Joan eduki nagusira

zoom Marcela Guevara Eslava doktorea, NUPen

Marcela Guevara Eslava doktorea, NUPen

Gaixotasun pneumokoziko inbaditzaileak Foru Erkidegoan duen eragina nabarmen jaitsi da haurretan eta neurriz nagusietan 2010ean 7-balente txertoa 13-balente txertoarekin ordeztu eta gero, Marcela Guevara Eslava medikuak Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) irakurritako doktoretza-tesiaren arabera. 5 urtetik beherako haurretan, % 76ko babes-eragina izan zuen txerto berri honek pneumokokoa eragindako gaixotasun inbaditzaileari dagokionez, ikertzaile honek egindako ikerketarekin bat etorriz. Ikertzaileak prebentzio-medikuntzako espezialista gisa lan egiten du Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuan.

Pneumokokoa mikroorganismo patogeno bat da, ospitaleratze eta heriotza kopuru handia eragiten duena mundu osoan, bereziki haur txikien, adinekoen edo osasun arazo kroniko batzuk dituztenen artean. “Bakterio honen bidezko infekzio mota larriena da gaixotasun pneumokoziko inbaditzailea. Bakteriemia edo odol infekzio, pneumonia bakteriemiko edo meningitis gisa ager daiteke”, azaldu du Marcela Guevarak. Jesús Castilla Catalán doktoreak, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutukoak, zuzendu du bere tesia.

90etik gora pneumokoko mota daude, eta erabilgarri dauden txertoek soilik pneumokoko mota batzuen aurka babesten dute, oro har, ohikoenak badira ere. Lehenengo txerto elkartuak (proteina bat dauka erantzun immunea hobetzeko) bakterio horren zazpi motaren aurka babesten zuen. 7-balente txerto hori 2001etik aurrera zegoen erabilgarri Espainiako farmazietan. Urte batzuk geroago, 2010ean, 13-balente txertoak ordeztu zuen, zeinak 13 pneumokoko motaren aurka babesten baitu. Nafarroan, 2014an, 2 urtetik beherako haurren % 80 ingururi jarri zioten txerto hori, doktore berriak emandako datuen arabera, eta, 2016tik aurrera jaiotakoentzat, txerto hori txertaketen egutegi ofizialean sartuko dute.

Haurren txertaketaren eragina

Txertoen eragina desberdina izan daitekeenez toki batean eta bestean, dauden pneumoko moten patroiaren arabera, Marcela Guevarak erabaki zuen bere tesian ebaluatzea haurren txertaketaren eraginkortasuna 13-balente txertoarekin Nafarroan gaixotasun pneumokoko inbaditzaileari aurrea hartzeko.  Horretarako, Foru Erkidegoan gaixotasunari buruz 2001etik 2014ra bitartean zeuden zaintza datuak aztertu zituen. “Populazio osoa zaintzen da eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutua arduratzen da horretaz, Nafarroako ospitaleekin eta berezik mikrobiologia laborategiekin lankidetzan”, azaldu du Guevarak.

Hamalau urte hauetan aztertutako populazioaren barruan zeuden 5 urtetik beherako 120.980 haur, eta haur horien artean gaixotasun pneumokozioko inbaditzailearen 206 kasu diagnostikatu zituzten. 5 urtetik gorako haurretan eta nagusietan diagnostikatutako 844 kasu ere aztertu zituen.

Analisi horretatik, Marcela Guevarak ondorioztatu du 5 urtetik beherako haurretan 13-balente txertoak zuzeneko eraginkortasun handia izan zuela, hau da % 95ekoa, txertoan sartutako pneumokoko motek eragindako gaixotasun inbadintzaileari aurrea hartzeko. “Orain arte, Erresuma Batuan eta Qebecen, Kanadan, ebaluatu zuten txerto honen zuzeneko eraginkortasuna, eta antzeko emaitzak lortu zituzten”, aipatu du.

Txertatutako haurrak eta txertatu gabekoak

13-balente txertoa erabili zuten urteetan,  pneumokoko mota guztiek eragindako gaixotasun inbaditzailearen intzidentzia jaitsi egin zen, % 76koa txertatutako haurretan eta antzekoa txertatu gabekoetan. “Txertatu gabeko haurrei dagokien emaitza azaltzen du zeharkako babesak. Izan ere, txertatutako haurren kopuru handi bat dagoenez, pneumokokoaren transmisioa murriztu egin da erkidegoan —esan du Marcela Guevarak—. Txerto honek 5 urtetik beherako haurretan ematen duen zeharkako babesa eta babes osoa kalkulatu duen lehenengo azterketa da hau”.

Aditu honen iritzian, “13-balente txertoa erabiltzen hasteak 7-balente txertoa erabiltzen hasteak baino eragin handiagoa izan du, eta, lehenengo aldiz, eragin bat antzeman da txertatu gabeko adin-taldeetan. Gaixotasun inbaditzailearen intzidentzia % 37 jaitsiarazi du horrek adin guztietako nafar populazioan.

Bere ikerketen arabera, 2010-2013 aldian batez beste gaixotasun inbaditzailearen 44 kasu, 37 ospitaleratze eta 3 heriotzari aurrea hartu zitzaiela urtero jotzen du ikertzaileak. “Txertaketa haurretan egin bazen ere, prebenitu diren gertakarien kopuru handi bat adineko pertsonei dagokie”, esan du Guevarak. Bere doktoretza-tesiak bikain “cum laude” kalifikazioa erdietsi du.

“13-balente txertoa haurren txertaketarako egutegi ofizialean sartzearen aldekoa da ikerketa hau, gaixotasun kopurua jaistea lortu baitu bai haurretan, bain nagusietan”, esan du Marcela Guevarak.

Ikerketa hau Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuan egin zen, zeina SpIDnet europar proiektuko kidea baita. Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Haiei Aurre Egiteko Europar Zentroak (ECDC, ingeleseko siglengatik) finantzatzen du  proiektua.

Curriculum laburra

Marcela Guevara Eslava Medikuntzan lizentziatu zen Del Rosario Unibertsitatean, Kolonbian (1991), Osasun Publikoko Masterra egin zuen Osasuneko Eskola Nazionalean, Madrilen (2006), eta Prebentzio Medikuntza eta Osasun Publikoa espezialitatea,  Bideko Ama Birjina Ospitalean, Iruñean (2009). Espezialista gisa jaso zuen prestakuntzaren barruan, ikerketa-egonaldi bat egin zuen Londresko Imperial Collegen.

Espezialitatea amaitu zuenetik, Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuan lan egiten du Marcela Guevarak, eta egun han ari da lanean Komunitateko Osasunaren Behatokian, zeina berriki sortu baita.

Bere ikerketa-alderdiari dagokionez, Epidemiologiako eta Osasun Publikoko Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko (CIBERESP) eta Nafarroako Osasun Ikerketako Institutuko (IdiSNA) kidea da, nazioko eta nazioarteko zenbait ikerketa-proiektutan parte hartzen du eta berrogeita hamarretik gora artikulu zientifikoren egilekidea da.