Humberto Bustince Sola Nafarroako Unibertsitate Publikoaren (NUP) Unibertsitateko katedraduna da liburu honen egilekidea: “A practical guide to averaging functions” (“Batez besteko funtzioen gida praktiko bat”), Springer argitaletxe alemanak argitaratua. Liburuan aztertu egiten dira zenbait funtzio matematiko, datu multzo bat fusionatzeko bidea ematen dutenak balio bakar bat ateratzeko, eta "big data" edo datu masibo izenekoekin, datu meatzaritzarekin edota adimen artifizialarekin zerikusia duten ikerketen oinarri direnak.
Batez besteko agregazio funtzioak, izan ere liburuan aztertzen direnak, hauek dira: zenbakizko balioak gehitzen direnean, beti ematen dutenak handienaren eta txikienaren arteko beste balio bat. Kategoria honetan hainbat estatistiko klasiko sartzen dira, hala nola: batezbesteko aritmetikoa, geometrikoa eta OWA operadoreak, zeinak "populazioaren kopuru handiena" edota "gutxienez erdiek pentsatzen dute" erako zenbatzaileak modelatzeko erabiltzen baitira.
NUPeko katedradun horrek liburuaren zortzi kapitulu idatzi ditu, eta haietan beste hainbeste kontzeptu garatzen ditu, nafar erakunde horretan zuzentzen duen ikerketa taldeak sortuak, lankidetzan nazioarteko beste ikertzaile batzuekin. “Overlap” edo teilakatze izeneko funtzioak dira (objektuen teilakatzea irudikatzen dutenak), ezjakintasunekoak (modua ematen dutenak aditu batek, erabaki bat hartzean, izan dezakeen zalantzari balio bat esleitzeko) eta aurreagregazioak (estatistikoak kontuan hartzeko modua ematen dutenak, esaterako, moda).
Liburuaren beste bi egilekideak dira Gleb Beliakov (Australiako Deakin Unibertsitateko irakaslea) eta Tomasa Calvo Sánchez (Alcaláko Unibertsitateko Konputazio Zientzietako katedraduna).
“Liburu hau ezinbestekoa da datuak erabiltzeko edozein prozesutan, bereziki makinei, datuen meatzaritzari eta, batez ere, "big data” direlakoei buruzko gaiak ikasteko prozesuetan, zeren, azken kasu honetan, datu kopuru eskergak erabiltzen baitira, eta hautatu egin behar dira haiek modu berezian fusionatzen" dio Humberto Bustincek.
Soslai biografikoa
Humberto Bustince Sola (Uxue, Nafarroa, 1958), logika lausoari aplikaturiko logika intuizionistaren arloan munduan eragin handiena duten hamar liburu egileen artean dago ,“Applied Soft Computing” aldizkariaren ikerketa baten arabera. Horretaz gainera, Pedro Burillo López katedradun erretiratuarekin batera, 1996an sinatu zuen bere artikulu bat gai horretako zientzialari nagusiek gehien aipatzen dutenetakoa da munduan.
Fisika Zientzietan lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean (1983) eta Matematikan doktorea Nafarroako Unibertsitate Publikoan (1994), eta unibertsitate horretan irakasten eta ikertzen du 1991. urtetik hona. Egun Automatika eta Konputazio Saileko katedraduna da eta adimen artifiziala irakasten die Informatika Ingeniaritzako ikasleei.
Adimen Artifizialeko eta Arrazonamendu Hurbilduari buruzko NUPeko ikerketa taldearen (GIARA) arduraduna da, eta 155etik gora zientzia-artikulu eta nazioarteko biltzarretarako ehundik gora ekarpen egin ditu, beste egile batzuekin batera logika lausoari buruzko lau liburu egiteaz gainera. Senior member da IEEE elkartean, eta Fellow IFSA nazioarteko elkartean, bai eta argitalpen batzordeko kide Journal Citation Reports delakoaren sei aldizkaritan.