Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Giza Eskubideak sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Sariko epaimahaiak erabaki du 2015eko saria Thelma Esperanza Aldana Hernández Guatemalako fiskal nagusi eta herrialde hartako Justizia Gorte Goreneko presidente ohiari ematea, "emakumeen eskubideen alde eta genero indarkeriaren aurka, eta herritar indigenen eskubideen alde egindako lanagatik", eta “ustelkeria politikoaren eta ekonomikoaren aurka egindako borrokagatik". Saria 36.000 eurokoa da.
Saria irabazi duen pertsonaren izena gaur, abenduaren 10ean, asteazkenean, jakinarazi da ekitaldi batean, gaur baita Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna. Ekitaldian Inés Olaizola Nogales, Nafarroako Unibertsitate Publikoko idazkari nagusia; Joaquín Mencos Doussinague, epaimahaiko burua eta Brunet Fundazioaren buruordea, eta Alejandro Torres Gutiérrez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna eta epaimahaiko idazkaria, izan dira.
Nazioarteko Sariko epaimahaiak bere erabakian nabarmendu du "haren lan nekaezina, Justizia Gorte Goreneko Presidentzia eta Errepublikaren Fiskaltza Nagusitik, Giza Eskubideen alde Guatemalan" eta azpimarratu du Thelma Aldana "bereziki nabarmendu dela Guatemalako gizartea hainbeste ahuldu duen ustelkeria politikoaren eta ekonomikoaren aurka egindako borrokagatik, une oro ausardia eta erabakimen handiz jardun baitu alor horretan".
Saridunaren profila
Thelma Aldana (Gualán, Guatemala, 1955) abokatua eta notarioa da Universidad de San Carlos unibertsitateko (Guatemala) Centro Universitario de Occidente (CUNOC) zentroan. Graduondoko ikasketak egin zituen zenbait gai juridikori buruz bai unibertsitate horretan bai Bartzelonako Ikasketa Judizialen Eskolan.
Hogeita hamar urtetik gorako esperientziarekin bere herrialdeko epaileen kidegoan, Thelma Aldana magistratua izan da Justizia Gorte Gorenean (2009-2014), eta haren presidentzian jardun zuen 2011 eta 2012. urteen artean. Auzitegi goren horretatik sustatu zuen feminizidio delituetan eta emakumeen aurkako bestelako indarkerietan espezializatua zen jurisdikzio baten sorrera, eta sexu-indarkerian eta pertsonen esplotazio eta salerosketan espezializatua zen justizia baten sorrera.
2014. urteko maiatzean Errepublikaren fiskal nagusi eta Guatemalako Ministerio Publikoaren buru izendatu zuten Aldana, eta horrek aukera eman dio abian jartzeko instituzio horren Plan Estrategiko bat (2015-2019), zeinak, beste jarduera batzuen artean, herrialde indigenen, adingabeen eta emakumeen babesa sustatzen baitu. Halaber, sustatu du 1960 eta 1996. urteen artean gertatutako Gerra Zibileko (edo Barne Gatazka Armatuko, Guatemalan deitzen zaion bezala) erahilketa eta desagertze kasuen ikerketa, eta bere kudeaketaren ardatza izan da desegitea Estatuaren hiru botereetako funtzionario publikoei lotutako ustelkeria sareak, Otto Pérez Molina presidente ohiarena barne.
Justizia sistemari egin dizkion ekarpenak balioetsi dituzte Guatemalako eta nazioarteko zenbait entitatek. Jaso dituen 65 aitorpenetatik, aipatzekoak dira OEA Organización de Estados Americanos (Amerikar Estatuen Erakundearena) eta NBErena, Guatemalan biztanle ahulenen justiziara sarbidea sendotzeagatik eta Eragile Judizialen Zerbitzu Nazionala ezartzeagatik; Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko Etxeko Indarkeriaren eta Genero Indarkeriaren aurkako Behatokiarena, genero indarkeria errotik kentzeko egin duen lanagatik; eta bere herrialdeko zenbait erakunde indigenena, herrialde horien justiziara sarbidea sustatzeagatik.
Thelma Aldanaren hautagaitza proposatu du Etxeko Indarkeriatik Bizirik Atera direnen Guatemalako Fundazio Sareak, erasotzaileen kondena eta biktimen errekuperazioa lortzeko xedez arreta juridiko eta psikosozialean espezializatutako zentroak.
Fundazioa eta Jaime Brunet Saria
Fundación Jaime Brunet kultura fundazio pribatua da, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Hainbat jardueraren artean, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du, saritzeko zientzia-lan bat, literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat, edo giza baliabideen sustapenean nabarmendu den gizabanako edo erakunde baten ibilbidea. Guztira, Fundazioak 1998. urtetik hamasei Jaime Brunet Nazioarteko Sari eman ditu, azkena 2014an Gervasio Sánchez argazkilari eta kazetariari.
Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, Gipuzkoa, 1992), XVIII. mendean Gipuzkoara etorri zen ekintzaile kataluniarren familia batean jaio zen. Gipuzkoan industria jarduera garrantzitsua egin zuten. Bizi zuen aldiarekin kritikoa zen jarrera liberal eta kritikoarekin hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, Alderdi Errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izandakoak baitziren lehenago. Valladolideko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen.
Irakurtzeko zaletasunaz gainera, hizkuntzak ikasteko grina ere bazeukan, eta hizkuntzei esker aise moldatu zen makina bat bidaiatan. Orduko zailtasunak gorabehera, hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Bidaia horietan, aitortzen zuenez, ohartu zen eta ulertu zuen zenbat diskriminazio eta bortizkeria, zenbat gehiegikeri jasanarazten dieten boteretsuek ahulei oraindik ere gure mendean, eta nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.
Bere bizitzako azken urteetan, giza eskubideen egoerarekiko sentsibilitatea eta herritarraren askatasunaren defentsa izan zituen etengabeko kezka. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.