Joan eduki nagusira

zoom Aritz Romeo Ruiz, NUPen.

Aritz Romeo Ruiz, NUPen.

Aritz Romeo Ruiz (Iruñea, 1982), abokatua da eta Toki Araubideko Foru Batzordeko kidea. Bere doktoretza tesia defenditu du Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta bertan Nafarroako toki maparen atomizazioa murriztea proposatu du. Udalen eta kontzejuen berrantolaketarekin eta mankomunitateen arrazionalizatzearekin bilatzen den helburua da, beste batzuen artean, "toki administrazioari administrazio publiko batek gaur egun dituen erronkei -kontratazio publiko eraginkorra, gardentasuna edo administrazio elektronikoa, esaterako- aurre egiteko beharrezkoak diren bitartekoak eta tamaina ematea, eta tokiko autonomia, aukera berdintasuna eta lurralde-oreka bermatzea", baieztatu du.

Ikerketak nabarmentzen ditu "Nafarroarena bezalako tokiko mapa atomizatu eta minifundista batek dakartzan arazoak, 272 udal, 348 kontzeju, 64 mankomunitate eta 11 partzuergorekin, bai tokiko autonomia betearazteko benetan, bai eta dagoen lurraldeen arteko desoreka handiagotzean ere", Romerok dioenez. NUPeko Administrazio Zuzenbide katedraduna Martín Razquin Lizarragak zuzendu du tesia.

Estatuko tokiko planta eta auzi honetan Europako zenbait herritan, esaterako Alemanian, Frantzian, Italian, Erresuma Batuan edo Suedian egin dituzten erreformak aztertu eta gero, ikerketak dioena da Nafarroaren toki mapa berrantolatzeak "ihes egin behar duela irizpide ekonomiko hutsetatik". "Behar-beharrezkoa da Nafarroako toki-araubide guztia eraberritzea, eta hau hiru mailatan egin behar da: tokiko eskumenen sistemaren erreforma, tokiko autonomia eta subsidiariotasunaren printzipioa eraginkorki bermatzeko; tokiko finantzaziorako sistema berri bat eratzea, finantzazio-beharrak beteko direla bermatzeko; eta tokiko gobernuaren planta berrantolatzea", esan du Romerok.

Probatu gabeko irudi administratiborik gabe

Nafarroaren tokiko gobernuaren plantaren berrantolaketa hori dagoeneko badauden toki entitateen tipologiatik abiatzen da, "aurrekaririk gabeko lurralde erakunde berririk sortu gabe, eta probatu gabeko irudi administratiborik gabe", esan du Romeok. Zehatz esateko, tokiko administrazioaren bi mailak berrantolatuko lirateke (udalak eta kontzejuak), eta udal-mankomunitateen mapa arrazoizkoago bat egingo litzateke.

Azken kasu honi dagokionez, "interes orokorreko mankomunitate berriak eratuko lirateke, orain dauden 64ak ordezkatzeko, mankomunatu ohi diren eskumenak eta zerbitzuak hartuko lituzketenak". Eta Iruñerriko Mankomunitateari dagokionez, "bokazio metropolitano garbia duen udalen arteko lankidetza-erakunde moduan berrantolatuko litzateke, zerbitzu berriak emateko helburuarekin".

Udalei dagokienez, "beren tamaina birplanteatuko litzateke, autogobernu eraginkorra eduki ahal izateko adina populazio eta indar administratibo eduki ditzaten, eta eskumen gehiago hartu ahal izateko beharrezkoa den tamaina eduki dezaten". "Horretarako, populaziorik txikiena daukaten udalak batzea planteatzen da, Nafarroako udal gehienek lor dezaten pasatzea landa-udal depresiboaren 3. klusterra deitzen denetik nekazaritzako industriako udalen 2. klusterrera, eta are, bakar batzuk, hiri-udalen 1. klusterrera ere pasatzea litekeena izango litzateke", azaldu du.

Halaber, proposatzen du "kontzejuaren irudia berrindartzea, hiritarren parte-hartzearen tresna izan dadin, haren izaera instituzionala indartuz, populazio-gune jakin baten gorabeherak kudeatzeko erakundea denez".

Adituen batzorde batek diseinatuko luke udalen eta mankomunitateen mapa berria, kontuan hartuz "eredu eskandinaviarrean bezala, erakarmen sozioekonomikoaren guneak, azpiegituren eta dotazioen errealitatea, eta zerbitzu publikoen azpiegituren oreka, baita irizpide soziologikoak, geografikoak, komunikaziozkoak, kulturalak eta historikoak ere". "Adituen batzordearen txostena prestatu bitartean, ukitutako udal entitateek parte hartu ahal izateko prozesu bat ireki beharko litzateke, hau guztiz beharrezkoa delako prozesua arrakastaz burutzeko", esan du Romerok, azkenik.

Curriculum laburra

Zuzenbideko doktoretza egin baino lehenago, Aritz Romeo Ruizek Zientzia Juridikoen Ikerketarako Unibertsitate Masterra egin zuen Deustuko Unibertsitatean eta Zuzenbideko lizentziatura Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Iruñeko Abokatuen Elkargoko abokatua da 2006tik, eta Iruñeko Udaleko zinegotzia 2007tik. Gaur egun toki erakundeen ordezkaria da Toki Araubideko Foru Batzordean.