Krisi ekonomikoko testuinguru batean aktiboko eta pasiboko banku eragiketak (kontsumo kredituak, gordailuak, kontu korronteak, inbertsio-zorroak, finantza-deribatuak, lehentasunezko partaidetzak...) aztertzen dituen liburu batean parte hartu dute Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbideko hamar irakaslek. Banku eragiketa horien ezaugarri komuna da legeria zibilak (Kode Zibila) eta merkataritza legeriak (Merkataritza Kodea) arautzen dituela aldi berean. Lan honen berritasuna da banku kontratuak aztertu dituztela eragiketa horien oinarri diren arauketa zibilaren eta merkataritza-arauketaren bateratze baten bidez, zeina hemen ere lortu nahi baita Europako beste herrialde batzuetan egin den bezala, eta egin nahi den arauketaren bidez.
Liburuaren izenburua “Operaciones bancarias de activo y de pasivo en el contexto de crisis económica: hacia la unificación de la contratación privada” da, eta María Ángeles Egusquiza Balmaseda eta Rafael Lara González Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbide Pribatuko Saileko katedradunek koordinatu dute. Thomson Reuters Aranzadi argitaletxeak argitaratu du lana, eta aipatu saileko beste zortzi irakasle hauek parte hartu dute lanean: María Isabel Domínguez Yamasaki, Teresa Hualde Manso, Hugo López López, Raquel Luquin Bergarache, María José Otazu Serrano, Concepción Pablo-Romero Gil-Delgado, Juan Carlos Sáenz García de Albizu eta Iñaki Zurutuza Arigita. Horretaz gainera, António Pinto Monteiro Coimbrako (Portugal) Unibertsitateko katedradunak sinatu du kapituluetako bat.
Egin nahi den arauketa
Banku eragiketen oinarri diren kontratu pribatuen araubidea bateratzeko beharra jasotzen du lanak. 2013ko Merkataritza Kodearen Proposamenean eta 2014ko Merkataritza Kodearen Aurreproiektuan ere jasotzen da behar hori, baina, egileen iritzian, ez lukete beteko kontsumitzaileek sinatutako banku kontratuetan aplikagarria den araubide juridikoa.
Arauketa zibila eta merkataritza-arauketa bateratzearen esparruan, zeinen funtzionaltasuna antzekoa baita, egileek gogoeta egiten dute araubide orokor bakar bat erabilgarri edukitzeko beharrari buruz, eta, aldi berean, zalantzan jartzen dute egin nahi diren testu horiek xede duten arau bikoiztasuna oinarrizko gaietan, hala nola kontratuaren eraketa edo kontratua betetzea edo ez betetzea, arau bikoiztasun horrek kontratuaren zuzenbide pribatuan desberdintasunak sortzen baititu kontratazio pribatuaren (zibila, merkataritzakoa eta kontsumokoa) alderdi komunetan.
Lanak amaiera eman dio Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatuta Zuzenbide Pribatuko Saileko zazpi irakaslek, Egusquiza katedraduna buru zutela eta krisi ekonomikoaren testuinguruan aktiboko eta pasiboko eragiketak aztergai zituztela, egin duten ikerketa-proiektuari.