Joan eduki nagusira

zoom Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Saileko irakasleek, Smart Cities Institutuaren laguntzarekin, ORAHS (Operational Research Applied to Health Services) 42. Biltzarra antolatu dute. EURO elkarteak sortu zuen ORAHS 1975ean. Europako ikertzaileen sare bat, eta osasun zerbitzuen plangintzan eta kudeaketan laguntzeko metodo kuantitatiboak garatzea eta aplikatzea da bere interesa. Biltzarra Espainian egingo den lehen aldia da, eta uztailaren 24tik 29ra arte egingo da Iruñean, Arrosadiko campuseko Sario eraikinean.

Biltzarraren azken edizioa Montrealen (Kanadan) egin zen aurreko urtean, eta biltzarrean parte hartzeko aukera dute osasun zerbitzuetako eraginkortasuna hobetzeko interesa duten hainbat jakintza arlotako profesionalek. Programa www.unavarra.es/orahs2016 webean dago kontsultatzeko, eta bertan inprimaki bat ere badago inskripzioa egiteko.

Osoko BIlkurako hitzaldiak

Eva K. Lee H. Georgiako Teknologia Institutuko Milton Stewart Industria eta Sistema Ingeniaritzako Eskolako irakasleak emango du biltzarreko lehen hitzaldia uztailaren 25ean. “Computational Medicine and Big Data Analytic” da hitzaldiaren izenburua, eta optimizazio eta konputazio metodoek, datu multzo handien analisiarekin konbinatuta, osasun laguntza hobetzeko medikuntzaren aldaketan daukaten garrantzia aztertuko du.

Leeren ikerketa programazio matematikoa, informazioaren teknologiak eta algoritmo konputazionalak konbinatzen ditu osasunaren testuinguruko hainbat arazo aztertzeko metodologiak garatzeko: hasi pandemien analisitik, osasun zerbitzuen eraginkortasunaren, kalitatearen eta segurtasunaren bilaketa klasikoa, eta tratamendu kliniko pertsonalizatuen bilaketaraino.  Leek tokiko larrialdi zerbitzuekin eta Katrina urakanak (AEB), Haitiko lurrikarak,  Fukushimako (Japonia) hondamendiak edo ebolaren epidemiak kaltetutako populazioekin lan egin du, eta hainbat aitortza jaso ditu, hala nola Daniel H. Wagner saria, zeinak praktikan erabilitako analisiaren kalitatea eta koherentzia nabarmentzen baitu. Larrialdiei Aurre Egiteko Estatu Batuetako Batzorde Nazionala osatzen duten hamahiru kideen artean profil matematikoa duen kide bakarra da.

Gaixotasunen diagnostiko goiztiarrean eta osasun zerbitzuen funtzionamenduaren hobekuntzan eredu matematikoen berrikuntzaren eta datu multzo handien analisiaren bidez izan dituen lorpenak ezagutaraziko dizkie Leek biltzarreko parte-hartzaileei.

Bestalde, Francisco Falcone Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak teknologia berriek etorkizun hurbilean osasun zerbitzuetan izango duten integrazioari buruzko ikuspegi bat emango du “Enabling Context Aware Environments: Towards Smart  Health Provisioning” izeneko hitzaldian. Horrela, Falconek osasunaren hornidura adimenduna aztertuko du hitzaldi honetan. Hitzaldia uztailaren 26an egingo da.

Uztailaren 28an, David Stanford Western-eko (Kanada) Unibertsitateko Estatistika eta Zientzia Aktuarialen Saileko irakasle titularrak “Key Performance Indicators and their Optimal Performance” izeneko hitzaldia emango du, eta itxaron-zerrendako eriak lehentasunaren arabera sailkatzeko erabiltzen diren adierazleak aztertu, adierazle berriak proposatu eta hainbat egoera praktikotan duten erabilgarritasuna azalduko du.

David Stanfordek egindako ekarpen nagusia hau da: transplanteak egiteko itxaron-zerrendei buruzko bere ikerketa, bereziki 2014ko txosten bat, odol eta transplante motak eriek itxaro behar duten denboran duten baterako eraginari buruzkoa.