Joan eduki nagusira

zoom Cristina Bayona errektoreordea (ezkuinean) eta Marta Basterra Adecco Fundazioaren eskualde koordinatzailea hitzarmena sinatzeko ekitaldian

Cristina Bayona errektoreordea (ezkuinean) eta Marta Basterra Adecco Fundazioaren eskualde koordinatzailea hitzarmena sinatzeko ekitaldian

Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) Unidos proiektuaren kide egin da. Proiektua Adecco Fundazioaren ekimen bat da, eta 27 enpresa eta beste 9 unibertsitateren laguntza dauka: Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa, Carlos III Unibertsitatea, Rey Juan Carlos Unibertsitatea, Gaztela-Mantxako Unibertsitatea, Madrilgo Unibertsitate Autonomoa, Alcalá de Henareseko Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Valentziako Unibertsitatea eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoa.

NUPen konpromisoa gaur goizean gauzatu da Cristina Bayona Sáez Ikasleen Gaietarako, Enplegurako eta Ekintzailetzarako errektoreordeak Adecco Fundazioarekin sinatutako hitzarmen baten bidez. Adecco Fundazioa ordezkatu du Marta Basterra bere eskualde koordinatzaileak.

Cristina Bayonak nabarmendu du “proiektu honek Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere gizartearekin duen erantzukizuna eta gizarte konpromisoa indartzen duela, eta horrek eredu izatera behartzen du desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzeari dagokionez unibertsitatearen esparruan, bai eta lan merkatuan sartzeko oztopo gehigarriak dituztenekin ere. Unidos bezalako proiektu egonkortu baten kide egiteak egun ditugun ikasleei ematen diegun babesa berresten du, desgaitasuna duten belaunaldi berriei emango dieguna, etorkizunean gurekin ikastea erabakitzen badute.

Bestalde, Marta Basterrak esan du "harro egoteko modukoa dela NUP bezalako unibertsitate bat gure proiektuaren kide egitea, eta horren bidez laguntzea desgaitasuna duten pertsonek goi mailako ikasketetarako sarbidea izan dezaten bermeekin, eta gure erkidegoa berdintasunezkoagoa eta inklusiboagoa egitea.

Unidos proiektuak “mentoring”-a ezarri du Unibertsitatean

Unidos proiektua ekimen aitzindaria da Espainian, eta helburu beraren inguruan 10 unibertsitate eta puntakoak diren gure herrialdeko 27 enpresa integratzea lortu du: Adecco, Airbus, Alten, Atos, Asefa, Allianz, Bombardier, Capgemini, Caadagua, Copasa, Everis, Ferrovial Agromán, DNV, Gas Natural Fenosa, Indra, Fujitsu, Mahou San Miguel, Orange, Insa, JYSK, REE, Santa Lucia, Philips, Siemens, Schneider eta Talgo.

Proiektua 2013an sortu zen, unibertsitateko ingurunean desgaitasuna normalizatzeko, desgaitasuna duten bere ikasleen enplegagarritasun maila garatzeko eta ikasle horiei enpresa parte-hartzaileak ezagutzeko eta enpresa parte-hartzaileek beraien berri izateko aukera eskaintzeko helburuarekin.

Mentoring-a da proiektuaren figura nagusia. Proiektuaren kide diren enpresetako boluntarioek —mentoreak— desgaitasuna duten ikasleetako baten tutoretza egin eta beren ezagutza eta esperientziekin hari laguntzea erabakitzen dute (ikaslea prestakuntza hartzen ari den arloko enpresetakoak izan ohi dira mentoreak). Prozesuaren barruan daude harrera eta aurkezpen jarduerak, gutxienez ere 2 kontaktu hilean, jarraipena ikasturtean eta telefono eta online aholkularitza ikasturte osoan.

Francisco Mesonero Adecco Fundazioaren zuzendari nagusiaren arabera: "Desgaitasuna duten 17 ikaslek parte hartzen dute egun proiektuan, baina guztira 53 ikaslek parte hartu dute jada programan. Beren esperientziak oso positiboak dira, beren mentoreen laguntza eta babesa dutela badakite, eta azken urteetako enpresetan prestakuntza eta lan aukerak aurkitzen ari dira. Bestalde, mentoreek poz handia transmititzen digute, desgaitasuna hurbiletik ezagutu baitute, eta oztopoak eta estereotipoak botatzen dituzte".

Horretaz gainera, Mesonerok azpimarratzen du "oso pozgarria dela NUP bezalako unibertsitate bat proiektuaren kide egitea, ezagutza eta esperientzia gehiago ematen baitizkio orain arte proiektuaren kide zen hezkuntza komunitateari. NUP proiektuan sartuz proiektuaren onuradunak diren ikasle desgaituen kopurua areagotzea espero dugu".

Azkenik,  Adecco Fundazioaren zuzendari nagusiak azpimarratu du oso garrantzitsua dela parte-hartzaile guztiek elkarrizketarako foro iraunkor bat abian jartzea, enpresetan desgaitasuna duten profesional kualifikatuak egotea bultzatuko duten ekimenen eta praktika onen bila arituko dena etengabe.

Adecco Fundazioari buruz

Adecco Fundazioa 1999ko uztailean eratu zen, eta Adecco Taldeak giza baliabideen kudeaketaren esparruan mundu mailako lider gisa bere gain hartzen duen erantzukizun sozial korporatiboaren emaitza da. Bere helburu nagusia da lan merkatuan sartzea beren ezaugarri pertsonalak direla-eta (desgaitasuna duten pertsonak, langabezian denbora asko daramaten 45 urtetik gorakoak, partekatu gabeko familia ardurak dituzten emakumeak edo genero indarkeriaren biktimak, gizarte bazterketako arriskuan dauden beste talde batzuk) lanpostua aurkitzeko zailtasun gehiago dituzten pertsonak.Fundación Adecco