Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien katedrak epea ireki du, 2016-2017 ikasturtean, Gamesa-k, Ingeteam-ek, Cener-Ciemat Fundazioak eta Acciona Energía-k eskainitako master amaierako 33 lanetako bat egingo duten ikasleak aukeratzeko. Proiektuek diru kopuru bat dute gainera. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 3an amaitzen da.
Deialdi honen xedea da NUPeko ikasleak aukeratzea master amaierako lanak egiteko Unibertsitatean, Energia Berriztagarrien Katedraren jardun-esparruaren barnean. Deialdi honetako oinarrietan daude deialdiko lan bakoitza eskatzeko betekizun zehatzak.
Aukeratzen dituzten ikasleek enpresaren eta Unibertsitatearen tutore bana izango dute, baina eskaintzen dituzten 33 lanetatik 5 A tipologiakoak dira (tutore-prestatzailea Unibertsitatekoa izango da), eta beste 28 lanak B motakoak (tutore-prestatzailea enpresakoa izango da). Lehenengo kasuan, diru-kopurua 1.275 euro izango da unibertsitateko ikasle bakoitzarentzat, eta bigarren kasuan 3.005 euro.
Master amaierako lanen iraupena, oro har, hamar hilabetekoa izango da (2016ko irailetik 2017ko ekainera arte).
Balioespena, ikasketa-espedientearen eta hizkuntzaren arabera
Energia Berriztagarrien Katedrako Balioespen Batzordeak eskaerak balioetsiko ditu hauen arabera: ikasketa-espedientea (gehienez ere 90 puntu) ingelesezko ezagupenak (gehienez ere 5 puntu) eta izangaiaren curriculumaren egokitzapena master amaierako lanen gaietara (gehienez ere 35 puntu). Hautaketa prozesua gainditzeko, gutxienez ere 75 puntu atera behar dira.
Cener-Ciemat-ek master amaierako 21 lan egiteko aukera eskaintzen du; Gamesa Innovation and Technology-k, 6; Ingeteam Power Technology-k, 4; eta Acciona Energía-k, 2.
Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunea Energia Berriztagarrien Katedra atalean.
Unibertsitatearen eta Acciona Energía, Acciona Windpower, Gamesa, Ingeteam enpresen eta CENERen arteko lankidetza zientifiko-teknologikorako esparru-hitzarmen bati esker sortu zen Nafarroako Unibertsitate Publikoko Energia Berriztagarrien Katedra. Bere helburua da ikerketa eta irakaskuntza jarduerak batera egitea, hala nola master amaierako lanak edo doktoretza-tesiak.