NUPek argitaratzen duen "Huarte de San Juan. Geografia eta Historia" aldizkariaren azken alearen azala.
Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP), Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearen bitartez, Huarte de San Juan. Geografia eta Historia aldizkariaren beste ale bat argitaratu berri du. Ale hau Juan Pablo Fusi Aizpurúa (Donostia, 1945) irakasleari dedikatuta dago, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Historia Garaikideko katedraduna izateari utzi eta erretiratu delako. Argitalpenak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Valentin de Foronda Gizarte Historiaren Institutuari buruzko txosten bat dakar, baita ere. Argitalpena eskuratzen ahal da Unibertsitatearen Academica-e "online" bilduma instituzionalaren bidez.
Javier Ugarte Tellería EHUko irakasleak erretiratu berri den katedradunari buruzko artikulu bat idatzi du, "Fusi zer den historiografia espainiarrarentzat" izenburukoa. Bertan, egileak Juan Pablo Fusiren ibilbide akademiko eta profesionala errepasatzen du, historialariarentzat eta, orokorrean, euskal bizitza publikorako eta Espainiako bizitza publikorako zer esan nahi duen azaltzen du.
Huarte de San Juan. Geografia eta Historia aldizkariak 1994an sortu zen Valentin de Foronda Gizarte Historiaren Institutuaren lana aztertu du. Bertan hainbat ikertzaile biltzen dira, zeinek edotariko gaiak hartzen baitituzte, gizarte historiatik, zentzu generikoenean, hasi eta nazionalizazio prozesuak eta indarkeria politikoarekin eta terrorismoarekin daukaten harremanarekin bukatzeko, Euskadiren kasuan.
EHUko zazpi irakaslek aztertu dute institutu horren ibilbidea, artikulu hauen bidez: "Bolizko dorrearen beheko solairuan. Valentín de Foronda Institutuaren ibilbidearen hogei urte" (Antonio Rivera); "Valentín de Foronda Institutua ikertzaile berrien ernaldu, garatu eta finkatzeko espazioa den aldetik" (Víctor Manuel Amado Castro) ; "Probintzia, nazioa eta aberria. Identitateen tratamendua euskal historiografian" (Mikel Aizpuru eta José M. Portillo); "Indarkeria politikoaren historia, memoria eta biktimak" (José Antonio Pérez Pérez); UPV/EHUko Valentín de Foronda Gizarte Historiaren Institutuak gizarte-historiografiari egindako ekarpenak" (Rafael Ruzafa Ortega); eta "Gizarte historiaren kultura unea" (Javier Ugarte Tellería).
Errepresioa Nafarroan Gerra Zibilean
Huarte de San Juan. Geografia eta Historia aldizkariaren ale honek badakar, baita ere, Lizarrako erriberan irakasleek eta emakumeek Gerra Zibilean (1936-1939) pairatu zuten errepresioari buruzko artikulu bat. Rubén Martínez Aznal EHUko Historia lizentziadunaren arabera, gatazka belikoa gertatu zen bitartean Nafarroako alde honetan 25 irakasle (hamalau gizon eta hamaika emakume) depuratuak izan ziren (lanpostutik erauziak, enplegu eta mugari gabeko soldata etendura-egoeran utziak, eskola galduz, edo zehapena jarri zitzaien) eta 311 emakume torturatuak izan ziren.
"Irakasleen depurazioa egiteko, jarrerari buruzko txostenak erabili ziren, eta horren kudeaketa egitearen arduraduna Hezkuntzaren Goi Mailako Batzarra izan zen —idatzi du Martínez Aznalek aldizkarian—. Emakumeen aurkako errepresioa kontzientea eta aldez aurretik pentsatua izan zen, zeremonia jakin baten bidez burutzen zen, eta horrela jasaten zutenen umilazio publikoa bilatzen zen. Ilea larru-arrasean moztea, torturak eta errizino-olioa izan ziren gehien erabili ziren moduak".
Martínez Aznalek errepresioaren kasu zehatzak biltzen ditu bere artikuluan, toki hauetakoak: Andosilla, Azagra, Cárcar, San Adrián, Lodosa, Mendavia, Azkoien edo Sartaguda.
Artea eta biografia
Halaber José Mª Muruzábal del Solarrek (Historian doktoreak) Tomás de Altuna euskal eskultoreak Baztán Bidasoa eskualdean egindako obrak aztertu ditu; Víctor Pastor Abáigar fraide marista eta historialariak Antonio López de Mirafuentes y Ortiz de Bobadilla nafar noblearen bizitza aztertu du.
Azkenik, Raúl López Romok eta Barbara van der Leeuw-ek, biak EHUkoek, Holokaustoaren biktimen bi memorial aztertu dituzte (Kazerne Dossin, Mechelen-en, Belgikan; eta Europako Berlinen erahildako juduen Memoriala), Euskal Herrian aplikagarriak liratekeen irakaspenak lortzeko asmoz, terrorismoaren biktimen oroimenezko zentroak martxan jartzen hasi direnez.
Alea osatzeko, hiru doktoretza tesiren berri ematen da (José María Espinosa de los Monteros y Jaraquemada, Merche Osés Urricelqui eta Nerea Pérez Ibarrolarenak) eta bi liburu-iruzkin argitaratu dira.