Ignacio Alli Turrillas iruindarrak, Zuzenbidean lizentziadunak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu zuen bere tesia, eta bertan proposatzen du Europar Batasuneko (EB) kideak diren estatuetako legeria penala, prozesala eta presondegi esparruko legeria bateratzea krimen antolatuaren aurka hobe borrokatzeko eta delinkuentzia mota horren aurka borrokatzeko Europan pertsonal espezializatua sortzeko. Aldi berean, prebentzio neurriak proposatzen ditu, hala nola hiritarren “konplizitate pasiboaren” aurkako borroka, hiritarrek delitu jakin batzuk onartu edo legez kontrako bitartekoen bidez lortutako produktuak kontsumitzen baitituzte. “Inoiz ez da delinkuentzia antolatua garaituko errepresioaren bidez soilik, ahaleginak egin arren. Fenomeno horren aurka eraginkortasun handiagoarekin borrokatuko da hiritarren heziketaren bidez”, esan du egileak.
Allik EBko delinkuentzia larriaren eta antolatuaren prebentzioa eta errepresioa aztertzea erabaki zuen, “gai honek Europako agendetan gero eta garrantzi handiagoa duela” egiaztatu eta gero. “Egoera nabarmen aldatu da azken urteetan, kriminalitate antolatuak duen zeinahi formaren aurka babesteko beharrak eragin baitu EBren kideak diren estatuak arriskuaz eta bai eskualde arteko, bai nazioarteko lankidetzan jarduteko beharraz jabetzea, eta hasiera batean gutxi garatutako gai bat zela ematen zuenak garrantzi handia dauka EBren jardueran”, argitu du doktore berriak. José Antonio Corriente Córdoba katedradunak zuzendu du bere doktoretza tesia.
Delitu egiteko erraztasun handiagoa
Hainbat iturri erabili baditu ere, zeina azterketa honen zailtasun nagusia baita, tesiak aztertzen du “Europaren erreakzioa eta tratamendua delinkuentzia antolatuaren aurrean bere hasieretatik, elkarlaneko esparru batean, gaur egun arte, pixkanakako integrazioko beste esparru batean”. “Mugen Europatik mugimendu askatasunaren Europara igarotzeak, bai eta merkatuen eta garraiobideen erabateko modernizazioak ere, delitu egiteko erraztasun handiagoa sorrarazi dute. Egoera honi aurre egitea benetako erronka bat da EBrentzat”, esan du Allik.
Iritzi-inkestek erakusten dutenez “Hiritarrek gai honekiko duten interes ez oso handia” gorabehera, Bruselak krimen antolatuaren aurkako borrokari bultzada berri bat eman zion 2009tik aurrera, zenbait neurri arauemaile onetsita. Horri gehitu behar zaio EBren antolaketa egitura krimen antolatuaren aurka borrokatzeko “konplexua dela eta eragile ugarik parte hartzen dutela bertan”. “EBren erakundeez gainera, hala nola, Batzordea, Kontseilua, eta gero eta gehiago Europako Parlamentua, borroka honetan parte hartzen ari dira gaiari buruzko ardura zuzena duten agentziak, hala nola EUROPOL —polizia—, EUROJUST —justizia—, CEPOL —Europako Polizia Eskola—, FRONTEX —mugak— edo etorkizuneko Europako Fiskal Publikoaren Bulegoa. Erkidegoko beste agentziak batzuek ere lankidetzan jarduten dute, hala nola Eurostat —estatistika—, kanpo agentziak, irakaskuntza esparrukoak eta gizarte bizitzakoak. Nolanahi ere, urrats asko eman behar dira oraindik, koordinazioa eta integrazioa lortzeko”, deitoratu du Allik. Bere tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.
Etika publikoa berreskuratzea
Prebentzioaren ikuspegitik, “konplizitate pasiboa, delinkuentzia antolatuaren fenomenoarekiko kezkarik eza bezala ulertua,” eragozteko borroka baten aldekoa da doktore berria. “Krimen antolatuaren delitu jardueren ‘produktu’ asko EBko hiritarrei eskaintzen zaizkie zuzenean, eta hiritarrek, kasurik hoberenean, onartu, erosi eta ordaindu egiten dituzte, eta batzuetan jakinaren gainean lankidetza zuzenean jarduten dute talde horiekin. Esaterako —zerrendatu du Allik—, prostituzioa, enpresa beren burua saltzen duten enpresa pribatuetako langileak edo funtzionario publikoak, ondasun faltsutuak erosten dituztenak eta drogak kontsumitzen dituztenak”.
“Inoiz ez da delinkuentzia antolatua garaituko errepresioaren bidez soilik, ahaleginak egin arren. Fenomeno horren aurka eraginkortasun handiagoarekin borrokatuko da hiritarren heziketaren bidez. Hori dela-eta, etika publikoko heziketa areagotu behar da: gizarteari berriro erakutsi behar zaio zer den zuzena eta zer ez, eta zer den delitu edo zer dagoen delituarekin lotuta”, esan du.
Horretaz gainera, tesiaren egilearen iritzian Europako Fiskal Publikoaren Bulegoak, EUROJUSTek eta EUROPOLek “eskumen arloan autonomia maila bat izan behar dute, eta horrek esan nahi du tipifikazio penal bakar eta adostu bat ezarri behar dela eta Europa mailako jurisdikzio sistema penal oso bat delitu larriei dagokienez, estatu kideen legeria penalaren, prozesalaren eta presondegi arloko legeriaren bateratzearen bidez, eta agian baita delituen ondorioz sortzen den erantzukizun zibilari buruzko legerien bateratzearen bidez ere”.
Delinkuentzia antolatuaren aurka borrokatzeko Europako pertsonala (poliziak, fiskalak, mugazainak eta epaileak) sortzea ere proposatzen du Ignacio Allik. Pertsonal horrek “osorik edo neurri batean, erakunde nazionaletakoa izan behar du”; eta barne eta kanpo segurtasunerako estrategiak Europako Segurtasun Estrategia izenekoan bateratzea.
Halaber, delinkuentzia antolatuko taldeen baliabide ekonomikoen (kapitalak mugitzea eta zuritzea) eta beren tresna zibernetikoen aurka borrokatzea eta EBren kanpo jarduna “irmoki eta erabakimenez” sustatzea proposatzen du. “Aberastasunaren banaketa eredu batek bakarrik lortuko du EBren lurraldearen gaineko presioa jaistea, zeren eta krimen antolatuak egindako delitu asko beste estatu batzuetako arazo sozialen ondorioa baitira”, ondorioztatu du.
Curriculum laburra
Ignacio Alli Turrillas Zuzenbidean lizentziatu zen Nafarroako Unibertsitatean. Gero, EBko Zuzenbideko Masterra eta Ingurumen Zuzenbideko Unibertsitate Aditua graduondoa (biak UHUNn) egin zituen. Hurrengo abuztuan Nazioarteko Zuzenbide Penaleko Masterra amaituko du Portsmoutheko (Erresuma Batua) Unibertsitatean.
Nafarroako Gobernuko funtzionarioa da 1999tik, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle elkartua izan da zortzi ikasturtetan hainbat arlotan (Nazioarteko Zuzenbide Publikoa, Konstituzio Zuzenbidea eta Zuzenbidearen Historia).