Joan eduki nagusira

zoom Ikertzaile saridunen taldearen irudia, Alfonso Carlosena errektorearekin eta Ramón Gonzalo Ikerketako errektoreordearekin batera

Ikertzaile saridunen taldearen irudia, Alfonso Carlosena errektorearekin eta Ramón Gonzalo Ikerketako errektoreordearekin batera

Nafarroako Unibertsitate Publikoak gaur eman ditu 2015eko Ikerketa Sariak. Sari horiekin aitortu ditu bai Humberto Bustince Sola eta Javier Fernández Montalvo  ikertzaileen ikerketa-ibilbide osoa, bai 2013. eta 2014. urteetako ekarpen zientifiko hoberenak ere, Iñigo Lasa Uzcudun eta Javier Hualde Bilbao irakasleenak. Ekitaldi berean teknologia edo jakintza bestetaratzeko emaitzarik hoberenaren saria ere eman da. Eduardo Magaña Lizarrondo ikertzaileak jaso du, "Sarearen trafikotik abiatutako informazio-sistemen errendimenduaren ebaluaziorako sistema automatikoa".

Alfonso Carlosena errektorea izan da ekitaldiaren burua, eta 10:00etan egin da Olibondo eraikineko Gradu Aretoan. Ramón Gonzalo García Ikerketako errektoreordearen agurraren eta ongietorriaren ondoren, sari banaketa egin da eta gero Humberto Bustince irakasleak eskerrak emateko hitzaldia egin du, saritu guztien izenean.

zoom Humberto Bustince irakaslea bere hitzaldia ematen ari dela

Humberto Bustince irakaslea bere hitzaldia ematen ari dela

Lehenengo bi ikerketa ibilbide aitortu dira: Zientzia Zehatzen eta Biologia, Medikuntza eta Teknologia Zientzien arloko Ikerketa Saria ikerketa-ibilbide pertsonalari Humberto Bustince Sola Automatika eta Konputazio Saileko katedradunarentzat izan da. Bustince (Ujué, Navarra, 1958), logika lausoari aplikatutako logika intuizionistaren barruan eragin handiena duten hamar autoreetako bat da,  “Applied Soft Computing” aldizkariaren ikerketa baten arabera. Horretaz gainera, bere artikulu bat, Pedro Burillo López katedradun erretiratuarekin batera 1996an sinatu zuena, gai horretako zientzialari nagusiek gehien aipatu dutenetakoa da munduan. Diploma eta 2.800 euro eman dizkiote.

Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloetan, ikerketa saria norberaren ikerketa ibilbide onenari Javier Fernández Montalvorentzat izan da. Montalvo Psikopatologia irakaslea da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non "Psikologia Klinikoa eta Psikopatologia" ikerketa taldea zuzentzen baitu 2008. urtetik. Haren ikerketa lerroak psikologia klinikoaren eta psikopatologiaren eremuan kokatzen dira, eta zehatzago esateko, arlo hauetan: jokabide adiktiboak (hala jokamoldezko adikzioak nola adikzio kimikoak), bikotearen barruko indarkeria, adin txikiko lege-hausleak, eta esku-hartze klinikoaren programen ebaluazioa. Diploma eta 2.800 euro eman dizkiote.

Saritutako ekarpen zientifikoak

zoom Javier Fernández Montalvo eta Alfonso Carlosena

Javier Fernández Montalvo eta Alfonso Carlosena

Ekarpen zientifiko hoberenei emandako sarien atalean, bi sari eman dira:

2013. eta 2014. urtean Zientzia Zehatzen eta Biologia, Medikuntza eta Teknologia Zientzien arloan izan den ekarpen onenaren saria Iñigo Lasa Uzcudun ikerlariak jaso du,Base Pairing Interaction between 59 and 39 UTRs Controls icaR mRNA Translation in Staphylococcus aureus izeneko artikuluarengatik, zeinen egileak hauek baitira: Igor Ruiz de los Mozos, Marta Vergara-Irigaray, Víctor Segura, Maite Villanueva, Nerea Bitarte, Margarida Saramago, Susana Domingues, Cecilia M. Arraiano, Pierre Fechter, Pascale Romby, Jaione Valle, Cristina Solano, Íñigo Lasa eta Alejandro Toledo-Arana.

