Joan eduki nagusira

zoom Iñaki Cornago Santos ingeniaria, NUPen

Iñaki Cornago Santos ingeniaria, NUPen

Iñaki Cornago Santos industria ingeniariak (Iruñea, 1984), medikuntzan, elikaduran edo ingurumenean biosentsore moduan erabiltzen ahal diren eskala nanometrikoko egiturak garatu ditu, gaixotasunak, alergenoak edo gai kutsakorrak atzemateko, edo eguzki-plaken islapena gutxiagotzeko ere erabiltzen ahal direnak, hauen efizientzia handiagotzeko. Hau da bere tesian bildu duen ondorioa. Tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan defenditu du, eta bikain "cum laude" lortu.

"Urteetan zehar, material erdieroaleen industriari esker, aurrerapen handiak egin dira mikro eta nanofabrikazio tekniketan —azaldu du Cornagok—. Aurrerapen hauen helburua da gero eta osagai txikiagoak fabrikatu ahal izatea, eta elkarrengandik gero eta hurbilago daudenak, miniaturizazioa deitzen den joera bati jarraituz".

Mikro eta nanofabrikazio prozesuetan erabiltzen diren tekniken barruan, Cornagok, bere doktoretza tesian, laserren interferentziaren bidezko litografia deitzen dena erabili zuen. Teknika honen funtsa da laser erradiazio bat material fotosentikor baten gainean aplikatzea eskala nanometrikoko egiturak sortzeko. Bere kasuan beira, urrea eta silizioa erabili zituen, besteak beste, eta lerro, zulo, zutoin edo kono itxura eman zien.

zoom Iñaki Cornago, nanoegituren fabrikazio prozesua burutzen den bitartean

Iñaki Cornago, nanoegituren fabrikazio prozesua burutzen den bitartean

Nanoegitura hauen aplikazioa bi multzotan bil daiteke: islapenaren aurkako gainazalak eta biotsensoreak.  "Lehen kasuan, argia gainazal batera iristen denean sortzen den islapena txikiagotzeko erabiltzen dira —azaldu du Cornagok—. Mekanismo honekin, betaurrekoetan, leihoetan edo autoetako kristaletan sortzen diren islapen gogaikarriak txikiagotzen ahal dira, esaterako, baita eguzki plaketan sortzen den islapena ere, eta honek zelula fotovoltaiko horien efizientzia handiagotzen ahal du".

Erantzun optikoa erreakzio biologiko bati

Aplikazioan bigarren multzoari dagokionez, nanoegiturak erabiltzen dira "erantzun optiko jakin bat lortzeko, zeinak, erreakzio biologiko batekin, informazioa lortzeko bidea ematen baitu, substantzia jakin bat lagin batean egoteari buruz". NUPeko Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saileko irakasle Rafael Rodríguez Tríasek eta ingeniaritza doktore Javier Bravo Larreak zuzendu dute tesia, zeinak aurkezten baitu "hainbat biosentsore mota, arlo batzuetan erabiltzen ahal direnak: elikagaien industrian, esaterako, gluten edo fruitu lehorrak bezalako alergenoak aurkitzeko; biomedikuntzan, odola edo gernua bezalako lagin biologikoetan gaixotasunak atzemateko; edo ingurumenean, itsasoko uretako toxinak edo kutsatzaile kimikoak atzemateko".

Nanoegitura hauek fabrikatzeko prozesuak Noaingo Cemitec zentroan (Industriarako Teknologietako Diziplina anitzeko Zentroa) garatu dira, han egin baita tesi honetan aurkezten den lanaren parte handi bat. Zentro teknologiko honen helburua da enpresen lehiakortasuna handiagotzea I+G erako proiektuen garapenaren bidez, eta ADItech Korporazio Teknologikoko partaidea da. Zentroan fabrikazio teknika hauekin lan egiten da eta beste batzuk ikertzen dira, esaterako nanoinpresioaren bidezko litografia, tesian aurkezten diren bezalako aplikazioetan erabiltzeko moduko nanoegiturak bikoizteko, eta beste batzuk: esaterako, gainazalei hidrofobotasun edo hidrofilotasun propietateak ematea (ura uxatu edo erakartzeko), produktuen faltsifikazioen aurreko segurtasuna hobetzea, edo mikroskopioak kalibratzea.

Curriculum laburra

Iñaki Cornago Santosek industria-ingeniari teknikoaren titulua lortu zuen, Mekanika espezialitatean, eta gero industria ingeniariarena Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non gero Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterra burutu baitzuen.

2008an FideNa-n sartu zen (Nanoteknologiaren Ikerketa eta Garapenerako Fundazioa), eta gero erakunde hau 2013an Cemitec-ekin batu zen, eta han jarraitzen du garatzen gaur egun bere ikerketa-lana. 2011. eta 2012. urteen artean ia urtebeteko egonaldi bat egin zuen MITen (Massachusetts-eko Teknologia Institutua), Estatu Batuetan.