Ikertzaileetako batzuk,Tuterako campusean. Ezkerretik eskuinera: Ana Ibáñez, Ana Bays, Mikel Izquierdo eta Alejandro San Juan (zutik); eta María Ortega eta Rafael Rodríguez (eserita).
Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) parte hartzen ari da Europako proiektu batean, zeinean garatuko baita, datozen bi urteetan, praktika klinikoa itxuratzen duen hiru dimentsioko bideojoko bat, Fisioterapiako ikasleentzat. Hiru herrialdeetako hainbat erakundek parte hartzen du 300.000 euroko finantzabidea daukan ekimenean.
Proiektuaren izena PETRHA (Physiotherapy E-Training Re-Habilitation) da, eta bost bazkide laguntzaileren lankidetza dauka: simulazio klinikoan hezkuntza-esperientzia handia daukaten hiru goi mailako ikastetxe (Akitaniako Gurutze Gorriaren Prestakuntza Sozio-sanitariorako Eskualdeko Institutukoa, Frantzian; Portoko Institutu Politeknikoa, Portugalen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Osasun Zientzien Fakultatea), eta Akitaniako beste bi erakunde: Bègleseko udala eta simulazio sanitarioaren bideojokoak (“serious games” izenekoak) programatzen espezializatutako nazioarteko enpresa bat, Interaction Healthcare izena duena.
Ikasleentzako entrenamendu gogorra
Alejandro San Juan Ferrer Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako campuseko Osasun Zientzien Saileko irakasleak dioenez, proiektuaren gaia den bideojokoak "balio du fisioterapian arrazoibide klinikoa deitzen dena ikasteko prozesua hobetzeko, eta aukera ematen du fikziozko gaixoen bidezko simulazioa erabiltzeak eskaintzen duena baino askoz kasu kliniko gehiago ezagutzeko, eta entrenamendu gogorragoa egiteko". Gainera, programak ikasleak asmatu duen edo ez zuzentzen du, eta puntuazio bat ematen dio ikasleari.
"3Dko simulazio programa honek hainbat modulu dauzka, eta modulu hauek aukera ematen diote irakasleei kasu kliniko birtual asko prestatzeko; eta ikasleei kasuok konpontzeko aukera ematen die —azaldu du Alejandro San Juanek—. Adinez nagusiak direnen populazioa da programa garatzen hasteko aukeratu den taldea, hau delako mendebaldeko herrialdeetako osasun eta gizarte politiketan kezkarik handiena sorrarazten duen populazio taldea".
PETRHA proiektuaren bigarren helburua “on line” ikastaro bat, hau da, MOOC bat (“Massive Open Online Course”) martxan jartzea da, aukera emateko beste hainbat goi mailako ikastetxeri kasu klinikoen modulu osagarriak egiteko. Beste modulu osagarri horiek hainbat populazio-tarte, fisioterapiaren beste espezialitate batzuk, edo are hainbat lanbide biosanitarioren hurbilketa klinikoak hartzen ahal dituzte kontuan. Aldi berean, “living lab” bat, hau da, laborategi bizi bat (hau ikerketa kontzeptu berri bat da, zeinean hainbat eragilek parte hartzen baitute B+G mailako irtenbideak elkarrekin sortzeko eta ontzat emateko), eta hartan modulu berriak garatu nahi dituzten erakundeek programa sortu dutenen aholkularitza edukiko dute.
"Adinez nagusien" ikasketa liburua
PETRHA proiektuaren hirugarren helburua aginez nagusiei buruzko gidaliburu bat garatzea da, “serious game” delakoaren datu-baseen edukia aberastuko duena, eta xede-populazio hau hobeki ulertzeko balioko duena, ikertzen diren parametroei esker: patologiak, bizitza kalitatea, medikuntza arreta, errehabilitazio mota...
"Gainera, puntuazio eskala bat sortu nahiko genuke, ikasleek ebalua dezaten lortu duten trebetasun maila. Puntuazio eskala hau erreferentziazko tresna izan dadin nahi da Europako fisioterapiaren ikasleentzat eta profesionalentzat", bukatu du Alejandro San Juanek.
Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, proiektuan ari dira Paloma Torre Hernández, Natura Ingurunearen Zientzien Saileko irakaslea eta Osasun Zientzien Fakultateko dekanoa, Mikel Izquierdo Redín, Fisioterapiako katedraduna eta Osasun Zientzien Saileko zuzendaria, eta Osasun Zientzien Saileko hamar irakasle: Milagros Antón Olóriz, Ana Beatriz Bays Moneo, Tarsicio Forcén Alonso, Ana María Ibáñez Pegenaute, Ana Insausti Serrano, Beatriz Larrad Valdenebro, María Ortega Moneo, Rafael Rodríguez Lozano, Noelia Sáenz Espinosa eta lehen ere aipatu dugun Alejandro San Juan Ferrer. Begoña Ballaz Torres, Irakaskuntza Laguntzeko eta Ikasleen Gaietarako Zerbitzuaren Kanpo Harremanetarako Ataleko burua ere laguntzen ari da.