Artikuluaren egileen artean Agrobioteknologia Institutuari Unibertsitateari, Zientzia Ikerketarako Kontseilu Nagusiari (CSIC) eta Nafarroako Gobernuari atxikiriko ikertzaileak daude, nahiz eta sariaren kopuru ekonomikoa —zeina izan baita diploma bat eta 700 euro— NUPeko hiru ikertzaileei eman. Hauek Iñigo Lasa, Jaione Valle eta Cristina Solano izan dira.

Artikulu honetan, ospitaleetan patogenorik garrantzizkoenetakoa den Staphylococcus aureus eredutzat hartuz, mikroorganismo horren ARNs guztiak elkarrekin analizatu ziren. ARN mezulariek badute eskualde kodifikatzaile bat, zeinak proteina jakin bat sortzeko beharrezkoa den informazioa edukitzen baitu. Kodifikatzaileak ez diren beste bi eskualdek inguratzen dute eskualde hori. Bi eskualde horiek 5’-UTR eta 3’-UTR dute izena, beren ingelesezko siglen arabera. Gauza jakina da  3’-UTR eskualdeak ezinbestekoak direla geneek goi mailako organismoetan beren burua zuzen adieraz ditzaten. Hala ere, eskualde hauek bakterioengan daukaten funtzioa ezezaguna zen.

zoom Iñigo Lasak diploma jasotzen du, lanaren egile guztien izenean

Iñigo Lasak diploma jasotzen du, lanaren egile guztien izenean

Lan honetan, ikertzaileek ikasi zuten 3’-UTR eskualdeak funtzionalak izaten ahal direla bakterioetan, eta demostratu zuten ARN bereko bi eskualde ez-kodifikatzailek elkarri eragiten diotela gene baten adierazpena modulatzeko, gene hori delarik bakterioa edozein azalaren gainean atxikitzeko era. Atxikipen-gaitasun honek berebiziko garrantzia dauka eremu klinikoan, aukera ematen diolako patogenoari kolonizatzeko bai gailu klinikoak eta baita ehunak ere, zeinak infekzio kronikoak sorrarazten baititu. Aurkikuntza honek agerian uzten du beste erregulazio-maila bat, orain arte aintzat hartzen ez ziren ARN mezulariaren eskualdeen bidez egiten dena; eta aldi berean ikuspegi berri bat zabaltzen du, bakterioek beren geneen adierazpidea modu zehatzean kontrolatzen  dutela ulertzeko.

2013. eta 2014. urtean Giza eta Gizarte Zientzien, Zientzia Juridikoen eta Ekonomikoen arloetan  izan den ekarpen onenaren saria Javier Hualde Bilbao ikerlariak jaso du, “Estimatión of long-run parameters in unbalanced cointegration” artikuluarengatik. Diploma eta 2.800 euro eman dizkiote.

Javier Hualdek azaldu duenez, artikulua 2014an argitaratu zen Journal of Econometrics aldizkarian, eta denbora-serien ekonometria izena duen ikerketa arlo batean sartzen da, zeinean saiatzen baitira kronologikoki ordenatutako aldagai ekonomikoen datu-sekuentziei eragiten dieten alderdi estatistikoak aztertzen. Denbora serie baten ezaugarri berezietako bat iraunkortasuna da, hau da, aldagai baten iraganak etorkizuneko bilakaerari noraino eragiten dion. Eremu honetan, Robert F. Englek eta Clive W.J. Grangerrek 1987an proposatu zuten ideiak, azkenean 2003 urtean Ekonomia Nobel Saria irabaztera eraman zituenak, aztertzen du ea berdin iraunkorrak diren bi denbora seriek joera komun bat edukitzea litekeena ote den. Hau hala balitz, serieek epe luzeko lotura iraunkorra edukiko lukete, eta horrek garrantzia handia dauka haren modelizazio, kausalitate-azterketa eta aurreikuspenerako. Kointegrazio kontzeptuak oihartzun masiboa eduki du literatura ekonomikoan eta finantzarioan laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik.

