Joan eduki nagusira

zoom María Rosario Orzanco Garralda erizaina, NUPeko doktore berria.

María Rosario Orzanco Garralda erizaina, NUPeko doktore berria.

Iruñeko metropoli-areako inguruaren ezaugarriak, hau da, zerbitzuak dituzten etxetik hamar minutura baino gutxiagora, oinezkoentzako eta txirrindularientzako azpiegituren egoera, auzoaren estetika, hiri-segurtasuna edo trafikoa, horiek denak nola atzematen dituzten, horren araberakoa izaten da hiritarren jardun fisikoa. Izan ere, eskualdeko area geografikoen eragina ariketa fisikoan hain da handia non hiriburuko auzoetan bizi direnak gehiago ibiltzen baitira hiri inguruan dauden udaletan bizi direnak baino.

Datu hauek agertzen dira Mª Rosario Orzanco Garralda Osasunbideako erizainak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defenditu duen doktoretza tesian. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak,  eta Estatu Batuetako Osasun Institutu Nazionalek (NIH, ingeleseko sigletan)  finantzatu dute, partez, ikerketa hau, Nafarroako Erizainen Elkargo Ofizialaren beka bat eduki duena. "Ikerketa hau erakundeen arteko lankidetza lanaren adibide ona da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Lehen Arretako Zuzendaritzaren eta Osasun Zentroen arteko lankidetzan egin delako", dio doktore berriak.

María Rosario Orzancok aztertu du nola eragiten duten inguruko ezaugarriek eta faktore psikosozialek Iruñeko area metropolitanoko populazio helduaren (18 eta 65 urte artean) ariketa fisikoaren praktikan. Horretarako, 905 pertsona elkarrizketatu zituen (% 55 emakumeak, eta % 45 gizonak), eta hainbat gauzari buruz galdetu zien: bizi diren inguruaren ezaugarri urbanistikoak, egindako ariketa fisikoaren maila, ariketa fisikoa egiteko atzematen dituzten oztopoak edo aurkitzen duten gizarte-laguntza.

Azterketa-unitatea oinarrizko osasun-eremua izan zen. "Ariketa fisikoa egiteko eragina eduki dezaketen irizpide geografikoei eta funtzionalei kasu eginez, hiru azterketa-eremu multzokatu ziren", dio Mª Rosario Orzancok. Erdiko areak bere baitan hartzen ditu Iruñeko goi-lautadako oinarrizko osasun-eremuak (Alde Zaharra, II. Zabalgunea, Iturrama eta Donibane); area ertainak Iruñeko inguru-auzoenak, Mendillorri alde batera utzita (Azpilagaina, Txantrea, Etxabakoitz, Ermitagaina, Arrosadia, Errotxapea eta Sanduzelai), gehi Antsoain herria; eta periferia aldeak Iruñeko area metropolitanoa osatzen duten gaineerako udalak, Barañain, Berriozar, Burlata, Uharte, Noain, Orkoien, Atarrabia eta Zizurreko osasun oinarrizkoa aldeetan sartuta daudenak, gehi Mendillorri.

Inguruaren pertzepzioa

"Auzokideen ariketa fisikoak zerikusia du ingurua atzematen den moduarekin, eta zehatzago esateko, ezaugarri hauekin: auzokideen dentsitatearekin, beren etxeetatik zerbitzuetara oinez hamar minutu baino denbora laburragoan joan ahal izatearekin, kaleen arteko konexio-kopuruarekin, oinezkoentzako eta txirrindularientzako azpiegituren egoerarekin, auzoaren estetika eta hiritarren eta trafikoaren segurtasunarekin, baita etxeetan eta etxeetatik hurbil edo lantokietatik hurbil ariketa fisikoa errazten duten elementuak edo kirol instalazioak edukitzearekin ere". adierazi du doktore berriak, zeinaren doktoretza tesia Unibertsitatearen Osasun Zientzien Saileko bi irakaslek zuzendu baitzuten: Francisco Guillén Grima katedraduna eta Inés Aguinaga Ontoso irakaslea.

Gainera, azterketaren arabera, erdi aldeko eta bitarteko areako auzokideak gehiago ibiltzen dira oinez beren ohiko joan-etorrietan eta beren aisialdian area periferikokoak baino, eta "iruditzen zaie erdi aldeko inguruak errazten duela, beste alde guztiek baino gehiago, auzokideen joan-etorri aktiboa". "Iruditzen zaie area horretan askoz errazagoa dela toki askotara iristea, oinez edo txirrindulaz, esaterako, eskola, bulego, denda, banku, jatetxe, zinema edo osasun etxeetara", gaineratu du Orzancok, zeinaren tesiak bikain "cum laude" kalifikazioa lortu baitu.

Horretaz gain, bizi diren tokietatik hurbil ibilbideak edukitzea lotzen da "jardun fisiko moderatuaren maila handiagoarekin"; ordea, "etxeetatik edo lan tokietatik kirol instalazioak edukitzea lotzen da ariketa fisiko gogorragoa edukiuztearekin".

Zakurra edukitzea eta ibiltzea

María Rosario Orzancoren tesiak beste emaitza batzuk ere biltzen ditu. Esaterako, zakurra edukitzea eta auzoko kaleen artean konexio ugari izatea lotzen da aisialdian gehiago ibiltzearekin; trafikoa geldoa izatea lotzen da ariketa fisiko gehiago egitearekin denbora librean; espaloietan zuhaitzak egoteak errazten du jendea joan-etorriak oinez egitea; eta oinezkoen mugikortasuna errazten duten egituren garapena lotuta dago txirrindularen erabilera handiagoarekin.

Azkenik, ariketa fisiko gutxien egiten duten pertsonek esaten dute "denbora, lagun edo interes falta eta eguraldi kaxkarra direla ariketa fisiko modu erregularrean egitea galarazten dien arrazoiak", amaitu du.

Curriculum laburra

María Rosario Orzanco Garralda Erizaintzan diplomaduna da (1984) eta Zuzenbidean lizentziaduna (1995), eta hainbat graduondo titulu dauzka: Erizaintza Diploma Osasun Publikoan, Unibertsitate Aditua Unitate Klinikoen Kudeaketan eta Masterra Medikuntza Zuzendaritzan eta Kudeaketa Klinikoan.

Lehen mailako arretako erizaina da Burlatako Osasun Zentroan, eta aldi berean NUPeko irakasle elkartua da. ANECAk (Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala) akreditatu du irakasle lankide izateko, eta funts publikoekin finantzatutako hiru ikerketa proiektutan parte hartu du (Foru Gobernuak, Europar Batasunak eta Estatu Batuetako Gobernuak finantzaturikoak).