Joan eduki nagusira

zoom López (ezk.) eta Pagola, NUPek argitaratu duen liburuarekin.

López (ezk.) eta Pagola, NUPek argitaratu duen liburuarekin.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) kalkulu diferentzial eta integralerako oinarrizko sarrera-ikastaroa hartzen duen liburu bat argitaratu du Ingeniaritzako graduetako lehen ikasmaila egiten ari diren ikasleentzat. Kalkuluaren oinarrizko alderdiak hartzen ditu, bai aldagai anizkoitzen kalkuluarenak, bai ekuazio diferentzialarenak ere, eta dena modu errazean, grafikoak eta adibide ugari erabiliz.

Hau du izenburua: “Cálculo en varias variables y ecuaciones diferenciales. Una aproximación intuitiva”, eta NUPeko Matematika eta Informatika Saileko bi irakaslek da egina:  José Luis López García Unibertsitateko katedradunak eta Pedro Jesús Pagola Martínez irakasle doktore kontratatuak.

Lanaren helburua da ikasleei erraztasunak ematea ikas ditzaten aldagai anizkoitzen kalkulu diferentzial eta integralaren teknikak, eta ekuazio diferentzial arruntarenak, dena modu erabat praktikoan, aurre egin ahal izateko ikasketetan zehar sortuko zaizkien matematika problemei, bai matematikarekin lotura zuzena duten irakasgaietan bai ez dutenetan ere.

Bi liburu mota:

“Ingeniaritzako graduetako lehen ikasmaila egiten ari diren ikasleei Kalkulua irakasten dugun esperientzian —dio José Luis Lópezek —, bi motatako testuak aurkitu ditugu: alde batetik, oso zorrotz eta konplexu direnak, zailak ulertzeko ikasleentzat, eta, bestetik, ulertzeko errazak direnak, baina irakasgaiaren kontzeptu interesgarrienei eta praktikoenei heltzen ez dietenak. Testu honetan erdiko bideari segitzen saiatu gara, aldagai anizkoitzen kalkuluaren emaitza garrantzitsuenetara ailegatzen ahaleginduz bide oso errazetatik, eta ihes eginez analisi matematikoaren metodo latzenetan ez sartzeko.

Egileek beren lanean aldagai anizkoitzen kalkuluaren eta ekuazio diferentzialen emaitza garrantzitsuenei heltzen diete, modu intuitibo eta grafikoan eta ihes eginez analisi zorrotzaren prozedura konplikatuei, betiere adibide ugari emanez, baina zorroztasun matematikoa eta kontzeptuak azaltzeko argitasuna galdu gabe.

“Ez diogu jarraitzen teorema-froga eskema zorrotzenari, bestelako ikasleentzat egokiagoa baita; hala ere, egiten ditugu, bai, froga erraz batzuk, eta saiatzen gara argudiatzen edo justifikatzen aurkezten ditugun emaitzak ”, dio Pedro Jesús Pagolak.

Kapitulu bakoitzak problema ebatzien atal bat dauka eta beste bat proposatzen diren problemena (zeinen ebazpenak liburuaren bukaeran ematen baitira). Atal horietan ikasi den teoriari buruz azaltzen ahal diren problema mota guztiak hartzen dira, askotan modu aplikatuan garbiki.

Liburuak 19 euro balio du eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Matematika eta Informatika Bildumakoa da.

Egileen curriculumak

José Luis López, liburuaren egileetako bat, Fisika Zientzietan eta Matematikan lizentziaduna da Zaragozako Unibertsitatean, eta han ere erdietsi zuen doktore titulua Zientzietan. Zaragozako Unibertsitatean irakasle izan zen aurrena, 1995. eta 1999. urteen artean, eta urte hartatik aurrera Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da. Ikertzaile gisa 102 argitalpenen egilea da, eta Matematika eta Matematika Aplikatuko espezialitateetako nazioarteko hainbat prestigiodun aldizkaritan argitaratu dira. Hamabi ikerketa proiektutan ere parte hartu du (haietako bi Europakoak), eta sei herrialdetan burutu ditu ikerketa egonaldiak (Argentina, Danimarka, Estatu Batuak, Herbehereak, Irlanda eta Erresuma Batua).

Bestalde, Pedro Jesús Pagola, lanaren beste egilea, Matematikan lizentziaduna da Errioxako Unibertsitatean, eta doktorea Zientzietan Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta bertan aritzen da irakasle lanetan 2002tik hona. Hamabost artikulu baino gehiago argitaratu ditu Matematika eta Matematika Aplikatuko espezialitateetako nazioarteko hainbat prestigiodun aldizkaritan, eta nazioarteko zenbait organismo publikok eta Nafarroako Gobernuak finantzatu dituzten hainbat ikerketa proiektutan parte hartu du.