Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), gaur, apirilaren 19an, asteartean, 101 doktore berri inbestitzeko ekitaldia egin da. Doktore berriek lortu dute doktoretza 2014ko ekainaren 1etik 2015eko abenduaren 31ra bitartean. Ekitaldia Arrosadiko campuseko Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan egin da, eta Alfonso Carlosena errektorea izan da ekitaldiko burua. José Carlos Gómez Sal, Kantabriako Unibertsitateko aurreko errektorea eta Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna izan da promozioaren aitabitxia. Ekitaldian 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetako zazpi doktoretzako aparteko sariak eman dira.
Ekitaldira 450 gonbidatu inguru joan dira, eta han egon dira errektoretza taldekoak, hamarka irakasle eta hainbat erakundetako agintariak. Horrela, hauek denak bertaratu dira, beste batzuen artean: Uxue Barkos Berruezo, Nafarroako Gobernuko lehendakaria; Ainhoa Aznárez Igarza, Nafarroako parlamentuko lehendakaria; Carmen Alba Orduna, Gobernuaren ordezkaria Nafarroan; Joseba Asiron Sáez, Iruñeko alkatea; José Luis Mendoza Peña, Hezkuntza kontseilaria; Joaquín Galve Sauras, Nafarroako Auzitegi Nagusiko burua, eta José Antonio Sánchez Sánchez-Villares, Nafarroako Goi Fiskaltzako fiskala. Horietaz aparte, hainbat foru parlamentari eta Iruñeko ziengotzi ere egon dira.
Beste hainbat unibertsitateren ordezkari moduan, hauek egon dira: Iciar Astiasarán Anchía, Nafarroako Unibertsitateko ikerketa errektoreordea; Gabriela Chotro Lerda, Euskal Herriko Unibertsitateko Master eta Doktoretza Eskolako zuzendaria; eta Carmen Jusué Simonena, Iruñeko UHUNeko zuzendaria.
NUPeko bertako hainbat pertsonalitate ere joan da ekitaldira, esaterako Julio Lafuente López eta Antonio Pérez Prados, biak lehen errektore izandakoak, zuzendaritza taldea, Gizarte Kontseiluko eta Ikasleen Kontseiluko ordezkariak, ikastegietako arduradunak eta saileko, katedretako eta arloetako zuzendariak.
NUPen irakurritako tesiak
Ekitaldi akademikoari hasiera emateko, Alfonso Carlosena errektoreak agur-hitz batzuk esan ditu, eta José Miguel Múgica Grijalba Nafarroako Doktoretza Eskolako (NADOE) zuzendariak ere parte hartu du, NUPeko dokoretza ikasketen deskribapen bat eginez. 2015-2016 ikasturte honetan 444 ikasle daude matrikulatuta. Horietatik, 254 ikasle iraungiko diren doktoretza-programak egiten ari dira, eta horregatik beren doktoretza tesiak 2017ko irailaren 30a baino lehen irakurri behar dituzte; eta beste 190 ikasle Unibertsitateak, 99/2011 Erregre Dekretua atera eta gero 2013-2014 ikasturtean martxan jarri zituen hamabi doktoretza programetan daude (bost berekiak eta beste zazpi unibertsitateen artekoak).
“Azken hiru urteetan, ikusi dugu lehenagoko urteetan baina tesi gehiago irakurtzen direla”, esan du Múgicak. 2011n 48 tesi defenditu ziren; 2012an, 42; 2013an, 51; 2014an 51, eta 2015ean, 67.
“Aipatu behar da 2015eko gehikuntza gertatu dela, neurri batean, iraungitzeko zeuden planetako doktoregaiek defenditu behar zituztelako beren tesiak 2016ko otsaila baino lehen —adierazi du—. Hala ere, Espainiako unibertsitate gehienetan ez bezala, honek ez du ekarri irakurri diren tesien kopurua izugarri handitzea. Honen arrazoia da gure Unibertsitatean plan zaharretako doktoregai ia guztiak 2007ko planetan sartu zirela, eta haien iraungitze data 2017ko irailaren 30a da".
Múgicak aurreratu du Campus Iberusek, zeinaren kidea baita NUP, urrian abian jarriko duela Ondarea, Gizarteak eta Muga-guneak izeneko doktoretza-programa, unibertsitateen artekoa. Gainera, Frantziako Pabeko eta Tolosako unibertsitateek ere parte hartzen dute. NUPek koordinatzen du, eta esan duenez, "jauzi kualitatiboa da nazioartekotzearen eta diziplinartekortasunaren ikuspegitik".
Aparteko sariak
Doktoretzako aparteko saridunak eta agintari akademikoak argazkirako jarrita. Ezkerretik eskuinera: Mikel Galar, Martín Gastón, Alfonso Carlosena, José Carlos Gómez Sal, Francisco Idareta eta Alfredo Ursúa.
Ondoren, 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteetako ikasturteetako doktoretza aparteko zazpi sariak banatu dira. Saridunak hauek dira: Ion Celay Leoz (Osasun Zientziak), Gabriel Davidov Pardo (Nekazaritza Zientziak eta Nekazaritzako Elikagaiak), Mikel Galar Idoate eta Martín Gastón Romeo (biak Industria Zientziak eta Teknologiakoak), Francisco Idareta Goldaracena (Giza eta Gizarte Zientziak), Sara Martínez de Morentin Osés (Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea) eta Alfredo Ursúa Rubio (Komunikazioen Teknologia, Bioingeniaritza eta Energia Berriztagarriak).
Ondoren, José Carlos Gómez Salek, doktore berrien aitabitxiak, hitzaldi hau eman du: "Ikerketa eta unibertsitatea: XXI. mendean indarrean dagoen apustua".
Ekitaldiak aurrera egin du, eta 2014ko ekainaren 1etik 2015eko abenduaren 31rako aldian doktore gradua lortu duten ikertzaileak inbestitu dira. Horietako bakoitza banan-banan igo da oholtzara, eta han errektoreak boneta jarri eta egiaztagiria eman die. Alfonso Carlosenak bere hitzaldia irakurri du ekitaldiari amaiera emateko, eta hitzaldian honela definitu ditu doktoretza bat egiten dutenak: "Unibertsitateak gizarteari egiten ahal dion ekarpenik onena dira, beraiengan bat egiten duelako egiten dakigun guztia: prestatu, ikertu eta ezagutza bestetaratu". Horregatik, aholkatu die bere lana "zorroztasun, zintzotasun eta etika profesional handienarekin egitea".
Cristina González Sanz-Gómezek (biolontxeloa), Sara González Pastorrek eta Ana Maján Navalónek (bibolinak) osatzen duten soka-hirukotea arduratu da musikaz, Bach, Händel, Mozart eta Pachelbelen obrak interpretatuz.