Joan eduki nagusira

zoom Ikasleak eta irakasleak argazkirako jarriak ikastaroaren hasieran, NUPen

Ikasleak eta irakasleak argazkirako jarriak ikastaroaren hasieran, NUPen

Desgaitasun intelektuala duten hamabost pertsonak espezializazio ikastaro bat egiten hasi dira martxoan Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP). Ikastaroaren bidez lan trebetasunei buruzko eta lanpostua lortzea eta lanpostuko eginkizunak betetzea ahalbidetzen dien alderdi sozialei buruzko prestakuntza espezifikoa jasotzen dute. Prestakuntza ekainera arte egingo da. Banakako metodologia dauka, aitzindaria da unibertsitateko esparruan eta Nafarroa Kutxa Fundazioaren babes ekonomikoa dauka.

Monografikoaren izenburua hau da: Desgaitasuna duten pertsonen enplegurako gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzeko espezializazio ikastaroa. Pablo Sotés Ruiz NUPeko Psikologia eta Pedagogia Saileko irakaslea da irakaskuntza zuzendaria, eta Mª Jesús Álvarez Urricelqui eta Imelda Buldáin Zozaya irakaskuntza koordinatzaileek eta sail bereko irakasle elkartuek laguntzen diote.

Hain zuzen, hiru irakasle horiek, Sagrario Anaut Bravo Gizarte Laneko Saileko irakaslearekin batera, egin zieten ongietorria ikasleei eta beren familiei ikastaroaren lehen edizioan.

Desgaitasun intelektuala duten pertsonak lan munduan sartzea ezinbestekoa da beren bizi proiektua erabat garatzeko —esan du Pablo Sotések—. Laneratze osoa eta betegarria erdiesteko, aurretik prestakuntza egokia edukitzea komeni da, ondoren ere badirauena, beharren arabera, pertsona jada lanean ari denean”.

zoom Ezkerretik eskuinera: Sagrario Anaut, Mª Jesús Álvarez Urricelqui, Pablo Sotés eta Imelda Buldáin irakasleek ongietorria egin diete ikasleei eta familiei

Ezkerretik eskuinera: Sagrario Anaut, Mª Jesús Álvarez Urricelqui, Pablo Sotés eta Imelda Buldáin irakasleek ongietorria egin diete ikasleei eta familiei

Horrela bada, prestakuntza trebetasun sozialetan izaten da alderdietako bat, zeinetan beharrizan gehien aurkitzen baitituzte desgaitasun intelektuala dutenek, eta “hura hobetzen badute, modua edukiko dute era egokiagoan moldatzeko eta hobeki egokitzeko laneko eta gizarteko beharretara”, Sotésen esanetan.

Horretaz gainera, “desgaitasun intelektuala duenak prestakuntza espezifikoa behar izaten du zenbait lan alderdiri buruz, izan ere, enplegu bat erdiesteko modua emanen baitio eta bidea konponbide eraginkorra emateko bere zereginei, baita informazioa ere inguruko gizarte eta lan inguruaren oinarrizko alderdiei buruz”, gaineratzen du irakaskuntza zuzendariak.

Ikasle baten esperientzia

Alba Baztán Jiménez, 23 urteko iruindarra, ikastaroa egiten hasi direnetako bat da. Ikastetxe arrunt batean eskola integrazioko erregimenean derrigorrezko hezkuntza egin eta gero, saltokiko laguntzailearen gaitze profesional berezirako programa bat egin zuen Iruñeko María Ana Sanz Ikastetxe Bateratuan, eta horri esker praktikak egin zituen Nafarroako Gobernuan. Gero sakontze ikastaroak egin ditu Nafarroako Enplegu Zerbitzuko administrazio zerbitzuetan.

“Gauza berriak ikasi nahi ditut lanpostu bat lortzeko —esan du Alba Baztánek—. Niretzat, Unibertsitatera joatea zerbait berria eta erronka handia da, baina gainditzea espero dut  ahalegin guztiak eginez eta asko ikasiz.  Gauza berriak ikastea eta ikastaro honi esker lanpostu bat lortzea espero dut, lan berrian ahalegin guztiak egiteko eta nire praktika baliatzeko”.

10 kredituko ikastaroa

 Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatzen du ikastaroa eta A tu lado gizarte ekimeneko sozietate mikrokoperatiboaren laguntza dauka. Ikastaroak 10 ECTS kreditu ditu, eta ECTS bakoitzak ikaslearen 25 lan ordu ditu.

Ikastaroa hiru modulutan egituratzen da: lan trebetasunak, interakzio sozialeko trebetasunen garapena eta autonomia sozialeko trebetasunak. Lantzen diren gaien artean honako hauek daude, esaterako: enplegurako sarbidea izateko behar diren dokumentuak nola prestatu, lana bilatzeko teknikak, lan merkatuari buruzko ezagupena edota nola prestatu elkarrizketa bat.