Ezkerretik eskuinera: Carmen Jarén, liburuarekin, Ainara López eta Silvia Arazuri, NUPeko Praktiketarako eta Nekazaritzako Ikerketarako Etxaldean.
Silvia Arazuri Garín, Carmen Jarén Ceballos eta Ainara López Maestresalas Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileak dira “Advances in Potato Chemistry and Technology” (“Patataren kimika eta teknologiako aurrerapenak”) izenburuko liburuaren egileak. Elsevier Herbeheretako multinazionalak argitaratu du. Lanak hamabost herrialdetako 50 adituren ekarpenak jasotzen ditu, eta tuberkulu honen kimikari eta bere prozesatzeari buruzko azken aurkikuntzak aurkezten ditu, eta informazioa ematen du bere kalitatea hobetzeko estrategiei buruz. Beraz, gaiari buruzko informazio eguneratuena ematen die nekazaritzako elikagaien arloko ikasle, ikertzaile eta profesionalei.
Liburuak 752 orrialde ditu, eta produktu honen osagai kimikoen identifikazio, analisi eta erabilerari buruzko azken informazioa dauka. Honako hauek ere badauzka: patataren kalitatea zehazteko metodo berri eta sofistikatuak, tuberkulu honetan oinarritutako elikagai osasuntsuetan egindako berrikuntzak, eta genetikoki aldatutako pataten etorkizuna, bai eta elikagai gisa erabiltzeaz gainera dituen beste erabilera batzuk ere. Jaspreet Singh eta Lovedeep Kaur Zelanda Berriko Massey Unibertsitateko ikertzaileak dira lanaren editoreak, eta bost kontinenteetako hainbat egilek koordinatu dituzte (Estatu Batuetatik eta Kanadatik hasi eta Indiarainokoak, bai eta Frantzia, Danimarka eta Belgikakoak ere).
Nafarroako ikertzaileen kapitulua
NUPeko ikertzaileek lanak dituen 23 kapituluetako bat idatzi dute, eta kapitulu horrek patataren osagaiak zehazteko eta bere kalitatea balioesteko azken aurrerapenak aurkezten ditu, eta bere testuran eta zentzumenen analisian (zaporea, itxura...) oinarritzen da horretarako. Erabilitako tekniken artean, egileek aipagarrienak errepasatzen dituzte, hala nola espektroskopia infragorri hurbilean, x izpiak, erresonantzia magnetiko nuklearra, mikrouhinak edo irudiaren azterketa.
“Patatak, beren forma anitzetan, egosiak, frijituak edo purean, elikagai iturri garrantzitsua izan dira beti munduko hainbat herrialdetan —idatzi dute NUPeko ikertzaileek—. Beraz, industriaren katebegi bakoitzean kalitatea kontrolatzea funtsezkoa da kontsumitzaileari kalitateko produktuen hornidura bermatzeko. Patataren egitura eta bere prozesatzean gertatzen diren aldaketa fisikoak hobe ezagutzeak onurak ekarriko dizkie ekoizleei eta transformatzaileei kalitate handiagoko produktuak eskaintzeko. Horretaz gainera, kontsumitzaileek gero eta kontzientzia handiagoa dute elikagaieen balioari buruz, eta horrek industria behartu du eskainitako produktuen kalitatea bermatzeko gai diren teknologiak erabiltzera”.
Silvia Arazuri eta Carmen Jarén Nekazaritzako Ingeniaritzako doktoreak NUPeko Landa Ingeniaritza eta Proiektuen Saileko irakasleak dira, eta Nekazaritza Mekatronika ikerketa taldekoak. Talde horretan egiten ari da bere doktoretza tesia Ainara López Nekazaritzako ingeniari teknikoa.