Joan eduki nagusira

zoom Saria jaso duten zazpi doktoreetatik bost. Ezkerretik eskuinera: Mikel Galar, Alfredo Ursúa, Francisco Idareta, Sara Martínez de Morentin eta Martín Gastón, NUPeko Liburutegian

Saria jaso duten zazpi doktoreetatik bost. Ezkerretik eskuinera: Mikel Galar, Alfredo Ursúa, Francisco Idareta, Sara Martínez de Morentin eta Martín Gastón, NUPeko Liburutegian

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2010-2011 eta 2011-2012 ikasturteei dagozkien doktoretzako zazpi aparteko sari eman ditu. Saridunak, ordena alfabetikoan jarrita, hauek dira:  Ion Celay Leoz (Osasun Zientziak), Gabriel Davidov Pardo (Nekazaritza Zientziak eta Nekazaritzako Elikagaienak), Mikel Galar Idoate eta Martín Gastón Romeo (biak Industria Zientziak eta Teknologiakoak), Francisco Idareta Goldaracena (Giza eta Gizarte Zientziak), Sara Martínez de Morentin Osés (Ekonomia, Enpresa eta Zuzenbidea) eta Alfredo Ursúa Rubio (Komunikazioen Teknologia, Bioingeniaritza eta Energia Berriztagarriak).

Ion Celay Leoz, Iruñekoa da eta Biologian eta Biokimikan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean. Gero doktoretza tesia egin zuen NUPeko Osasun Zientzien Sailean, Ignacio José Encío Martínez irakaslearen zuzendaritzapean. Bere tesiak aztertzen zuen azido erretinoikoaren bi aldaerak sortzen dituzten ondorioak neuroblastomaren zelula-lerroetan, hau delarik adin pediatrikoan maizen izaten den garezurraz kanpoko tumorea. Lan honek bidea ematen du lehenagoko emaitzak berresteko, zelula-bereizketari eta apoptosiari (zelulen heriotza mota bat) dagokienez, eta zehazteko zein bide egon litekeen sartuta prozesu horietan, eta zein ez. Gaur egun Iruñeko CIMAn (Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroa) lan egiten du, ikerketarako laguntzaile.

Gabiel Davidov Pardo mexikarra, herrialde hartako Unibertsitate Iberoamerikarrean Elikagaien Teknologian lizentziatu eta gero, NUPera etorri zen, eta hemen egin du bere tesia, Nekazaritzako Elikagaien Industrien teknologiari eta kalitateari buruz. María Remedios Marín Arroyok eta Iñigo Arozarena Martinicorenak, Elikagaien Teknologia Saileko irakasleek zuzendu dute ikerketa, ardoa eduki duena gai nagusi, ardoak erakutsi duelako, dituen osagarri fenolikoengatik, antioxidatzaile naturalen iturri aberatsa dela, eta hauek dira erradikal askeek zelulen gainean egiten dituzten kalteak blokeatzen dituztenak. Gabriel Davidov Pardok mikroenkapsulazioaren teknika ikertu zuen. Teknika hau ona da mahats-hazien aterakinen ahalmen antioxidatzaileari eutsi eta osasunerako onuragarriak diren elikagaien osagai bihurtzeko. Gaur egun irakaslea eta ikertzailea da Kaliforniako Estatuko Unibertsitate Politeknikoan (Estatu Batuak).

Mikel Galar Idoate iruñearra kudeaketako informatikako ingeniari teknikoa eta informatikako ingeniaria da NUPen, eta “Soft Computing” eta Sistema Adimentsuen Masterra egin zuen Granadako Unibertsitatean. Edurne Barrenechea Tartas (NUP), Alberto Fernández Hilario (Jaengo Unibertsitatea) eta Francisco Herrera Triguero (Granadako Unibertsitatea) irakasleek zuzendu zuten bere doktoretza tesia. Haren ikerketaren gai nagusia izan zen makinen ikasketa automatikoa, hau da, aldez aurretik ezagutzen dituzten egoeretatik abiatuta automatikoki ikas dezaten saiatzea, halako moldez non proposatu baitzituen metodo berriak sailkapen automatikoan emaitza hobeak lortzeko. Ikerketa honetan erabiltzen den teknika medikuntzan, bankan, haize-sorgailuen sistemetan edo "smart cities" direlakoan aplikatzen ahal dira. Galarrek NUPen lan egiten du gaur egun, Automatika eta Konputazio Saileko laguntzaile doktorea baita, eta Humberto Bustince Sola katedradunak zuzentzen duen Adimen Artifizialeko eta Arrazonamendu Hurbilduari buruzko ikerketa taldeko (GIARA) kidea da.

