Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoa (TIIGMET) ematen duen Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako Graduak, eta telekomunikazioko ingeniari tekniko aritzeko gaitzen duenak, EUR-ACE® Zigilua izena duen ingeniaritzetako Europako kalitate-zigilua lortu berri du. Zigilu honek nabarmendu egiten du ingeniaritza ematen duten eskola onenak zein diren. NUPek gisa horretako bere bigarren saria lortu du. Zigiluak Europako estandarren araberako kalitatea bermatzen du prestakuntza akademikoan, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza Graduak lortutakoa eta gero. Gradu hori Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren mendekoa da (NIGMET).
EUR-ACE® Zigiluak nazioarteko ospea dauka, eta balio du kalitate handiko Europako ingeniaritza programak identifikatzeko. Akreditazio agentzia baimendun eta independente batek ematen duen ziurtagiria da. Egun, Espainian ingeniaritzako zortzi graduk (NUPeko Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua barne) eta bost unibertsitateetako sei masterrek baino ez daukate aitorpen hori. Munduko 300 erakundek daukate aitorpen hori, eta Industria Teknologien Ingeniaritzako Gradurako ere eskatu da.
Telekomunikazio Ingeniaritzaren esparruan, soilik Madrilgo Carlos III Unibertsitateak dauka antzeko zigilu bat, baina telematikan eta komunikazio-sistemetan espezializatutako titulazioentzat. NUPeko graduak, ordea, ikasketak amaitzean, ondoko lau aipamen edo espezialitateetako bat lortzeko modua ematen du: telekomunikazio sistemak, telematika, ikus-entzunezko eta multimedia sistemak edo sistema elektronikoak.
Lanerako abantailak
EUR-ACE® Zigiluarekin abantailak lortzen dira lan munduan. Izan ere, ingeniaritza graduen eta horiek ematen dituzten unibertsitateen izenen aniztasuna nahasgarria suerta daiteke ingeniari lehiakorrak kontratatu nahi dituzten enpresentzat. Zigilu honi esker, enplegu-emaileek informazio argia eskuratzen dute, eta bereizten ahal dituzte mundu guztian aitortza daukaten eta nazioarteko kalitate-estandar batzuk betetzen dituzten tituluak. Hainbeste non EUR-ACE® Zigilua duten tituluetan graduatzen direnak EUR-ACE® graduatuak izena ematen ahal baitzaie.
Gainera, NUPeko tituludunek goi mailako prestakuntza jasotzen jarraitzeko aukera izango dute, EUR-ACE® Zigilua duten Europako masterrik onenetan sartzeko aukera izango dutelako, haietan sartzeko beharrezkoa baita zigilua duen beste gradu batetik etortzea.
Aldi berean, profesional hauek mugikortasun handiagoa edukiko dute Europar Batasunean, baita Batasunetik kanpo ere, beren kualifikazio profesionala aitortua baitago. Hain da horrela ezen Ingeniaritza Elkarte Nazionaletako Europako Federazioak EUR-ACE® Zigilua daukaten tituluak sartzen baititu bere direktorioan EUR ING (“European Engineer” edo Europako Ingeniaritza) izenaren pean.
EUR-ACE® Zigiluak ikusgarritasuna emango dio NUPeko Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritza graduari nazioartean, eta ikasleen, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen mugikortasunaren aldeko hitzarmen akademikoak erraztuko ditu.
Zigilu honekin, TIIGMETek aurrera segitzen du kalitatearen aldeko apustuarekin. Horri gehitzen zaizkio irakasgaien eskaintza ingelesez (Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako Nazioarteko Programa) eta euskaraz, praktikak enpresetan (nazio mailakoak eta nazioartekoak) eta nazioarteko mugikortasuna (Erasmus + edo ISEP bezalako truke-programen bidez).