Hori horrela, saritutako artikuluak proposatzen du, eredu oso orokor batean, bi denbora-serie ekonomikoen arteko epe luzeko lotura aztertzeko metodoak, aukera emanez beren iraunkortasun-mailak modu esanguratsuan ezberdinak izan daitezen, hau delarik kointegrazio tradizionalean gertatzen denaren aurkakoa. Proposatutako ideiak balantzeatu gabeko kointegrazio kontzeptua agerrarazten du, orain arte esploratu ez den ikuspegi berri bat ematen duena, aldagai ekonomikoen arteko epe luzeko erlazioak modu zehatzagoan karakterizatzeko.

Bestetaratzeko emaitzarik hoberena

zoom Eduardo Magaña Alfonso Carlosena errektorearen ondoan

Eduardo Magaña Alfonso Carlosena errektorearen ondoan

2013 edo 210an amaitu den proiektu edo kontratu baten ondorioz  egindako Teknologia edo jakintza bestetaratzeko emaitzarik hoberenaren saria  Eduardo Magaña Lizarrondorentzat izan da, "Sarearen trafikotik abiatutako informazio-sistemaren errendimenduaren ebaluaziorako sistema automatikoa" bestetaratze-emaitzarengatik, zeinean Daniel Morató Osés eta Mikel Izal Azcárate ikerlariak ere aritu baitziren. Diploma eta 2.800 euro eman dizkiote.

Komunikazio azpiegiturak eta, oro har, informazio sistemak, edozein enpresarentzat hil ala biziko bihurtu dira, enpresaren tamaina edozein dela. Eduardo Magaña irakasleak azaltzen duenez, hainbat arazo aurkitzen ahal dugu, nola baita, esaterako, bidaiak erreserbatzen dituen web-orrialde bat astiroegi jaistea, banku-eragiketak egiteko denbora luzeegia izatea, segurtasun-arazoak atzematea, produkzio kateetako etiketen inpresio denbora, eta abar. Horregatik oso interesgarria da sistema hauen funtzionamendua ona edo txarra den ikusi ahal izatea sistemon ekipoetan sartu beharrik gabe, bakarrik sare pribatuetan edo internet publikoan trukatzen dituzten datuen arabera. Hau da, web-orrialde baten erabiltzaileen ordenagailuetara edo zerbitzarietara sarrerarik eduki behar izan gabe, gaitasuna izatea funtzionamendu-arazoak atzemateko.

Bestetaratze-emaitza honetan, informazio sistemen errendimenduari buruzko informazioa automatikoki ateratzeko sistema bat garatu da. Nahi diren eta nahi ez diren jokabideak karakterizatzen dituzten parametroak identifikatu dira, sareek trukatzen dituzten datuetatik ateratakoak. Honek aukera ematen du sareek berek, zenbaketa-sistemek sistema operatiboek eta azken aplikazioko softwareak sorrarazten dituzten arazoak non dauden aurkitzeko; hau da, muturretik muturrera. Gainera, egunean hainbat terabyte hamarreko hartzera iristen diren informazio-bolumenetara igotzen da, ohiko Big Data sistemak baino askoz gehiago, alegia. Emaitza Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoak parte hartzen duten Naudit (http://www.naudit.es) oinarri teknologikoaren enpresara bestetaratu da, zeinak, bere aldetik, arrakastaz aplikatu baitu banku, ekoizpen eta operadoreen inguruetan dauzkan bezeroekin