Nafarroako Unibertsitate Publikoak datorren asteartean, abenduaren 15, egingo ditu Klaustroa osatzen duten 120 kideak berritzeko hauteskundeak. Unibertsitateko Klaustroa da unibertsitateko komunitatearen ordezkaritza-erakunde gorena. Hautagai hautetsien behin-behineko aldarrikapena abenduaren 17an egingo da. Erreklamazioak abenduaren 21era arte egiten ahal dira, eta behin betiko aldarrikapena egun bat geroago izango da, hau da, abenduaren 22an.
Honako hauek dira Klaustroa osatzen dutenak: errektorea, klaustroburua ere badena eta 120 klaustrokide; horietatik 71 lotura iraunkorra duten irakasleak dira, 13 aurreko kategorian sartzen ez diren irakasle eta ikertzaileen ordezkariak dira, 24 ikasleak eta 12 administrazio eta zerbitzuetako langileak. Halaber, berezko kide gisa idazkari nagusia eta kudeatzailea daude. Klaustroa lau urtez behin berritzen da, ikasleen ordezkarien kasuan izan ezik, horiek bi urtez behin berritzen baitira.
Nafarroako Unibertsitate Publikoko Estatutuen arabera, Unibertsitateko Klaustroaren eginkizun nagusiak dira, besteak beste, Estatutuak eraberritzea; errektorea aukeratzeko hauteskundeen ohiz kanpoko deialdia egitea; Unibertsitate Komunitateko arartekoa hautatu eta kargugabetzea, eta Gobernu Kontseiluan izango dituen ordezkariak hautatzea.
Aurkeztu diren hautagaitzak
Aurkeztutako hautagaitzen arabera, lotura iraunkorra duten irakasle doktoreen arloan 86 hautagai daude, 71 postutarako. Aurreko kategorian sartzen ez diren irakasle eta ikertzaileen arloan, guztira, 13 kide daude, bi azpiarlotan banaturik. Alde batetik, irakasle funtzionario ez doktoreen azpiarloa dago. Honetarako hautagairik aurkeztu ez denez, Hauteskunde Batzorde Nagusiak zozketa bat egingo du talde honetako kideen artetik, dagokien ordezkari bakarra izendatzeko. Besterik gabe aldarrikatuko da, bozketa egin beharrik gabe. Beste alde batetik, lotura iraunkorrik gabeko irakasle eta ikertzaileen azpiarloa dago. Honetarako 25 hautagai aurkeztu dira, 12 ordezkari izateko.
Ikasleen arloan, hiru hautagaitza lehiatzen dira talde honen 24 postuak betetzeko. Esperientziaren Gelaren Taldea, Unibertsitate Publikoaren aldeko ikasleak eta Ikasle Abertzaleak dira.
Azkenik, administrazio eta zerbitzuetako langileen arlokoek ez dute hautestontzietara joan beharko beren 12 ordezkariak aukeratzeko, bete beharreko postuen kopurua baino hautagai gutxiago aurkeztu direlako, eta hori horrela, Hauteskunde Batzorde Nagusiak zozketa bat egin duelako arlo honetako kideen artean, zeuden hutsunean betetzeko. Hortaz, arloko denak hautagai hautetsi aldarrizkatuko dituzte automatikoki, bozketarik gabe.
Hautagaien zerrenda osoa Unibertsitatearen webguneko ondoko esteka honetan dago: http://www.unavarra.es/invitacion/elecciones_claustro2015.html
Bozketak noiz eta non egingo diren
Hauteskunde-eguna etenik gabe egingo da 11:00etatik 18:00etara, Iruñeko Osasun Zientzien Fakultateko (Barañaingo etorbidea) eta Tuterako campuseko hauteskunde mahaietan izan ezik, haietan bozketa-orduak 12:00etatik 17:00etara izango baitira. Hauteskunde mahaien kokapena ikusgai: Unibertsitatearen webgunean.
Guztira, unibertsitateko komunitateko 9.349 kide deituta daude prozesu honetan parte hartzeko: 8290 ikasle eta ikertzaile eta irakasleen arloko 1.059 kide (Unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten 393 doktore eta 666 funtzionario ez doktore eta Irakasle-Ikertzaile kontratatu).
Botoa postaz emateko epea bertatik bertarako hauteskundea baino egun bat lehenago amaituko da: abenduaren 14an, astelehena. Beste alde batetik, hauteskunde kanpaina 1ean hasi zen eta aipatu astelehen 14ko 24:00etan amaituko da.