Joan eduki nagusira

zoom 2016ko Sormen Sariak iragartzen dituen kartelaren irudia.

2016ko Sormen Sariak iragartzen dituen kartelaren irudia.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) 2016ko Sormen Sarietarako deialdia egin du. Sariketa horren xedea da unibertsitate komunitateko jarduera artistiko eta kulturala hainbat eremu artistiko eta kulturaletan sustatzea eta hedatzea. Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzak sustatzen du lehiaketa, eta sei modalitate biltzen ditu: poesia eta narrazioa gaztelaniaz eta euskaraz, argazkigintza eta Campus Music. Lanak aurkezteko epea heldu den urriaren 21ean bukatzen da.

Sormen Sariak unibertsitateko komunitateko kideei irekita daude: 2016an, titulazio ofizialetan, titulu berekietan, Esperientziaren Gelan eta Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegian matrikulatuta dauden ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta adiskide eta ikasle ohien A3U programako kideak. Azken bost urteetako deialdiren batean sarituak izan direnak, ezin dira sarituak izan diren modalitate horretan edo horietan aurkeztu.

Sail bakoitzean 500 euro banatuko dira; 300 irabazlearentzat, eta 200 bigarren sailkatzen denarentzat, Campus Music sailean izan ezik. Kasu honetan, 700 eta 300 euroko sariak ezarri dira, hurrenez hurren, lehen eta bigarren sailkatzen diren taldeentzat.

Deialdiak

Poesia lehiaketan parte hartzen dutenentzako oinarrietan ezarrita dago parte-hartzaileek argitaratu gabeko lan jatorrizkoak aurkeztu behar dituztela, hiru poesia multzotan, bakoitza gutxienez hamalau bertsotakoa, eta gehienez berrogeita hamarrekoa. Narrazio lehiaketetan, lanek jatorrizkoak izan behar dute eta gehienez ere lau folio izango dituzte.

Argazki lehiaketaren gaia Iruñeko Arrosadia auzoa da. Irudiak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izango dira, kolorez edo, bestela, zuri-beltzez eta, gehienez ere, 30 x 40 cm-ko neurrikoak. Lehiakide bakoitzak hiru argazki aurkezteko aukera du, gehienez.

Azkenik, Campus Music sailean solistek eta taldeek parte hartu ahalko dute (aurkezpena egiteko unean, gutxienez kideetatik bat unibertsitate komunitateko kide izan behar da) eta emanaldia, jendearentzako ekitaldi irekian egingo da, azaroan edo abenduan, ikasgelategiko kafetegian (edo antzeko toki batean). Talde bakoitzaren emanaldia gutxienez ere 15 minutukoa eta gehienez ere 30 minutukoa izango da. Parte-hartzaile kopuruaren arabera, epaimahaiak beretzat gordetzen du lehiaketa aldian parte hartuko duten lehiakideen aldez aurreko hautaketa egiteko eskubidea, aurkezten dituzten grabazio edo maketetan oinarrituta. Talde irabazleak kontzertua eman beharko du 2016-2017 ikasturtean, Unibertsitateak erabakiko dituen egun-ordu eta tokian.

Sormen Sarietarako oinarriak Unibertsitateko webgunean daude kontsultatzeko. Lanak aurkezteko tokiak: Unibertsitateko Erregistro Orokorrak, Iruñeko eta Tuterako campusak, Kultura Jarduera Atalera zuzenduta, urriaren 21ean, ostiralean, 14:30 baino lehen.