera aztertzeko, eta are gaitasuna handiagotzeko ere krisi humanitario hau luzatzen bada.

zoom Tresnaren kontrol-panelaren irudia.

Tresnaren kontrol-panelaren irudia.

Proiektu honen prestaketan beste bi pertsona aritu dira: Raquel Bernedo Pardal, Espainiako Gurutze Gorriko berrikuntza delegatua, sortzen diren beharrak Greziatik bertatik jakinarazi dituena, han zegoelako lanean bigarren aldiz, eta Raúl Ecay Torres, NUPeko langilea eta Nazioarteko alorreko boluntarioa, lanean egon zena Grezian pasa diren abendu eta urtarrilean sistema martxan jartzeko eta Gurutze Gorriko taldearen eta Unibertsitatearen arteko lotura lanak egin dituena.

Sistema "adimenduna"

Gurutze Gorriak badauka monitorizazio sistema bat, zeinak lau arbel interaktibo baitauzka, software askeko plataformetan eginda. Horri esker kudeaketa eta ezarpen gastuak txikiagoak dira eta aldi berean beste eragiketa eta sektoreetan errepikatzen ahal dira.

Aginte koadro nagusiak Grezia osoan egindako jardueren gaineko ikuspegi orokor bat ematen du, baita dataren edo kokapen espezifikoen araberakoa ere. Beste alde batetik, informazioa ematen du generoaren eta adinaren arabera hor eta hemen egindako arreten gainean (bost urte baino gutxiago daukatenak gainerakoengandik bereiziz), baita emakume haurdunen gainean ere, hau delarik jarraipen berezia behar duen talde bat.

Informazioa ematen du, halaber, aukeratzen den lerrunaren barnean zein diren maizen agertzen diren bost diagnostikoak eta arreta-kopuru gehien behar duten bostak, eta informazio hori generoaren arabera banatuta ematen da. Osasun-arreta emateko tokien kokapena aurkitzeko eta hautatzeko aukera ematen duen mapa batek osatzen du koadroa, adierazle erantsi bat daukana emandako arretaren eraginkortasun-mailari buruz.

Aginte koadro honetatik hiru arbeletara sartzen da, zeinek erakusten baitute informazio zehatz eta interaktiboa adinaren eta generoaren araberako sakabanaketa handieneko jarraipen diagnostikoak aztertzeko. Informazioa hainbat formatutan erakusten da, eta jaisten ahal da tresna aurreratuagoekin lan egin ahal izateko.

Lankidetza oparoa Gurutze Gorriarekin

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Matematika eta Informatika Ingeniaritzako Sailak lehen ere lan egin izan du Gurutze Gorriarekin ikasketen amaierako proiektuen bidez edo gradu edo master amaierako lanen bidez.

Lan horien artean denbora errealean eta mugikorren bidez, San Ferminetako entzierroetan, SOS Navarrak, Gurutze Gorriak eta Nafarroako Ospitale Guneak erabiltzen duten anbulantzia-garraioa eskatzeko eta kudeatzeko sistema nabarmentzen da.

Sistema honek kudeaketa gaitasuna handiagotzen du, eta SOS Navarrak eta Nafarroako Ospitale Guneak zaurituari buruz daukaten informazioa hobetzen du, are entzierroko bidetik mugitu baino lehenagotik ere, eta gainera, hainbat zauritu badaude toki berean, zauritu bakoitza SOS Navarrak esleitu dion anbulantziarekin parekatzen du.