“Erronka Berriztagarrian” parte hartu zuten NUPeko Industria Ingeniaritzako Masterreko ikasleak argazkirako jarriak, erronka amaitzean.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Industria Ingeniaritzako Masterreko 49 ikaslek parte hartu dute “Erronka Berriztagarria” lehiaketan. Unibertsitateko Energia Berriztagarrien Katedrak antolatu du lehiaketa lehendabiziko aldiz. Ikasleak taldetan banatuta zeuden, eta 24 orduz jarraian lan egin dute aipatu katedrarekin lotutako enpresek proposatutako berrikuntza proiektuei irtenbidea aurkitzeko. Jarduera honen bidez Energiaren III. Astea burutu zuen aipatu katedrak.
Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) masterretako lehen ikasmailako ikasleei zuzenduta dago Energiaren III. Astea, eta bere helburua izan zen energia berriztagarrien arloko teknologiak eta enpresak ikasleei hurbiltzea. Horretarako, erronkaz gainera, katedrak saio bat antolatu zuen, eta bertan arloko enpresetan egiten duten lana azaldu zuten NUPeko ingeniari tituludun hauek: Marta Barreras, Gamesakoa; José Javier Barricarte, Ingeteam-ekoa; Arantza Esparza, Acciona WindPower-ekoa; Íñigo Ostiz, Acciona Energiakoa; eta Javier San Miguel, CENERekoa (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala).
Talde irabazlea. Eskuinetik ezkerrera: Iker Belloso, Nora Ubani, Carmela Nieto, Sergio Pérez, Irene Beisti y Elena Olmedo.
Irene Beisti Antoñanzas, Iker Belloso Sancet, Carmen Nieto Mariño, Elena Olmedo Rodríguez, Sergio Pérez Calvo eta Nora Ubani Andrések osatutako taldeak irabazi zuen erronka. Ideia irudimentsuak aurkeztu zituzten, izpia errodamenduetatik ez baizik eta beste bide alternatibo batzuetatik eramateko. Lehen saria 300 eurokoa zen.
Akzesita 100 eurokoa zen, eta Adrián Carrera Domínguez de Vidaurreta, Pablo de Sebastián Canivell, Javier Íñigo Labairu, David Martínez Larrea, Íñigo Nuin Vidaurre eta José Javier Rosas Echeverríak osatutako taldeari eman zioten. Beren proiektuan hozteko sistema berritzaileak aurkeztu zituzten “offshore” turbina eolikoetarako (itsasaldetik urrun).
24 orduz jarraian lan egin zuten
Akzesita lortu zuen taldea. Ezkerretik eskuinera: Adrián Carrera, Javier Rosas, Íñigo Nuin, David Martínez, Pablo de Sebastián y Javier Íñigo.
Erronkan parte hartu zuten ikasleak 24 orduko itxialdia egin zuten Iruñeko Arrosadiko campuseko Sario eraikinean, eta antolakuntzak bazkaria, afaria, gosaria eta otordu arterako ahamenen bat eman zizkien. Aldi horretan, enpresek proposatutako proiektu batean kontzentratu zen talde bakoitza, eta erantzun berritzaile bat garatu behar izan zuten erronka horretarako.
Proiektuen defentsa eta sari banaketa TIIGMETeko ekitaldi-aretoan egin zen, eta bertan izan ziren Energia Berriztagarrien Katedrarekin lotutako enpresen ordezkariak eta katedrako irakasleak, Pablo Sanchis Gúrpide zuzendaria, David Astrain Ulibarrena zuzendari teknikoa, eta Idoia San Martín Biurrun idazkari teknikoa.
NUPeko Energia Berriztagarrien Katedra 2010ean sortu zen, lankidetzarako esparru-hitzarmen bati esker. Hitzarmena Unibertsitatearen eta Acciona Energía, Acciona Windpower, Gamesa, Ingeteam enpresen eta CENER delakoaren artean izenpetu zen, ikerketa eta irakaskuntza jarduera batera egiteko.