Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) espezializazio ikastaro bat antolatu du desgaitasun intelektuala dutenentzat, eta berariazko prestakuntza eskaintzen die lan trebetasunei buruz eta laneratzeko eta lanpostuan moldatzeko modua ematen dieten alderdi sozialei buruz. Prestakuntza modu hori aitzindaria da unibertsitate eremuan, eta martxotik ekainera arte emanen zaie, arratsaldez, eta hiru egunez astean.
Unibertsitatearen ikastaro hau Unibertsitate - Gizarte Fundazioak kudeatzen du, A tu lado ekimen sozialeko elkarte mikrokooperatiboaren lankidetza dauka, eta honela du izena: Curso de Especialización en Desarrollo de Competencias Personales y Sociales para el Empleo en Personas con Discapacidad Intelectual.
“Desgaitasun intelektuala dutenek lan munduan sartu behar dute beren bizitza proiektua osorik garatzeko —dio Pablo Sotés Ruiz irakasleak, zeina ikastaroaren irakaskuntza zuzendaria baita, eta Bilakaeraren eta Hezkuntzaren Psikologiako irakasle titularra NUPeko Psikologia eta Pedagogia Sailean—. Laneratze osoa eta betegarria erdiesteko, aurretik prestakuntza egokia edukitzea komeni da, ondoren ere badirauena, beharren arabera, pertsona jada lanean ari denean”.
Horrela bada, prestakuntza trebetasun sozialetan izaten da alderdietako bat, zeinetan beharrizan gehien aurkitzen baitituzte desgaitasun intelektuala dutenek, eta “hura hobetzen badute modua edukiko dute era egokiagoan moldatzeko eta hobeki egokitzeko laneko eta gizarteko beharretara”, Sotésen esanetan.
Horretaz gainera, “desgaitasun intelektuala duenak prestakuntza espezifikoa behar izaten du zenbait lan alderdiri buruz, izan ere, enplegu bat erdiesteko modua emanen baitio eta bidea konponbide eraginkorra emateko bere zereginei, baita informazioa ere inguruko gizarte eta lan inguruaren oinarrizko alderdiei buruz”, gaineratzen du irakaskuntza zuzendariak.
10 kredituko ikastaroa
Ikastaroa desgaitasun intelektuala dutenentzat da, baldin eta prestakuntza programa bat edo programa berariazko bat egiten ari badira edo egin badute. Ohiko 10 ECTS kreditu dauzka, eta kreditu bakoitza ikaslearen 25 lan-orduren baliokidea da.
Ikastaroa hiru modulutan egituratzen da: lan trebetasunak, interakzio sozialeko trebetasunen garapena eta autonomia sozialeko trebetasunak. Landuko diren gaien artean honako hauek daude, esaterako: enplegurako sarbidea izateko behar diren dokumentuak nola prestatu, lana bilatzeko teknikak, lan merkatuari buruzko ezagupena edota nola prestatu elkarrizketa bat.
Ikastaroaren irakaskuntza koordinazioa Nafarroako Unibertsitate Publikoko Psikologia eta Pedagogia Saileko bi irakasle elkartuk hartu dute beren gain: Mª Jesús Álvarez Urricelqui Psikologiako doktoreak eta Imelda Buldain Zozaya Pedagogiako lizentziadunak. Irakasleen klaustroa aurretik aipatu hiru irakasleek eta beste hauek osatzen dute: Miriam Alli (desgaitasun intelektualaren arloko espezialitatea duen pedagogoa eta gizarte-hezitzailea), Diego González (Lehen Hezkuntzako Irakasletzan graduatua eta aditua adimen emozionalean), Daniel Montoya (desgaitasun intelektualaren eta buru gaixotasunen arloko espezialitatea duen psikologo klinikoa) eta José Ignacio Torné (psikologo klinikoa eta hezitzailea desgaitasun intelektuala duten pertsonekin).
Interesdunek "online" eman behar dute izena Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean. Informazio gehiago behar izanez gero, deitu edo idatzi Unibertsitate - Gizarte Fundazioaren Prestakuntza Arlokoei. Telefonoak: 948 16 9770 eta 948 16 9813, eta helbide elektronikoa: fundacion.formacion@unavarra.es; edo joan Unibertsitatearen webgunera.