Martín Gastón Romeo Ansokoa da (Huesca). Matematika lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta NUPen doktoratu zen Fermín Mallor Giménez (NUP) katedradunak eta Mª Teresa León Mendoza (Valentziako Unibertsitatea) irakasleak zuzendu zuten tesi batekin. Bere ikerketaren gai nagusia funtzio datuen azterketa izan zen, hau da, estatistikaren adar bat, zeinean oinarrizko informazio unitatea ez baita datu diskretu klasikoa, funtzio bat baizik. Hainbat metodologia proposatu zuen funtzio datuen sailkapenari buruzko problemei aurre egiteko, eta arrakastaz aplikatu ziren hainbat eremutan, esaterako gaixoen harrera-erregistroetatik abiaturiko ospitale-larrialdien sistema baten kudeaketan; kirol zientzietan, kirolarien indar-kurben analisian kirolarien ahalegin-probetan; edo energia berriztagarrietan, eguzki-erradiazioaren kurben sailkapenean. Gastonek ia hamabi urte egin ditu lanean Sarrigurengo CENER (Energia Berriztagarrien Zentro Nazionala) zentroan.

Francisco Idareta Goldaracena, Iruñekoa da eta NUPen egin zuen doktoretza, Emmanuel Lévinasen etika gizarte lanari hurbiltzen zion tesi batekin, filosofo juduak proposatzen dituen sentiberatasun eta zainketa nozioetatik abiaturik. Lanak nabarmendu zuen zer garrantzi daukan emozioak ongi kudeatzeak erabaki etikoak hartzeko, eta beharrezkoa dela jarrera kritikoa eta autokritikoa izatea jardun profesionalean. María Jesús Úriz Pemán Gizarte Laneko Saileko irakasleak zuzendu du doktoretza tesia, eta Espainia osoko historian gizarte lanari buruzko gaian doktoretzako aparteko sari bat jaso duen lehen tesia da. Idareta gizarte laneko profesionala izan da hainbat urtetan, eta gero NUPeko Gizarte Laneko Sailean hasi zen egiten bere ikerketa eta irakasle lana. Saileko zuzendariordea da eta Efimec (Etika, Filosofia eta Zientziaren Metodologia) ikerketa taldeko kidea da. Uriz irakaslea da taldeko horretako burua.

Sara Martínez de Morentin Osés, Larragakoa da (Nafarroa). NUPen egin zen Ekonomian lizentziaduna, Ikasketen Amaierako Aparteko Saria irabazi zuen, eta bere doktoretza tesia Alberto Bayo Moriones (Enpresen Kudeaketa Saila) eta José Enrique Galdón Sánchez (Ekonomia Saila) katedradunen zuzendaritzapean egin zuen. Bere gaia da zer faktorek eragiten duten giza baliabideak kudeatzeko politika jakin batzuk hartzea, kontuan harturik bai enpresa baten barne-gorabeherak baita enpresatik kanpoko gorabeherak ere. Horrela, emaitzen araberako ordainketa-sistemak edo soldata-doiketak bezalako gaiak aztertu ziren. Bere lana BBVA Fundazioak finantzatu duen beste ikerketa zabalago baten partea da. Lanari esker posible izan da giza baliabideen kudeaketarako praktikei eta lan-harremanei buruzko galdetegi bat eta informazio handia duen datu-base bat diseinatzea. Horretarako, Espainiako manufaktura-industrien lagin bat erabili da. Martínez de Morentin, gaur egun, NUPeko Ekonomia Saileko laguntzaile doktorea da.

Alfredo Ursúa Rubio San Adriangoa da (Nafarroa). Industria Ingeniari titulua lortu zuen NUPen, eta Ikasketen Amaierako Proiektu Onenaren saria eman zion Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargoak. Pablo Sanchis Gúrpide Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakasleak zuzendu du bere tesia, iturri berriztagarrietatik aplikazio energetikoetarako hidrogenoa sortzeko modurik eraginkorrenak ikertu zituena. Hain zuzen ere, ekipo elektroniko bat garatu du, energia efizientzia % 11 handiago bihurtzen duena, aplikazio energetikoetarako hidrogenoa elektrolisi alkalinoaren teknologiaren bidez sortzeko prozesuan. Berak azaltzen duenez teknologia hori "industrian garatuena eta erabiliena da, eta horregatik abiapuntu hoberenean dago energia berriztagarriekin integratzeko". Ursúa, gaur egun, NUPeko Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoko Saileko irakaslea da, baita Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoko (TIIGMET) zuzendariordea, INGEPER ikerketa taldeko kidea eta ISmart Cities Insitutuko ikertzailea ere.