IS-FOOD institutuko zenbait ikertzaile, María José Beriáin katedradunarekin (7. eskuinetik hasita), NUPen.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) IS-FOOD institutua (Research Institute on Innovation & Sustainable Development in Food Chain), Nekazaritza Elikagaien Katearen Berrikuntzarako eta Jasangarritasunerako institutua martxan jartzea onetsi du, elikagai seguru, jasangarri eta osasungarriak ekoiztu, berritu eta sustatzeko. Institutu honetan biltzen dira Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoarekin (NIGMET) loturiko ikerketa taldeak. Natura Ingurunearen Zientzien Saileko María José Beriáin Apesteguía katedraduna da Institutuaren sustatzaile nagusia.
Institutu honen berrikuntza da elikagaiei buruzko ikerketa eta berrikuntza, biak aldi berean hartzen dituela aintzat, eta elikatze-katearen kate maila guztiak betetzen dituela, lehengaien ekoizpenetik kontsumitzailearenganaino, tarteko aldi guztiak barne direla.
Sektorearen arazoak, erronkak eta aukerak era orokorrean kontuan hartzeko, institutuak nekazaritza elikagaien balio-katearen eragile guztiak diziplina anitzeko ikuspegi batetik aztertzearen aldeko apustua egin du, eta horrek gainera ekoizpen prozesua erabat kontrolatu ahal izatea dakar, hau da, trazabilitatea bermatzea.
Institutuak nekazaritza elikagaien katearen ekoizpena eta berrikuntza sustatu nahi ditu, oinarritzat hartuz ingurumenarekiko begirunea gordetzen dituzten ekoizpen-sistemak erabiltzeko eskakizuna.
Hiru ikerketa-lerro nagusi
Institutuaren ikerketa lerroek hiru ardatz nagusi dituzte: XXI. mendeko giza-elikaduraren erronka, ekoizpen jasangarri eta elikagaien kalitatea, eta berrikuntza nekazaritza elikagaien arloan.
Lehen kasuan, institutuak kontsumitzailea hartzen du kontuan. Horregatik, ikertzaileek hiritarren elikatzeko ohiturak, beharrak, lehentasunak eta bizimoduak aztertuko dituzte, eta saiatuko dira merkataritza-estrategia jasangarri eta global berriak txertatzen, eta produktu berriak aurkitu nahiko dituzte, eta gero bezeroek berrikuntza hauek onar ditzaten.
Ekoizpen jasangarriari eta elikagaien kalitateari dagokionez, institutuak nekazaritza-ekoizpenaren eta abeltzaintza jasangarriaren sistemen hobekuntza ikertuko du. Nekazaritza-jardunak ingurumenean daukan oihartzunaren ebaluazioa eta elikagaien segurtasuna eta trazabilitatea ere ikertuko ditu, produktuen kalitatearen aurreikuspena eta berrespena eginez, teknika ez-hondatzaile, instrumental eta sentsorialen bidez.
Azkenik, nekazaritza elikagaien berrikuntzari dagokionez, elikagaien prozesuen berrikuntza bilatuko du, alor hauek landuz: produktuak prestatzeko eta kontserbatzeko teknologia berriak; ezaugarri osasungarriak dituzten elikagaiak, elikagai funtzionalak edo behar nutrizional bereziak dituztenentzako elikagai egokituak formulatzea eta garatzea; eta elikagaien erabilgarritasun-bizitzaren hobekuntza, sistema jasangarrien eta osagai naturalen bidez. Gainera, nekazaritza eta elikagaien enpresetako kudeaketarako prozesu berritzaileak bultzatuko ditu.
Nafarroako eta Ebro ibarreko ekonomiaren alde
IS-FOOD institutuak bat egiten du Nafarroako eta Ebro ibarreko ekonomiaren zutabeetako batekin, nekazaritzako industriarekin alegia. Jakina denez, NUP Campus Iberusen kidea da, eta institutuaren intereseko gaiak bat datoz Ebro Ibarreko nazioarteko bikaintasunaren campus honen espezializazio-arlo batekin: nekazaritza elikadura eta nutrizioa.
IS-FOOD institutuarekin, dagoeneko lau dira NUPen ikerketa institutuak: INAMAT (Institute for Advanced Materials), INARBE (Institute for Advanced Research in Business and Economics) eta ISC (Institute of Smart Cities).