Joan eduki nagusira

zoom Alain Simón Sotések NJANeko buruaren zorionak jaso zituen

Alain Simón Sotések NJANeko buruaren zorionak jaso zituen

Alain Simón Sotés Zuzenbideko Graduko 4. ikasmailako ikasleak irabazi du Berri Juridiko Laburrei buruzko IV. Clarín saria, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zientzia Juridikoen Fakultateak antolatzen duen lehiaketan. Epaimahaiaren erabakia astelehen honetan, maiatzak 23, ezagutarazi dute NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultatearen festa ospatzeko ekitaldi akademikoan. Halaber, Ana Olite Reyk, 2014-15 ikasturteko egresatuak, Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak eta Fakultateak ematen duten Lan Harremanak eta Giza Baliabideak Graduko amaierako lanik onenaren saria irabazi du. Beste alde batetik, EAZ eta Zuzenbide Graduko ikasle Amaia Valdés Lanasek irabazi du mikrokontakizun juridiko onenaren Kafka Saria.

Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreorde Eloísa Ramírez Vaquero izan da ekitaldiaren burua, eta harekin egon dira José Francisco Alenza, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoa, eta Beatriz Rodríguez Sáenz de Galdeano, Fakultateko idazkaria.

zoom Ezkerretik eskuinera:  Beatriz Rodríguez, Joaquín Galve, José Francisco Alenza eta Eloísa Ramírez

Ezkerretik eskuinera: Beatriz Rodríguez, Joaquín Galve, José Francisco Alenza eta Eloísa Ramírez

Zientzia Juridikoen Fakultatearen festa Ada Byron Aretoan egin da, Arteak eraikinean, eta irakasle eta ikasle askok parte hartu dute bertan. Ekitaldian, idazkariak irakurri du Zientzia Juridikoen Fakultatearen 2015-16 ikasturteko jardueren txostena, eta Joaquín Galve Saurasek, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko buruak, hitzaldi bat eman du, izenburu honekin: "Nafarroako justizia administrazioa Espainiako testuinguruan".

Alain Simón Sotések berri juridikoei buruzko Clarín  lehiaketaren lehen saria irabazi zuen lan honi esker: "Herri indigenen borroka ingurumena zaintzeko". Sariketaren epaimahaiak nabarmendu zuen gaiaren garrantzia juridikoa eta soziala, baita hizkuntzaren baliabideen erabilera egokia eta testuaren argitasuna eta egitura zuzena ere, berri baten idazketaren ereduaren araberakoa. Bigarren saria Kevin Guadalupe Rodríguez ikaslearentzat (Lan Harremanak eta Giza Baliabideak Graduko 4. ikasmailakoa) izan zen, "Jazarpen ez-zilegia edo stalking delakoa" lanarengatik. Hirugarren saria Luis Javier Vidán Peña ikaslearentzat izan zen (Abokatutzarako Sarrerako Masterreko 1. ikasmailakoa), "Kritikak onartzen dira" lanarengatik. Sarituek liburu juridiko batzuek osatutako sorta bana irabazi zuten.

Berri Juridiko Laburrei buruzko Clarín Sariaren helburua da ikasleek idatzitako testu juridikoen kalitatea sustatzea. Berri labur, original eta aurretik argitaratu gabea idatzi behar zuten ondorio juridikoak zituen egoera bati buruz. Esaterako, lege baten onespena, epai bat, gatazka juridiko bat edo egoera sozial bat.

Gradu Amaierako Lan hoberenari saria

zoom Talde argazkia, sariketa guztietako sari-irabazleekin. Ezkerrean, Amaia Valdés, mikrokontakizunen lehiaketaren irabazlea

Talde argazkia, sariketa guztietako sari-irabazleekin. Ezkerrean, Amaia Valdés, mikrokontakizunen lehiaketaren irabazlea

Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoak eta NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateak saria eman diote Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako Titulazioko Graduko Amaierako Lan hoberenari. Irabazlea Ana Olite Rey  izan da, izenburu honetako lanarengatik: "Eginkizun-istripua kontzeptua jurisprudentziaren arabera". Irabazlearen izenean, Mercedes Rey haren amak jaso zuen saria.

Sariaren epaimahaiak lan irabazlearen bertute hauek nabarmendu zituen: zorroztasuna iturri doktrinalak eta jurisprudentzialak tratatzean, gai nagusien analisi kritikoa eta ondorioak aurkezteko argitasuna. Francisco Javier Plágaro Nafarroako Gizarte Graduatuen Elkargoko burua arduratu zen saria emateaz.

Mikrokontakizun Juridikoen Kafka Saria

Zientzia Juridikoen Fakultatearen jaia zenez, mikrokontakizun juridikoen I. Kafka Sariaren emaitza ere jakinarazi zen. Lehen edizio honetan, zeinean 74 mikrokontakizun aurkeztu baitziren, epaimahaiak bost testu aukeratu zituen finalista izateko, eta horien artean Amaia Valdés Lanasen "Kolorearen beste aldea" lana gailendu zen. 200 euroko saria jaso zuen. Gainera, bigarren sari bat izan zen (100 eurokoa). Hau Luis Javier Vidán Peñarentzat izan zen, "Gertatzezko estradizioa" testuarengatik. Aipamen berezi bat ere izan zen, Zuzenbide Graduko 4. ikasmailako Marina Castro Bosquerentzat, "Preciosaren mamua" lanarengatik.

Sariketa honen helburua bikoitza zen: alde batetik, ikasleen sormen literarioa piztea, eta bestetik, edozein giza-jardueraren osagarri juridikoa erakustea, bai bere alderdi pertsonalean, baita alderdi sozialean ere. Sariak Franz Kafka idazleari zor dio izena. Kafkak, jakina denez, Zuzenbidea ikasi zuen eta jurista lanetan aritu zen aseguru konpainia batean, eta, aldi berean, bere bokazio literarioa garatu zuen literatura unibertsalaren lan eragingarrienetako batekin. Bereziki nabarmendu zen bere nobela eta kontakizun motzengatik.