Joan eduki nagusira

zoom Enrique Lizarraga ingeniari nafarra MIT fatxadaren aurrean, Estatu Batuetan

Enrique Lizarraga ingeniari nafarra MIT fatxadaren aurrean, Estatu Batuetan

Enrique Lizarraga García (Iruñea, Nafarroa, 1986) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Ingeniaritzako tituludunak Inngeniaritza Mekaniko eta Konputazioko doktoretza erdietsi du Cambridgeko (Estatu Batuak) Massachusetts-eko Teknologia Institutuan (Massachusetts Institute of Technology, MIT) hodietako fluxu bifasikoen (petrolio gordina eta gasa) simulazio konputazionalari buruzko tesi baten bidez. Unibertsitate honetan bertan, non master bat egin baitzuen 2010etik 2012ra bitartean, ikertzaile laguntzaile gisa lan egiten du orain. “La Caixa” Gizarte Obraren eta Caja Madrid Fundazioaren bekak lortu ditu lau urtez, graduondoko ikasketak ordaintzeko.

Enrique Lizarragaren doktoretza-tesiari esker hodietako fluxu bifasikoaren higidura aztertzeko erabiltzen den kalkulu metodoa hobetu da. “Bere azterketarako, esperimentuen mugarik gabeko metodo berri bat erabili da: hiru dimentsioko simulazioak, eta horretarako Estatu Batuetako Energia Departamentuak kudeatutako Oak Ridge-ko Laborategi Nazionaleko (ORNL) superordenagailua erabili da —esan du Enrique Lizarragak—. Lanean zenbakizko datu-base handia sortu da, eta orain arte aztertutako hodi baten fluxu eta inklinazio-angeluen propietateen maila zabalena estaltzen du. Ikerketa honek lau urteko iraupena izan du, eta Jacopo Buongiorno MITeko irakasle, ingeniari nuklear eta fisioko energia-sistemetan munduko espezialista handienetako batek zuzendu du.

Curriculum laburra

Azpilagañako (Iruñea) ikastetxe publikoan ikasi eta gero, Enrique Lizarragak Batxilergo titulua lortu zuen Ohorezko Matrikula kalifikazioarekin Zizur Nagusiko BHIn. 2004an Batxilergoko aparteko saria lortu zuen.

Gero, Industria Ingeniaritza (Mekanika espezialitatean) ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Ikasketa horiek 2009an bukatu zituen, bere promozioko espediente hoberenaren Ikasketa amaierako aparteko sariarekin eta irakaskuntza-errendimenduko bikaintasunaren Sari Nazionalarekin. 2008an ISEP USA beka bat eman zioten, bosgarren ikasmaila egiteko Kentuckyko Unibertsitatean, Lexingtonen (Estatu Batuak). Unibertsitate horretako “Dean's List” (nota altuak dituzten ikasleen zerrenda) izenekoan sartu zuten bi lauhilekoetan.

Ana Fernández Militino eta Lola Ugarte Martínez katedradunek zuzendu zuten NUPen egin zuen ikasketen amaierako proiektua. Satelite bidezko nabigazio orokorreko sistema diferentzialen neurketa akatsaren estatistika ereduak aztertu zituen proiektuan.   Nafarroako Gobernuarekin batera egindako lan bat zen, eta ohorezko kalifikazioa lortu zuen, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargoak emandako akzesitaz gainera.

2012an,  Master titulua lortu zuen MITeko Ingeniaritza Mekanikoko Sailean, eguzki-energia termikoa darabilten instalazioetarako energia termikoa gordetzeko sistemen azterketan oinarritutako lan batekin.

2009an, “La Caixa” Gizarte Obraren graduondoko beka bat lortu zuen MITen ikasteko bi ikasturte (2010etik 2012ra bitartean). Hurrengo bi urteetarako, Caja Madrid Fundazioaren beste beka bat lortu zuen.

Orain, Enrique Lizarraga MITeko ikertzaile laguntzailea da, non 2015ean irakasle laguntzailea ere izan baitzen. Horrez gainera, bekadun aritu da bi udatan Houstoneko (Texas, Estatu Batuak) Royal Dutch Shell eta Burlatako (Nafarroa) Faurecia Industrias enpresetan.