Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoak (NIGMET) ematen duen Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduak (ELIIG), nekazaritzako ingeniari tekniko aritzeko gaitzen duenak, EUR-ACE® Zigilua izena duen ingeniaritzetako Europako kalitate-zigilua lortu berri du. Zigilu honek nabarmendu egiten du ingeniaritza ematen duten eskola onenak zein diren. Honela, NIGMET bihurtu da zigilu hau daukan Espainiako Nekazaritza Ingeniaritza eskola bakarra, prestakuntza akademikoa Europako estandarren araberakoa dela ziurtatzen duena.
EUR-ACE® zigiluak nazioarteko ospea dauka, eta balio du kalitate handiko Europako ingeniaritza programak identifikatzeko. Akreditazio agentzia baimendun eta independente batek ematen duen ziurtagiria da. Gaur den egunean, Espainian, zazpi ingeniaritza graduk baizik ez dute zigilu hau, eta denak elikagaien eta landa ingurunearen Ingeniaritzakoak ez diren beste adar batzuetakoak dira, baita lau unibertsitatetako bost masterrek ere. La UPNA
Lanerako abantailak
EUR-ACE® zigiluarekin abantailak lortzen dira lan munduan. Izan ere, ingeniaritza graduen eta horiek ematen dituzten unibertsitateen izenen aniztasuna nahasgarria suerta daiteke ingeniari lehiakorrak kontratatu nahi dituzten enpresentzat. Zigilu honi esker, enplegu-emaileek informazio argia eskuratzen dute, eta bereizten ahal dituzte mundu guztian aitortza daukaten eta nazioarteko kalitate-estandar batzuk betetzen dituzten tituluak. Hainbeste non EUR-ACE® Zigilua duten tituluetan graduatzen direnak EUR-ACE® graduatuak izena ematen ahal baitzaie.
Gainera, NIGMETetik ateratzen direnek jarraitzen ahal dute goi mailako prestakuntza eskuratzen, sartzen ahal direlako EUR-ACE® Zigilua duten Europako masterrik onenetan, haietan sartzeko beharrezkoa baita zigilua duen beste gradu batetik etortzea.
Aldi berean, profesional hauek mugikortasun handiagoa edukiko dute Europar Batasunean, baita Batasunetik kanpo ere, beren kualifikazio profesionala aitortua baitago. Hain da horrela ezen Ingeniaritza Elkarte Nazionaletako Europako Federazioak EUR-ACE® Zigilua daukaten tituluak sartzen baititu bere direktorioan EUR ING (“European Engineer” edo Europako Ingeniaritza) izenaren pean.
Honela, Nafarroako Unibertsitate Publikoa pasatu da izatera aitortza hau daukaten Espainiako bost unibertsitatetako bat eta munduko 300 erakundetako bat. Telekomunikazio eta industria ingeniaritzetarako ere eskatu da aitortza hau. EUR-ACE® Zigiluak ikusgarritasuna emango dio graduari nazioartean, eta ikasleen, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen mugikortasunaren aldeko hitzarmen akademikoak erraztuko ditu.
Zigilu honekin, NIGMETek aurrera segitzen du kalitatearen aldeko apustuarekin. Horri gehitzen zaio Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Nazioarteko Taldearen ingelesezko irakasgaien eskaintza, enpresetako praktikak eta nazioarteko mugikortasuna eskatzen duten ikasle guztientzat (Erasmus + bezalako truke-programen bidez). Eta hori guztia Nafarroarena bezalako testuinguru batean, non elikagaien arloak profesional asko behar baititu.
Kalitatearen akreditazioa
Europako Unibertsitate Eremua abian jarri zenetik, unibertsitatean kalitatearen alde egiteak berebiziko garrantzia dauka. Izan ere, gradu titulu guztiek Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionalak (ANECA) prestatzen duen akreditazio bat gainditu behar dute sei urtean behin. Agentzia honek bi akreditazio mota ezartzen ditu: ACREDITA, akreditazio modu normal bat; eta ACREDITA PLUS, aurrekoak baino eskakizun maila altuagoa duena. ACREDITA PLUS gaindituz gero, ingeniaritzetarako EUR-ACE® Zigilua kalitatearen Europako akreditazioa lortzen da, European Network for the Accreditation of Engineering Education (ENAEE, Ingeniaritzako Hezkuntza Akreditatzeko Europako Sarearen ingelesezko siglak) erakundeak kudeatzen duena.
Bi prozeduren arteko ezberdintasunak (ACREDITA eta EUR-ACE® Zigiludun ACREDITA PLUS) handiak dira. Lehena ANECAk kudeatzen eta ematen du. Horretarako, bere lau kidek osatutako adituen talde bat bidaltzen du unibertsitatera. Hauek hiru arlo ebaluatzen dituzte: tituluaren kudeaketa, baliabideak eta emaitzak, zazpi irizpide ezberdinen arabera.
Bigarrena lortzeko, hau da, EUR-ACE® Zigiludun ACREDITA PLUS, beharrezkoa da aurrekoa edukitzea. Gainera, bi erakundek osatzen dute agentzia ebaluatzailea, ANECA bera eta Espainiako Ingeniaritza Institutua (EII), biak Europako akreditazio agentziak (lehen esandako ENAEE) baimenduak. Adituen taldean bost kide daude (horietako bat EIIkoa). Hauek lehen esandako hiru arloak ez ezik, laugarren arlo bat ere aztertzen dute: EUR-ACE® dimentsioa. Dimentsio honek bi irizpide ditu: ikasketaren emaitzak (ikasleek ingeniaritza-proiektuekiko eta ingeniaritzaren aplikazio praktikoarekiko gaitasunak lortzen dituztela erakustea), eta tituluaren euskarri instituzionala.
2015eko irailean, ANECAko eta EIIko adituen talde batek NUP eta NIGMET bisitatu zituen, eta instalazioak ikusi zituzten (laborategiak, Praktiketarako eta Nekazaritza Esperimentaziorako Etxaldea, liburutegia, ikasgelak...) eta hainbat jenderekin mintzatu ziren: ikasleak, egresatuak, irakasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak, elkargo profesionaletako ordezkariak, tituludunei lana ematen dieten enpresetako zuzendaritza taldekoak, NIGMEteko zuzendaritza taldea eta Errektoretzako ordezkariak. Adituek hainbat irakasgai aukeratu zituzten, eta informazio osatua eskatu zuten gauza hauei buruz: irakasleen curriculuma, ematen diren gaiak, azterketak eta egindako praktikak. Adituen taldeak txosten bat egin zuen, NIGMETek berak egindako beste bati gehitu zitzaiona. Bi dokumentuok irakasleek eta lanean ari diren ingeniariek % 50ean osatutako batzorde batera iritsi ziren, eta batzordeak txosten bat egin zuen, erabakitzen zuena NUPeko Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Graduari Europako EUR-ACE® kalitate-zigilua ematea.