Alfonso Carlosena Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorea buru izan da 289 ikasleri harrera egiteko ekitaldian asteazken honetan, abenduak 23. Ikasle horiek ikasturte honetan parte hartzen ari dira nazioarteko mugikortasun programetan, 31 herrialdetan. Ikasle gehienak, 209, Erasmus programakoak dira; 42 Palafoxekoak; 9 Aldebiko Hitzarmenetakoak; 13 ISEP USAkoak; 5 Nazioarteko ISEPekoak; eta 11 Martín de Radakoak. Ekitaldian zehar, gazteek Rural Kutxak unibertsitateen arteko trukerako ematen dituen bekak jaso dituzte.
Ekitaldia arratsaldeko seietan hasi da, Sario eraikineko Fernando Remacha ikasgelan, nazioartekotze errektoreorde Hugo López Lópezen ongi etorria emateko hitz batzuekin. Ondoren Nafarroako Rural Kutxako buru Ignacio Terés Los Arcosek hitz egin du, eta ikasleei bekak eman dizkie. Beken kopurua aldatu egiten da, ikasleek ikasturte osoa atzerrian egiten duten edo seihileko bat egiten duten, horren arabera. Ekitaldia bukatzeko, Alfonso Carlosena errektoreak hitz egin du, eta ondoren talde osoaren argazkia egin da.
Ikasleak (170 emakume eta 119 gizon) 31 herrialdetako unibertsitateetan ikasten ari dira, gehienak Europan. Honako hauek dira, hurrenez hurren, ikasle gehien jasotzen dituzten herrialdeak: Italia, Portugal, Alemania, Frantzia, Ameriketako Estatu Batuak, Polonia, Mexiko, Belgika, Txile eta Herbehereak. Beste hauek dira NUPeko ikasleak jasotzen dituzten gainerako herrialdeak: Austria, Brasil, Suedia, Txekiar errepublika, Txina, Eslovenia, Bulgaria, Irlanda, Peru, Turkia, Finlandia, Lituania, Taiwan, Australia, Hego Korea, Costa Rica, Hungria, Letonia, Suitza, Norvegia eta Erresuma Batua.
Hainbat mugikortasun programa
Ikasketak atzerrian egiten ari diren Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle gehienek, osotara 209, Erasmus programan parte hartzen dute. Programa hori Europar Batasunaren prestakuntza programa bat da Goi mailako hezkuntzaren esparruan lankidetzan jarduteko.
Bigarren programa garrantzitsuena Palafox da, Nafarroako Unibertsitate Publikoak Latinoamerikako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko daukan ekimen bereki bat. Ikasturte honetan parte hartzen ari diren 42 ikasleek aukera dute programaren bitartez, ikasketen parte bat Iberoamerikako unibertsitate batean egiteko, eta bermea dute aldi horretan erdietsi dituzten kredituak onartuko dizkietela itzultzen direnean.
NUPeko nazioarteko mugikortasuneko beste programetako bat aldebiko hitzarmenak dira, Estatu Batuetako, Australiako, Erresuma Batuko edo Kanadako hainbat unibertsitaterekin sinatutakoak, eta horietan 9 ikaslek parte hartzen dute. Programa horiei ISEP USA gehitu behar zaie. Programa horrek herrialde hartako unibertsitateekin ikasleak trukatzeko aukera eskaintzen du, eta ikasturte honetan beste 13 ikasle dauzka, eta ISEP Nazioartekoa (5). Azkena Martín de Rada programa da. Ikasturte honetan 11 ikasle daude programa honetan, zeinean sartzen baitira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Asiako hainbat unibertsitateren arteko aldebiko hitzarmenak.