Joan eduki nagusira

zoom Julio Lafuente López

Julio Lafuente López

Campus Iberus partzuergoaren gobernu-organo gorenak, bere batzorde betearazleak proposatuta, Julio Lafuente López nazioarteko bikaintasun campus horretako lehendakariorde betearazle izendatu du. Hala, bere gobernu-egitura osatu da, eta egitura operatiboarekin duen elkarrekintza sendotu da.

Lehendakariorde betearazleak dituen eginkizunen artean daude partzuergoaren jarduerak zuzentzea eta koordinatzea, batzorde betearazleak ezarritako jarraibideei jarraiki, bai eta partzuergoaren urteko aurrekontuaren aurreproiektua eta urteko oroitidazkiaren eta likidazioaren aurreproiektua egitea ere.

Campus Iberus Ebro ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusa (NBK) da, gehikuntza estrategikoaz sortua, Aragoiko eta Errioxako Autonomia Erkidegoetako, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Lleidako probintziako (Katalunia) unibertsitate publikoen artean.

Julio Pedro Lafuente López (Zuera, Zaragoza, 1951) Matematikan lizentziatu zen (1973) eta doktoretza egin zuen Zaragozako Unibertsitatean (1977), eta han irakasle aritu zen 1973tik 1989ra arte.  1989. urtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan hasi zen lanean Aljebrako katedradun gisa.

Hiru doktoretza tesiren zuzendaria da, eta hainbat ikerketa-lan egin ditu. Hauetako batzuen emaitzak gaiari buruzko testu kanonikoetan ageri dira, hala nola Finite Soluble Groups, Doerk eta Hawkesena, eta Classes of Finite Groups, Ballester-Bolinches eta Ezquerrorena. Haren ikerketa-lerroek gai hauek hartzen dituzte: Talde finituak, Taldeen motak, Jatorrizko taldeak, Taldeen irudikapenak eta kohomologia eta Kodeak.

Bi urtez parte hartu du, Ikerketa Jarduera Ebaluatzeko Batzorde Nazionaleko (CNEAI) kide gisa, Matematika eta Fisiken arlo zientifikoan, eta 1989az gero, diruz lagundutako zazpi ikerketa-proiekturen ikertzaile arduraduna izan da, horietatik bost Hezkuntza Ministerioak diruz lagunduak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren hainbat titulaziotan, irakasgai hauek eman ditu: Algebra, Kalkulu eta Aljebraren Gehipena, Kodeak eta Kriptografia eta Informazioaren Teoria eta Kodifikazioa.

Hainbat erantzukizun

Horrez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, kargu hauek izan ditu: errektorea (2007-2015), Ikerketa batzordeburuordea Batzorde Kudeatzailean, Matematika eta Informatika Sailaren zuzendaria, Ikerketa errektoreordea, Irakasleen Gaietarako eta Irakaskuntza Antolatzeko errektoreordea eta Unibertsitatean Sartzeko Proben koordinatzaile nagusia. Halaber, 2008ko uztailetik 2015eko maiatzera Ikasleen Gaietarako Unibertsitate Sarearen (RUNAE) lehendakaria izan da CRUEren (Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentzia) barruan