Joan eduki nagusira

zoom Jonathan L. Fernández de Ara kimikaria, NUPen.

Jonathan L. Fernández de Ara kimikaria, NUPen.

Jonathan L. Fernández de Ara (Iruñea, 1983) kimikariak teknologia berri bat garatu du, zeinean, birdiseinatutako industria-ekipo batekin egindako tratamendu termokimiko baten bidez, prezipitazioz gogortzen den altzairu baten hobekuntza nabarmena lortu baita, gogortasunari eta korrosioaren eta higaduraren aurkako iraunkortasunari dagokienez. Altzairu hori "maraging” deitu ohi dena da, eta industrian asko erabiltzen da (aeronautikoan, aeroespazialean eta makina-erremintan), kostuak eta denbora aurrezten dituelako. Berrikuntza hau bere doktoretza tesian aurkeztu du. Tesia Nafarroako Unibertsitate Publikoan defenditu du, eta bikain "cum laude" lortu.

“Tratamendu termokimikoak metalurgian askotan erabiltzen diren prozesuak dira, altzairuen eta beste hainbat aleazioren azaleko ezaugarriak hobetzeko —azaldu du Jonathan L. Fernández de Arak—. Horien artean nitrurazio prozesuak nabarmentzen dira, askotan erabiltzen direnak materialen gainazalari gogortasun eta korrosioaren eta higaduraren aurkako iraunkortasun handiagoa emateko, materialaren nukleoak ohi dituen ezaugarriak modu esanguratsuan eraldatu gabe".

Nitrurazioa tratamendu termokimikoa da, eta haren bidez nitrogenoa gaineratzen zaio material metalikoen gainazalari. Industrian erabili ohi diren tekniken artean, Fernández de Arak aukeratu zuen bere ikerketarako nitrurazio ionikoa, bere ustez "efizientzia handiagoa" eskaintzen baitu.

Patente nazionalak eta europarrak

Bere ikerketan teknologia berri bat landu zuen (arku elektrikoaren plasmaren bidezko nitrurazio ionikoa), eta horretarako industria ekipo bat egokitu zuen (Lurrun faseko Deposizio Fisikoa, edo PVD ingelesezko sigleen arabera), prozesu termokimiko hauek egin ahal izateko. Nafarroako Industria Elkartean (AIN) egin den lan honen ondorioz, nazio eta Europa mailako patenteak erregistratu dira.

Fernández-ek industria-ekipo egokituarekiko tratamendu termokimikoa “maraging” altzairuari aplikatu zion. "Aleazio-mota bakan bat da, erabiltzen dena, batez ere, industria aeronautiko eta aeroespazialean, baita konformazio eta moldeen erremintetan ere. Aisialdiko industrian ere sarrera eduki du, 'maraging’ altzairuarekin egindako golf-makilak eta esgrima-armak ere badirelako, betiere prestazio eta balio erantsi handiko artikuluetan", esan digu Fernández de Arak, zeinaren doktoretza-tesia José Antonio García Lorente NUPeko Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Saileko irakasleak zuzendu baitu.

“Maraging” altzairu mota hauen ezaugarrien artean "gogortasun handia eta talkaren aurkako izugarrizko erresistentzia biltzea, ezaugarri horiei tenperatura handietan ere ongi eustea eta soldatua eta mekanizatua izateko erraztasuna" nabarmentzen dira. Hala ere, "beste altzairu batzuekin alderatuz gero, mugak dauzkate higadura urratzaileari dagokionez, eta erresistentzia mugatua korrosioari".

“Maraging” altzairuak tratamendu termiko baten bidez lortzen ditu bere ezaugarriak (lehenik, solubilizazioa, zeinak esan nahi baitu 800º inguruko tenperaturetara igotzea eta gero airean hoztea, eta gero zahartzea prezipitazioaren bidez, 420 eta 520º  arteko tenperaturetan edukirik). Eta bere zerbitzuak hobetzeko material honek tratamenduak behar dituenez, esaterako nitrurazioa plasman, Fernández de Arak aldi berean egin zituen zahartze-aldia (altzairu hau fabrikatzeko beharrezkoa dena) eta nitrurazioa, denbora eta kostuak aurreztuz, "material hauen gainazalen ezaugarrien hobekuntza nabarmenak lortzeko gainazalaren gogortasunari eta korrosioaren aurkako erresistentziari dagokienez, eta bereziki, higadura urratzaileari dagokionez ere".

Curriculum laburra

Jonathan L. Fernández de Ara Zientzia Kimikoetan lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean, eta gero Materialen eta Fabrikazioaren Ingeniaritzako Masterra egin zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Gaur egun, Fernández de Ara Nafarroako Industria Elkartea (AIN) elkartearen Gainazalen Ingeniaritza Aurreratuaren Zentroko I+G-ko proiektu zuzendaria da. Hori baino lehen, BSH Electrodomésticos eta Igartex-en lan egin zuen.

Gainera, bi artikulu zientifiko egin ditu beste egile batzuekin batera eta lau biltzarretan parte hartu izan du.