Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 731 postu eskaintzen ditu kirol jarduerak egiteko udaberriko seihilekoan. Unibertsitateko komunitateko kideentzat dira, eta A3U programan izena eman duten ikasle ohientzat. Eskaintzak 18 modalitate hartzen ditu, Arrosadiko campusean egiteko,  Iruñean.

Zehazki, hauek dira ikasturteko bigarren seihileko honetarako prestatu diren jarduerak: aerobic, body tonua, cardiofit, kirol entrenamendua, entrenamendu osoa, eskalada, mantentze soinketa, hapkido, kick boxing, igeriketa, igeriketa sinkronizatua, pilates, spinning, tenisa, TRX (ariketak zintzilik), boleibola, ur-poloa eta zumba. Jardueren egun-orduak eta zenbat postu dauden ikusi nahi izanez gero, hemen daude: Unibertsitatearen webgunea.

Kirol jardueretarako izena emateko lehen eguna otsailaren 11 da. Zenbait postu hutsik gelditzen bada, Unibertsitatetik kanpokoek ere otsailaren 18tik aurrera izanen dute aukera izena emateko, baita bigarren jarduera bat egin nahi duten unibertsitateko komunitateko kideek eta ikasle ohiek ere.

Kreditu aitorpena ikasleentzat

Ikastaroak eta kultura-jarduerak egiteagatik kredituak emanen zaizkie ikasleei, eta beren espedienteetan gehituko dituzte. Gehienez ere sei kreditu erdietsiko dituzte jarduera horiengatik graduko ikasketa-plan osoan.

Unibertsitateak kirol jarduera bakoitzari dagozkion kredituak emanen ditu, betiere, ikaslea gutxienez ere 22 saiotara azaldu bada. Kirol entrenamendua badu, ordea, 30 saiotara joatea eskatzen da.

Jarduera hauetarako izena emateko bi aukera daude: online egitea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren webgunean, edo Kirol Bulegora joan, eta han egitea (Sekuoia eraikinean, Arrosadiko campusean), astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:30era.

Kirol jarduerak otsailaren 22an hasiko dira, eta beren prezioak 6,38 eta 42,50 euro bitartekoak dira (parte-hartzaileak kirol txartela badaukan edo ez).