Joan eduki nagusira

zoom NUPeko MotoStudenteko taldea. Ezkerretik eskuinera. Zutik, atzeko lerroa: Pablo de Sebastián, Sergio Alfaro, Carlos Sanz eta Alejandro Larrondo. Zutik, erdiko lerroa: Víctor Erice, Daniel Caballero, Ion Urrea, José Sancho (irakaslea), Rubén Huarte eta Yanire Martínez. Makurtuta: Eduardo Turrillas, Adrián Díaz eta Francisco Labiano

NUPeko MotoStudenteko taldea. Ezkerretik eskuinera. Zutik, atzeko lerroa: Pablo de Sebastián, Sergio Alfaro, Carlos Sanz eta Alejandro Larrondo. Zutik, erdiko lerroa: Víctor Erice, Daniel Caballero, Ion Urrea, José Sancho (irakaslea), Rubén Huarte eta Yanire Martínez. Makurtuta: Eduardo Turrillas, Adrián Díaz eta Francisco Labiano

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ingeniaritzako hamahiru ikaslek, José Sancho Rodríguez Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saileko irakaslea buru dutela, parte hartuko dute MotoStudenten IV. edizioan. Erronka honetan hainbat herrialdetako unibertsitateko taldeek motozikleta baten prototipo bat garatu eta berarekin parte hartuko dute urrian MotorLand Aragónen, Alcañizen (Teruel) egingo den lehiaketa batean. Nafar erakundeko ikasleek lehiatzeko makina erabat elektriko bat diseinatu eta fabrikatuko dute, erronkan aurten sartu den kategoria berri bat.

Ikasleak hasi dute bakoitzak taldean garatuko duen lana, eta babesleak lortzeko prozesua hasi da. Horretarako hainbat formula eskaintzen dizkiete interesa duten enpresei eta entitateei: ekarpen ekonomikoa, osagaiak eta beste zerbitzu batzuk eskaintzea, taldeak diseinatutako elementuak fabrikatzea edo aholkularitza tekniko eta profesionala. Lehenengo biak lortu dituzte: NG Brake Disc (balazta diskoak emango dizkie) eta SKF Bearings (errodamenduak emango dizkie).

“Gure kalkuluen arabera, motozikleta elektrikoaren prezioa 15.000 euro ingurukoa izango da. Kostu hau handiagoa da barne-errekuntzako motor batena baino, ibilgailu elektronikoan erabiltzen den teknologia asko ohikoetan baino gutxiago garatuta baitago”, esan du Ion Urreak, taldeko kideetako batek.

Moto Engineering Foundation-ek eta TechnoPark MotorLand fundazioak sustatu dute MotoStudent, eta lehiaketa hori Espainiako eta Europako hainbat unibertsitatetako taldeen arteko erronka da. Lehiaketa-motozikleta baten prototipo bat diseinatu eta garatu behar dute. Bi kategoria daude: Petrol, zeinean zilindrada txikiko (250 zentimetro kubiko) motozikleta baten errekuntza motorra diseinatzen baita (bederatzi herrialdetako 35 unibertsitatek eman dute izena modalitate horretan); eta Electric, zeinak propultsio motor % 100 elektriko bat fabrikatu nahi baitu (lau herrialdetako 20 unibertsitatek, NUP barne, eman dute izena modalitate horretan.

Taldeko ikasleak

Talde bakoitza enpresa bihurtzen da eta hala jardun behar du: babesleak bilatu behar dituzte, motozikletaren diseinu grafikoa eta diseinu teknikoa kalkulu prozesuarekin egin, eta azkenik, fabrikatu egin behar dute. Lehiaketa hau berez erronka da ikasleentzako, sei hilabetean frogatu eta egiaztatu beharko baitituzte sortzeko eta berritzeko duten gaitasuna, eta ingeniari gisa duten ahalmena zuzenean aplikatzeko trebetasuna, hainbat herrialdetako unibertsitateetako taldeekin alderatuta.

NUPeko taldea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskolako (TIIGMET) ikasle eta irakasle talde batek osatzen du: Masterra Industria Ingeniaritzan (Gradua Industria Teknologietako Ingeniaritzan, Gradua Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoan) Honako hauek dira parte hartzen duten ikasleak, egiten ari diren titulazioa ere aipatuz: Sergio Alfaro Ezcurra (Mekanika Ing.), Daniel Caballero Indiano (Mekanika Ing.), Juan Carbajo Deán (Industria Teknologietako Ing.), Adrián Díaz Martínez de Morentin (Mekanika Ing.), Pablo de Sebastián Canivell (Ing. Elektriko eta Elektronikoa), Víctor Erice Carbonero (Industria Teknologietako Ing.), Rubén Huarte Martínez (Mekanika Ing.), Francisco Labiano Mezquíriz (Mekanika Ing.), Alejandro Larrondo Salcedo (Mekanika Ing.), Yanire Martínez López (Industria Teknologietako Ing.), Carlos Sanz Navarro (Industria Teknologietako Ing.), Eduardo Turrillas Solabre (Industria Teknologietako Ing.) eta Ion Urrea Fernández (Industria Teknologietako Ing.).

Lehiaketak bi fase ditu. Lehenengoan, fabrikatuko duten motozikletaren industria proiektua egingo da, makinaren preskripzio tekniko guztiak barne, eta zeregin hori ikasleen master edo gradu amaierako lana da. Proiektuaren bigarren zatia lehiaketa izango da, zeina urrian Alcañizeko zirkuituan egingo baita.

MotoStudent lehiaketako epaimahaiak proiektua balioetsiko du industriaren ikuspegitik, eta arreta berezia jarriko du estetika, teknika eta ekonomia alderdietan. Lehen fasea gainditzen duten motoek, beren kalitatea frogatu beharko dute hainbat proba gaindituz proba-lekuan eta zirkuituan. Lasterketa gutxienez 35 kilometrokoa izango da, eta parte hartzen duen talde bakoitzak antolatzaileen onespenarekin aukeratutako gidari profesionalek gidatuko dituzte motorrak. Irabazleentzako sariak 3.000 eurotik 6.000 eurora bitartekoak izango dira, kategoria zein den.

MotoStudenten lehen edizioa 2010ean egin zen, eta edizio hartan  NUPeko taldeak industria proiektu hoberenaren saria lortu zuen 25 unibertsitate parte-hartzaileen artean.

Proiektuari buruzko informazio guztia sare sozialetan dago, Facebook-eko bere orrialdean eta Twitter-eko bere profilean.