"Nola deskubritu zuten planeta biribil batean bizi garela?" Hori da "Zientzia tabernan" saileko bideo berriaren izenburua, izen bereko web-orrialdean argitaratu berri dena. Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) jarri du abian ekimen hau, Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) - Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du, eta xede nagusia da eduki zientifiko eta teknologikoak jende guztiarentzat zabaltzea hizkera errazean eta ulergarrian. 2014tik gaur arte zabaldu diren 17 bideoek 152.500 bisita baino gehiago eduki dituzte.
Ziklo honetako ikus-entzunezko pieza laburren elkargunea da denak taberna batean gertatzen direla. Joaquín Sevilla Moróder, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakaslea eta Javier Armentia Fructuoso, Iruñeko Planetarioko zuzendaria, dira protagonistak. Taberna bati dagozkion elementuak erabiltzen dituzte beren esperimentuetarako, esaterako katiluak, platerak, kopak edo kafeontziak, eta hori dela-eta, beren esperimentu horiei "esperimentu tabernarioak" esaten diete. Horrela, hainbat arazo zientifikoren arrazoia aurkitzen dugu: materia iluna zer den, arratsak zergatik diren gorrixkak, zenbat denbora behar den patata bat egosteko, edo zergatik ematen duen Iruñeko Udal plazak hain handia txupinazo egunean. Gehien ikusi den lana "Zergatik lurruntzen zaizkit betaurrekoak?" izan da, kondentsazioaren fenomenoa azaltzen baita bertan. 29.100 bisita baino gehiago eduki ditu.
Baita behialako greziarrak ere
Saileko bideo berriaren izenburua "Nola deskubritu zuten planeta biribil batean bizi garela?" da. Honetan, Armentia eta Sevilla antzinako greziarren garaietaraino joan dira; izan ere, 200 urte Kristo baino lehen, Eratóstenesek suposatu zuen Lurra biribila dela itzalak neurtuz, itzalak aldatzen direlako latitudearen arabera. Hori azaltzeko, bi zabaltzaileek laranja bat erabiltzen dute, beste elementu batzuen artean.
Bideoak ikusten ahal dira www.cienciaenelbar.com web-orrialdean, eta http://www.youtube.com/user/cienciaenelbar Youtube kanalean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateak (UCC) bultzatzen du proiektua, eta Iruñeko Planetarioak eta ID punto cero tabernak laguntzen dute. Abiapuntutzat hartzen du Zientziaren Lagunen Klubak 2013an martxan jarri zituen "Zientziaren ostegunak" (gaur egun "Zientzia tabernan"), gai zientifikoak lasai eta lagunarteko giroan jende guztiarengana hurbiltzeko xedez sortu zen ekimena.