Joan eduki nagusira

zoom Cristina Bayona eta Juan Gallego Unibertsitate Enpleguari buruzko IX. Topaketen aurkezpenean

Cristina Bayona eta Juan Gallego Unibertsitate Enpleguari buruzko IX. Topaketen aurkezpenean

40ren bat enpresak parte hartuko dute asteazken honetan, apirilaren 27an, NUPeko Unibertsitate Enpleguari buruzko IX. Topaketan. NUPeko Unibertsitate - Gizarte Fundazioak antolatzen du, eta Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan izango da, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 19:00etara. Helburua da ikasleen eta egresatuen enplegagarritasuna hobetzea, horretarako topagune bat eskainiz, non profesionalak behar dituzten erakundeen eta lana edo enpresetako praktikak bilatzen dituzten gazteen arteko harremana bideratuko baita.

Cristina Bayona Sáez Ikasleen gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeak eta Juan Gallego García Unibertsitate - Gizarte Fundazioko Enplegu Zerbitzuko arduradunak aurkeztu dute gaur goizean Unibertsitate Enpleguari buruzko IX. Topaketa.

Ekitaldi ofiziala 12:00etan izango da, Fernando Remacha aretoan, eta bertara joango dira Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideetako lehendakariorde Miguel Laparra Navarro, NUPeko errektore Alfonso Carlosena eta Unibertsitate - Gizarte Fundazioko zuzendari-kudeatzaile Iosune Pascual Azcárate.

Enpresetako praktikak eta lankidetza

Azken datuen arabera, Unibertsitate - Gizarte Fundazioak —bideratzen baitu Unibertsitatearekin enpresek, erakundeek eta pertsonek egiten duten lankidetza—, 2015ean kudeatu zituen 1.418 praktika 474 enpresa, antolamendu eta erakundeetan, eta azken hauetatik, 104 berriak ziren. Enpresek eta erakundeek 3.932.000 euro eman zituzten, praktiketako ikasleentzat izan zirenak.

zoom Lan orientabiderako lantegietako bat

Lan orientabiderako lantegietako bat

2014an tutoretzak egin zituztenen %78 2015ean praktikak egiten ari da, edo lanean.

540 ikaslek parte hartu zuten tituludunak prestatzeko programan, non, praktikaz aparte, gaitasun profesionalei buruzko orientazioa, ebaluazioa eta prestakuntza espezifikoa jasotzen baitituzte; horietatik, % 61ek zuzeneko lan-txertaketa lortu zuten. Enpresetako tutoreen % 98 asebeterik geratu ziren ikasleen praktikekin (945 ikasle).

 Lan-orientazio zuzeneko 1.500 ordu egin ziren, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren laguntzarekin, eta horietan 1.810 erabiltzailek banakako arreta jaso zuten (678 tutoretza luze).

2.006 erabiltzailek talde-ekintzetan hartu zuten parte, 100 lantegitan. Gainera, Unibertsitate - Gizarte Fundazioak nazio mailako lan-txertaketari buruzko azterketa garrantzizkoenetan parte hartu du; saioak egin ditu enplegu-emaileekin, ikasleekin eta abar; lan eskaintza asko zabaldu ditu eta 40tan baino gehiagotan arartekotza zuzena egin du.

Topaketa programa

Jardunaldian zehar enpresen aurkezpen laburrak ere egingo dira, eta horietan enpresetako giza baliabideen arduradunek azalduko dute zer nolako politikak erabiltzen dituzten langileak hautatzeko. Halaber, bi lantegi-programa prestatu dira, bat nazioarteko enpleguari buruzkoa eta bestea ekintzailetzari buruzkoa.

Zehatz esanda, atzerriko lan-aukerei buruzko saioak El Sario eraikineko 2. ikasgelan izango dira, ordutegi honekin: 11:15etik 12:00etara, Sonia Elorzek, Nafarroako Enplegu Zerbitzukoak eta EURESeko kontseilariak hitzaldi hau emango du: "EURES, aurkitu zure lana Europan"; 12:30etik 13:15era Vicente Leozek, Europa Batzordeko goi mailako funtzionarioak (DG Grow - Barne Merkatu, Industria, Ekintzailetza eta Pymeseko zuzendaria) hitzaldi hau emango du: "Europako funtzio publikoa lanbidea den aldetik: edukia eta sartzeko baldintzak"; eta 13:15etik 14:00etara Miguel Ángel Gonzálezek, Eskola Diplomatikoko zuzendari atxikiak honetaz hitz egingo du: "Sarrera karrera diplomatikora. Diplomatiko baten itxaropen pertsonalak eta profesionalak".

Arratsaldean bi ekintzailetza lantegi izango dira. 15:00etatik 15:45era Lucía Nietok (LUCE – Enpresak Sortzeko Unibertsitate Laborategia) hitzaldi hau emango du: "Etorkizuneko joerak ekintzailetzan"; eta 16:00etatik 16:45era Alfredo Chorrautek (ANEL – Nafarroako Aholkularitza Enpresen Elkartea) beste hitzaldi hau emango du: "Ekintzailetza gizarte ekonomian".

Arratsaldean enpresen aurkezpenak egingo dira, baita ere, eta feria 19:00ak arte iraungo du, eta ordu horretan erakustokiak itxiko dira.

Online espazioa eta hitzaldi magistrala

Topaketa honetako berrikuntzetako bat da jardunaldi presentzialaren ondoren feria birtual bat izango dela, apirilaren 28tik maiatzaren 11ra arte iraungo duena. Honela, antolatzaileek lortu nahi dute unibertsitateko ikasleek lan-aukerak izatea hainbat arrazoi dela medio feria presentzialean egon ez diren edo tokirik eduki ez duten zenbait erakundetan.

Espazio birtual honetan arlo askotako multinazionalak, Nafarroako PYMES eta mikropymes, Gobernutik Kanpoko Erakundeak, minusbaliotasunaren arloko erakundeak, StarUPs eta abar egongo dira.

Jarduera hauei guztiei amaiera emaetko, Unibertsitate - Gizarte Fundazioak, maiatzaren 4an, hitzaldi bat programatu du. Alfonso Alcántarak (@yoriento) emango du hitzaldia. Alcantara aholkularia da, enpresa eta enplegu 2.0, produktibitatea eta ospea online erakunde, zuzendaritza taldeko, profesional eta ekintzaileentzako hizlaria.