4 eta 18 urte arteko 955 ikaslek, Nafarroako 23 ikastetxetakoek, "Sierpinskiren alfonbra" izeneko proiektuan parte hartuko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan datorren astelehenean. Almeriako Unibertsitateko Matematika Sailak sustatzen du proiektu hau, zeinaren asmoa baita fraktal geometriko erraldoi bat eraikitzea, bi zentimetro aldea daukaten eranskailu karratuen bidez. Ekitaldi honekin "Pi zenbakiaren eguna" ospatu nahi da. Padre Moret–Irubide Institutuko Matematika irakasle talde batek eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Ebaluazioa eta Kalitatea Atalak antolatu dute ekitaldia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren laguntzarekin.
Fraktala objektu bat da, zeinaren oinarrizko egitura errepikatu egiten baita hainbat eskalatan. Egitura geometriko irregularrak eta xehetasun infinitukoak dira. Egitura natural asko, esaterako hodeiak, itsasertzeko lerroa edo elur-malutak, fraktalak dira.
Ekitaldi hau "Pi zenbakiaren egunean", hau da, 2016ko martxoaren 14an egitearen arrazoia da herrialde anglosaxoietan datak idazteko modua, lehen hila idazten dutelako, gero eguna, eta azkenik urtea (3/14/16), eta Waclaw Sierpinski matematikariaren jaiotzaren urteurrena delako.
Almeriako Unibertsitateko Matematika Sailak antolatzen du “Sierpinskiren alfonbra” proiektuaren azken ekitaldia, zeinari Nafarroan aipatutako taldeak batu baitzaizkio. Helburua da Waclaw Sierpinskik 1916an argitaratu zuen fraktala bezalako fraktal geometriko erraldoia egitea. Zehatz esateko, 2016ko proiektuaren helburura da fraktalaren 7. iterazioa (errepikapena) egitea, eta deskubritu zeneko ehungarren urteurrena ospatzea. Proiektuak 37 herrialdetako 512 ikastetxeri eragingo die.
Nafarroan 34 ikastetxe
Nafarroak fraktalaren 6. iterazioa egiteko laguntza ematen du. Guztira, Nafarroako 34 ikastetxe eta 60 irakasle daude ekimenean sartuta, ikasleek aldez aurretik egin baitute beren ikastetxeetan beren alfonbra-zatia. 23 ikastetxetako 955 ikasle (horietako 90 monitoreak izango dira) Unibertsitatera etorriko dira alfonbraren azken muntaketa egitera. Hau 14,58 metroko aldea duen irudi karratu bat izango da.
Ekintza Unibertsitateko kiroldegian izango da, goizeko 10:30etik aurrera. Ekitaldiari hasiera emateko, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilaria José Luis Mendozak eta NUPeko errektorea Alfonso Carlosenak hitz egingo dute, eta Padre Moret – Irubide BHIren flauta-orkestrak jo egingo du. Geroago ikasleek fraktalaren 6. iterazioa eta Pi zenbakiaren hurbilketa eraikiko dute, eta Pi zifren photocall bat izango da. Ekitaldiari amaiera emateko, talde-argazkiak egingo dira alfonbraren ondoan.
Ekitaldi honen helburuetako bat da fraktal kontzeptua ezagutzera ematea, Sierpinskiren alfonbra bezalako adibide klasiko baten bidez; beste bat, ikasleek autoantzekotasunean oinarritzen den fraktalaren eraikuntza ikas dezaten; beste helburu batzuk hauek lirateke: eskuzko eta ikusizko lana garatzea, lan kooperatiboa goratzea eta elkartasuna, begirunea eta berdintasuna bezalako balioetan heztea.