Joan eduki nagusira

zoom Fabienne Sallaberry ingeniaria, NUPeko doktore berria

Fabienne Sallaberry ingeniaria, NUPeko doktore berria

Fabienne Sallaberry Poitierseko (Frantzia) ingeniariak kalkulatu ditu eguzki hargailu termikoek, eguzkiaren energia bero erabilgarri bihurtzen duten gailuek dituzten galerak, beren osagaietako batek zuzeneko eguzki erradiaziorantz behar bezala fokatzen ez duenean. Ikertzaile honek proposatzen du, halaber, berriz azter daitezela Espainiako arauetan (AENOR) eta nazioarteko arauetan (ISO eta IEC) jasotako zenbait atal, hobeki zehaztu dadin aparatu horien errendimendu globala, bere doktoretza tesiaren arabera. Tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu du, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Eguzki energia termikoari buruzko doktoretza tesi bat da, eta eguzki energia bero erabilgarri bihurtzeko prozesuak aztertzen ditu. “Gaur egun badakigu, energia mota horrekin, energia termikoaren egungo eta etorkizuneko mundu mailako eskarien zati handi bat hornitu daitekeela, bai industrian, bai etxeetan —esan du Fabienne Sallaberryk—. Horren erakusgarri da, bereziki azken hamarkadan, gero eta interes handiagoa pizten dutela eguzki hargailuen diseinu berriek, beroaren gero eta eskari handiagoak asetzeko”.

Doktore berriaren arabera, eguzki hargailu termiko bat honako hau da: “kaxa bat, jariakinen joan-etorrirako beharrezkoak diren hainbat osagai dituena, eta berotegi-efektuaren bidez berotzen dena”. “Funtzionamendu tenperatura ugaritarako, eguzki hargailu termikoek kontzentrazio optikoko sistemak erabil ditzakete, ispilu paraboliko gisa, bere errendimendua optimizatzeko —esan du Fabienne Sallaberryk. José Luis Torres Escribanok (NUPeko katedraduna) eta Ramón Pujol Nadalek (Balear Uharteetako Unibertsitateko irakaslea) zuzendu dute bere tesia—. Nolanahi ere, kontzentrazio optikoa erradiazio zuzenean oinarritzen denez, zeina zuzenean eguzkitik baitator atmosferak barreiatu gabe, gailu mekaniko edo eguzki jarraigailu bat erabili behar da, hargailuari eguzkiaren norabide jarraitzea ahalbidetuko diona, hargailuak jasotako eguzkia erradiazioaren kantitatea maximizatzeko”.

Galera optikoak

Errendimendu optimo bat lortzeko helburuarekin, “jarraipen sistema egokia aukeratu behar da”. “Bestela —gehitu du Fabienne Sallaberryk—, hargailuak galera optiko handiak izango lituzke, eguzki erradiazioaren fokatze desegokiarengatik, tresnaren osagaien kalitatea eta beren fabrikazio prozesua gorabehera”.

Arrazoi hori dela-eta, eguzki jarraigailuen akatsen kalkuluan jarri du arreta tesiaren egileak.  Horretarako, hasiera batean saiakuntza propio batzuk egin zituen gailu mekaniko hauek balioesteko. Gero, ordenagailuaren bidezko simulazio teknikez eta behaketa esperimentalez baliatu zen kontzentrazio optikoko hainbat eguzki hargailuren ezaugarriak zehazteko. “Zehaztu nahi dugu beren errendimendua zein kantitatetan den beren eguzki jarraigailuen araberakoa —esan du—. Aipatzekoa da adostasun maila handia zegoela simulazio programak emandako emaitza teorikoen eta esperimentalek emandako emaitzen artean".

Hirugarren fase batean, jarraipen sistema dela-eta, epe luzean, gertatzen diren galderak kalkulatu zituen. “Gehieneko jarraipen-akatsaren eragina errendimendu optikoan hainbat hargailu eta jarraipen sistematarako ezarri da.”, esan du doktore berriak.

Azkenik, tesi honek aipatzen ditu nazioarteko arauetan (bereziki ISO 9806:2013 araua, eguzki hargailu termikoak egiaztatu eta beraiekin saiakuntzak egiteko) jasotako atalak, eguzki jarraipenak hargailuen errendimendu globalean duen eragina zehazteko aztertu behar direnak. Alde horretatik, eguzki hargailu termikoetarako jarraigailuen saiakuntza normalizatuen etorkizuneko prozedura batean sartu beharko liratekeen hobekuntzak proposatu ditu Fabienne Sallaberryk.

Curriculum laburra

Fabienne Sallaberryk 2003an lortu zuen Ingeniaritzako titulua Saint-Étienneko (Frantzia) Jean Monnet Unibertsitateko Télécom Ingeniarien Goi Mailako Eskolan eta Andaluziako Nazioarteko Unibertsitateko (UNIA) Eguzki Sistema Fotovoltaikoen Teknologiako Masterra egin zuen 2011n.

Bere ibilbide profesionalari hasiera eman zioten Hamiltongo (Ontario, Kanada) Unibertsitateko Brockhouse Institutuan 2003an eta Zaragozako Unibertsitateko Fisika Fakultatean hurrengo urtean egindako praktikak batzuek. 2005az geroztik, Sarrigurengo (Nafarroa) Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalean (CENER)  lan egiten du, Eguzki Energia Termikoko Sailaren osagai termikoen saiakuntza laborategian.

Bere ibilbide profesionalean, tesi honen prestakuntza barne, zortzi artikulu argitaratu ditu zientzia aldizkarietan eta hogeitik gora ekarpen egin ditu biltzarretarako.