Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUPek) unibertsitateko komunitatearen eta, lehendabiziko aldiz, nafar gizartearen parte-hartzeari ireki dio bere 2016-2019 IV. Plan Estrategikoa. Unibertsitateak ematen dituen zerbitzuen kalitatea hobetu eta Foru Erkidegoaren gizarte eta ekonomia garapenean eraginkortasun handiagoz lagundu nahi du dokumentuak. Gaurtik, martxoak 9, asteazkenetik, martxoaren 23ra arte proiektu honetan parte hartu nahi dutenek ekarpenak eta iradokizunak egiteko aukera dute Unibertsitatearen webgunearen bidez, eta aipatu dokumentua kontsultatzeko aukera ere izango dute webgunean.

IV. Plan Estrategikoaren helburua da Unibertsitatearen lehentasunezko jardun lerroak ezartzea, irakaskuntza, ikerketa, jakintzaren transferentzia eta bere ingurunearekiko proiekzioari dagokienez 2016-2019 aldian. Plan berri honek unibertsitateko komunitate osoaren eta bera osatzen dutenen parte-hartzean jarri nahi izan du arreta, dokumentua barne komunikazioa hobetu eta unibertsitateko jarduerak gizartean duen ikusgarritasuna areagotuko duen ardatz bihur dadin. Plangintza estrategikoa Unibertsitatearen jarduera hobetzeko tresna bat ere bada. Unibertsitatearen eginkizunen artean dago Nafarroako gizartearen garapen sozial eta ekonomikoan laguntzea.

Oinarri estrategikoak zehaztu eta gero, Plan Estrategikoaren prestakuntza bigarren aldi batean sartu zen, hau da, helburu operatiboak, jarduerak eta adierazleak jartzeko aldian bere oinarrian dauden sei ardatzetarako: ingurunea, prestakuntza, nazioartekotzea, ikerketa, antolaketa eta baliabideak, eta pertsonak.

Bai unibertsitateko komunitateko, bai ekonomia, gizarte eta kultura inguruneko 138 pertsonak osatutako talde handi batek azken hilabeteetan egindako gogoetaren eta lan handiaren emaitza da.

Esperientzia plan estrategikoetan

Unibertsitateak esperientzia dauka plan estrategikoak prestatzen eta garatzen, eta tresna erabilgarriak izan dira unibertsitateko komunitateari ematen zaizkion zerbitzuen kalitatea hobetzeko eta unibertsitateak zerbitzu ematen dion gizarteari kontuak emateko. Zehazki, plangintza estrategikoa mende hasieran hasi zen, I. Plan Estrategikoa (2001-2004) abian jarri zenean. Gero bigarren (2005-2009) eta hirugarren (2011-2014) plan estrategikoak etorri ziren. Hirugarrena urtebeterako luzatu zen, 2015. urtearen amaiera arte.

“Zure iradokizunak eta ekarpenak oso garrantzitsuak dira, are gehiago kontuan hartzen bada gure lanaren kalitatea hobetuko duen eta nafar gizartearen garapen sozial eta ekonomikoan eraginkortasun handiagoz lagunduko duen jauzi kualitatibo bat egiteko aukera duela une honetan Unibertsitateak”, idatzi du Alfonso Carlosena errektoreak IV. Plan Estrategikoaren aurkezpenean.