Nafarroako Gobernuak — Sodena sozietate publikoaren bidez—, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Inarbe ikerketa ekonomikoko institutuak eta Orkestra Deustuko Unibertsitateko lehiakortasun institutuak lankidetzan jardungo dute Foru Erkidegoak dituen erronka estrategikoei erantzungo dieten proiektuak sustatzeko.
Nafarroaren ekonomia eta enpresa lehiakortasuna sustatzeko, ikerketa eta garapen teknologikoko proiektuak eta jarduerak eta adituen trukea eta langileen prestakuntza sustatuko dituzte.
Manu Ayerdi Nafarroako Gobernuaren Ekonomia Garapenerako lehendakariordeak, Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Erakundea-Deusto Fundazioaren lehendakariak eta Alfonso Carlosena Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak gaur goizean sinatu dute lankidetza hitzarmena.
Zehazki, Orkestra eta Inarbeko ikertzaileek lankidetzan jardungo dute elkarrekin eta Sodenarekin ere bai, foru gobernuak lehiakortasunari eta lurralde garapenari buruzko ezagutza aurreratua izan dezan.
Ayerdi lehendakariordeak lankidetza honen garrantzia nabarmendu du, Orkestra eta Inarbe beren esparruetan espezializatutako ikerketa zentroak baitira, eta, Sodenarekin lankidetzan jardunez, Nafarroari "bere estrategia egokitzen" eta lehiakortasuna areagotzen lagunduko diote. “Gobernuaren zeregina lidergo parte-hartzaile hori ahalbidetzea eta sustatzea da, baina gizarte osoaren parte-hartzea dugu beharrezkoa”, esan du.
Bestalde Orkestraren lehendakariak azpimarratu du “akordioari esker Nafarroako testuinguruan aplikatuko dela Institutuak sortutako ezagutza, eta horrek eskualdearen lehiakortasunaren esparruan ezagutza berri bat ikasteko eta sortzeko aukera emango duela”
Lehenengo proiektua
Landuko den lehenengo proiektuaren izena hau da: “Nafarroaren lehiakortasun diagnostikoa – Analisia eta gogoetak Nafarroaren espezializazio adimendunaren estrategian lehentasuna definitzeko (RIS3)”. Nafarroako Gobernuak, Sodenaren bidez, S3 horren definizio prozesua egin behar du, lurralde baten eraldaketa ekonomikorakoS3 europar metodologia gisa, eta horren jarraipena egitea aurretiazko baldintza izango da Europar Batasunaren egitura funtsak eskuratzeko.
S3-ren esparruan erabaki estrategikoak hartzeko, nahitaezkoa da ulertzea eskualde testuingurua eta bere espezializazioa atzematea: zein alderdik bereizten duen ekonomikoki beste lurralde batzuetatik, zein enpresa indargune dituen, zein espezializazio zientifiko-teknologiko edo zein ekintzailetza dinamika sortzen diren lurraldean. Hortik aurrera, lehiakortasun handiena eta etorkizunean eskari handiena duten esparru ekonomikoak lehenestea.
Proiektua gauzatzeko, Sodenak eskualde estrategiarako taldeak egiten duen eskualdeko ekonomia diagnostikoa eguneratzeko lanak partekatu ditu; Orkestrak diagnostiko eta analisi arloko ezagutza emango du, eta sei ikertzailez osatutako talde bat, Mikel Navarro Orkestrako ikertzailea eta Deustuko Unibertsitateko Ekonomiako katedraduna buru duena, eta Inarbek ere Pablo Arocena institutuko zuzendariak koordinatutako ikertzaileen talde bat emango du.
Sodenak, proiektuaren koordinatzaile gisa, Orkestraren espezialitateko lan ardatz hauek sartuko ditu berritasun modura: eskualdeko benchmarkinga eta analisia (Nafarroako enpresa gaitasunen eta inguru teknologikoaren lehiakortasunaren diagnostiko konparatua); Nafarroaren merkataritza espezializazioaren analisia, zeinak oinarritzat baitauzka kanpo merkataritzako datuak eta enpresen ekonomia eta finantza analisi konparatua.
Orkestraren ezagutzak eta gaitasunak Sodena eta Inarberi eskualdatzeko lan prozesu bat sortzen ere ahaleginduko da proiektua, ezagutza eta gaitasun horiek beharrezkoak baitira Sodenak eta Inarbek etorkizunean analisi mota horiek egiteko eta estrategia diseinatu, ezarri eta haren jarraipena egiteko. Inarbeko ikertzaileak prozesuan integratuko dira proiektuaren exekuzioan erabilitako ezagutza eskuratzeko.
Lehiakortasuna sustatzea
Orkestrak eta Inarbek etorkizunean izango dituzten lankidetza modalitateak ezartzen ditu gaur NUPen sinatutako hitzarmenak: ikerketa eta garapeneko proiektu eta programen exekuzioa; elkarri aholkularitza ematea; proiektuetarako erabilgarria den materialerako edo datu baseetarako sarbide partekatua; eta Nafarroako ikerketa eta garapen ekonomikoa gizartean sustatzeko jarduerak antolatzea eta gauzatzea.
Pablo Arocena NUPeko katedradunak eta Inarberen zuzendariak esan duenez, hitzarmen honek "aitortzen du erakundea erreferentziako ikerketa erakunde bat dela gure erkidegoan enpresa eta eskualdeko lehiakortasuna aztertzen eta ebaluatzen eta politika publikoak orientatzen lagunduko duen ezagutza espezializatua sortzeko".
Sodena, Orkestra eta Inarbeko organoek aurretiaz baimendu behar dituzte hitzarmen honek ekar ditzakeen lankidetza zehatzak, eta jarraipen batzorde bat sortuko da. Gutxienez ere sei hilabetez behin bilduko da batzordea.
Inarberen (Institute for Advanced Research in Business and Economics) xedea da ezagutza berria sortzea, erabaki-hartzea hobetzen, politika publikoak orientatzen eta enpresen lehiakortasun dinamika analizatzen lagunduko duena. Horretarako, maila akademiko goreneko ikerketa egiten du (merkatuen analisia, eragileen politikak eta estrategiak, eragina gizarte-ongizatean, etab.), irakaskuntzako programa espezializatuak, eta ekonomia eta gizarte eragileekin elkarreragina dauka.
Bestalde, Orkestra bere sorreraren 10. urteurrena ospatzen ari da aurten. Deusto Fundazioaren barruan sortu zen, Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasuna benetan hobetzen laguntzeko xedearekin eta horren bidez bere herritarren ongizateari laguntzeko eta aldi berean eskualde lehiakortasunaren esparruan erreferentziako ezagutza sortzeko. Unibertsitatearen, administrazio publikoen eta inguruneko enpresen apustu estrategikoaren emaitza da bere sorrera, sinetsita baitaude lehiakortasunari buruzko ezagutza sortzea eta eskualdatzea funtsezkoa dela gizartearen etorkizunerako.